Abenduko bigarren igandea
Lehen irakurgaia
( Jerusaleme berriari buruz goaz )
Baruk profetaren liburutik 5, 1-9
1 Jerusaleme, ken dolu eta atsegabe-soinekoa ; jauntz Jainkoak betiko ematen dautzun aintzaren soineko ederra.
2 Bil zure gorputza Jainkoak ematen dautzun zuzentasunaren soingainekoan, eta ezar buruan Betikoaren aintzaren korona.
3 Agertuko diote Jainkoak zure distira zerupeko guzieri,
4 eta izen hau emanen dautzu behin betiko :
“ Bakea zuzentasunean, Ospea jainkozaletasunean”.
5 Jeiki zaite, Jerusaleme, igan gainetarat, eta beha sortalderat: ikus zure haurrak
sortaldetik sartalderaino Jainko Sainduaren hitzak bilduak
eta bozkariotan, Jainkoa heietaz oroitu baita.
6 Oinez atera ziren, etsaiek eremanik, bainan Jainkoak ospe handitan ekartzen dauzkitzu, errege-alkian bezala.
7 Jainkoak manatu du
Mendi gora guziak eta betidaniko mendixkak apaldurik, errekak betetzea, lurra berdintzeko, Izraelek segurean bide egin dezan, Jainkoaren aintza gidari.
8 Jainkoak manaturik, oihanek eta usain oneko zuhaitzek Izraeli itzala emanen diote.
9 Bozkariotan eremanen baitu Jainkoak Izrael, bere aintzaren argitan zaintzale ematen diola bere urrikalmendua eta zuzentasuna.
Baruk hau J.K. aitzineko bigarren mendeko profeta bat zen, beste profeta baten izena hartu zuena. Lehen Baruk hura (seigarren mendekoa) Izai profetaren idazkaria zen. Bigarren Baruk hunek Izairen testo anitz emaiten dauku guti edo aski aldaturik eta denak seigarren mendekoak. Zenbaitek geroko Jerusalemek ukanen duen ospea aipu dute.Beste batzuek desterratuen etxeratzea mezutzen dute.
Herrirat itzultzeari buruz : « Mintzo bat oihuka: « Presta zazue basamortuan bidea Jaunari, berdin zazue errepidea eremuan gure Jainkoari.Bete daitezela haranak, apal mendi eta mendixkak, tontorrak zelai bilaka daitezela eta maldarrak ordoki. Orduan Jaunak bere ospea agertuko du eta jende guziek batean ikusiko dute. » (Is 40,3-4) Mendi guziak bide eginen ditut eta errebideak leunduko. » (Is 49,11) Eta Barukek oihartzun: « Jainkoak manatu du mendi gora guziak eta betidaniko mendixkak apaldurik, errekak betetzea, lurra berdintzea, Izraelek segurean bide egin dezan, Jainkoaren aintza gidari »
Jerusalemeren geroko ospeaz, Izaik dio: « Iratzar zaite, Sion, iratzar, jantzi zaite indarrez! Jantzi soinekorik ederrenak, Jerusalem, hiri saindu horrek! » Bere denborakoentzat Barukek berriz: « Jerusaleme, ken dolu eta atsegabe-soinekoa; jauntz Jainkoak betiko ematen dautzun aintzaren soineko ederra... Agertuko diote Jainkoak zure distira zerupeko guzieri... » Harrigarria da lerro hau : « Jauntz Jainkoak betiko ematen dautzun aintzaren soineko ederra. » Jainkoaren distiraren hedatzaile bilakatu behar dugu.
Bainan Baruken liburua Izairena baino berantagokoa bada, zertako errepika agintza horiek ? Babiloniako erbestaldia bururatua da; Baruk ez da beraz seigarren mendeko erbesteratuez mintzo. Aspaldiko profet baten (6.mendekoaren) hitzak nori zuzenduak dira? Baruk (2.mendekoa ) munduan zabalduak diren Judueri mintzo da, Grekoen eta Erromanoen erdian diren Judu taldeeri, Jerusalemetik urrun bizi direneri. Izaik bezala, Barukek bere mezua mundu etsitu eta ilun batean oihukatzen du : hau dugu fedezko eta esperantzazko erakaspen ederra: oraiko gertakari lazgarriek ez dute gure indarra ahuldu behar ; izaitekotz azkartu.