Abenduko hirugarren igandea
Lehen irakurgaia
( Bozkaria, Jauna zure baitan duzu )
Zofoni profetaren liburutik 3, 14-18
14 Bozkarioz egin irrintzi, Ziongo alaba, egin oihu alai, Izrael !
Poztu zaite bihotz bihotzez, Jerusalemeko alaba !
15 Urratu du Jaunak zure kontrako erabakia, haizatu zure etsaia. Izraelgo erregea, Jauna, zure erdian dago. Ez duzu gehiago zorigaitzaren beldurrik izanen.
16 Egun hartan, hau erranen zaio Jerusalemeri:
“ Ez izan beldurrik, Zion! Ez ditela eror zure eskuak !
17 Jauna, zure Jainkoa, zure erdian dago, salbatzaile indartsu.
Pozaren pozez alaitzen da zugatik, bere maitasunez biziberritzen zaitu. Pozez jauzika dabil zugatik,
18 besta egunetan bezala.”
Nor da hola mintzo den profeta hau ? Zofoni J.K. aitzineko 7. mendekoa da, Jerusalemen, Josias erregearen denborakoa. Hitza laburra du bainan fermua. Erregea eta herria bihozberritzera deitzen ditu : "Zuek denek, lurraldeko apal horiek, Jaunaren manamenduak betetzen dituzuen horiek, bila zazue Jauna. Bila zuzentasuna, bila apaltasuna. Eta menturaz geriza aurkituko duzue Jaunaren hasarre egunean." (2,3) Bazuten bihozberritzearen beharra : Josiasen aitzineko bi erregeek, Manasesek (687-642) eta Amonek (642-640), Jainkoaren manamendu guziak zangopilatu zituzten (idolatria, indarkeria, gezur, boteredunen urgulu, behartsuen lehertze). Jainkoa mintzen duen guzia egin zuten.
Eta Zofonik hori du salatzen. Adibidez : " Ni adoratu ondoan Milkom jainkoaren izenean zin egiten dute." (1,5) Edo : "Jerusalemen nagusiak, lehoin orrolari; haren jujeak arratseko otso, goizerako hezurrik ere uzten ez duten otso. Hango profetak, ahobero eta enganatzaile. Jaunarentzat sagaratua kutsatzen eta legea hausten dute apezek." (3,3-7)
Profetek ohi dituzten bi mintza-moldeak erabiliko ditu Zofonik : Mehatxua gaizki-egileen kontra; ele bihotz-altxagarriak leial egoitera entseatzen direnentzat. Lehen mintza-moldea : mehatxu gogorak. Jainkoaren hasarrea beti gaizkiaren kontrakoa da, jendearen zorigaitza egiten duenaren kontrakoa, Jainkoaren helburu bakarra gizadiaren zoriona baita. Bigarren mintza-moldea : ele sustagarriak, bereziki Jerusalemeri (edo Sioneri : gauza bera da) : "Bozkarioz egin irrintzi." Profetak Israel bihozberritzera berotzen du. Orduan herritik sortuko da Jerusalem berria; orduan izanen da zinez, Jainkoa bere baitan duen hiri; ez da gehiago deuseren beldur izanen.
Zenbait mende geroago Jainkoaren mezularia Izraelgo neska gazte bati erraitera etorriko zaio : " Bozkaria zaite, Maria ...Jauna zurekin da. " Eta Jaunaren neskatoari esker Jainkoa gizakien artean ikusiko dugu. Jondoni Joanik idazten ahalko du : "Hitza gizon egin da, eta gure artean bizi izan da." (Jn 1,14)