Abenduko laugarren igandea
Lehen irakurgaia
Mikeas profetaren liburutik 5, 1-4
Hunela mintzo da Jauna :
1 Zu, Betleem Efrata, Judako leinuetan ttipiena,
zureganik sortuko dut Izraelen errege izanen dena.
Aspaldikoa da hunen sortzea, betiereko egunetakoa.
2 Horrengatik, Jaunak utziko du herria, amak haurra ukan arte.
Orduan atzerrian bizirik gelditu haurrideak
Izraelen semeenganat itzuliko dira.
3 Xutituko da eta Jaunaren indarraz alhatuko ditu,
bere Jainkoaren izen handiaz.
Lasai biziko dira herritarrak,
handi agertuko baita hura lurraren azken mugetaraino,
4 eta Bera bakea izanen da.
Ardura, profetek bi mintza-molde erabili dituzte : lehena, Jainkoarekilako Elkargoa ahanzten duteneri jakinaraziz beren zorigaitza egiten dutela; bigarrena, leial egon direnak sustatuz. Egungo testo hunek sostenguak emaiten ditu. Profetak izkiriatzen duelarik: "Jaunak bere gisa utziko du herria", hitz-erdika aipatzen du populuak senditzen duela Jainkoak ahantzia duela, eta mendez mende hitzemanak, haizeak eremanak dituela, errege on baino hobea ez dela oraino sortua, ez dela sekulan sortuko.
Mikeas profeta bizi izan da 8. mendean J.K. aitzin, Judean, bainan denbora hetako erregeek ez zuten delako errege-Mesiasen eiterik. Populuak uste zuen beraz Jainkoak ahantzia zuela. Biblista anitzek aldiz pentsatzen dute pasarte hau biziki berantago erantsia izan dela Mikeas profetaren liburuan. Babiloneko desterruaz geroztik (6. mendea), David erregeak ez du ondokorik, eta populua beti arrotzen menpean dagolakotz, Mesiasez oroitzen da. Profetak jendeeri ihardesten diote : uste duzue bazter utziak zireztela. Ez segur : Jainkoak eginen du hitzemana. Mesias sortuko da: " Jaunak utziko du herria, amak haurra ukan arte. " Bainan " Jinen da eguna, nun, haurra ukan behar duena, etorriko baita ... Zu Betleem Efrata, Judako leinuetan ttipiena, zureganik sortuko da Izraelen errege izanen dena. " Bi asmu badira: lehena, populuak badaki Mesias Daviden leinutik jinen dela. Alabainan, Jainkoak igorririk, Samuel profeta Betlemerat joan zen, Jeseren 8 semeren artetik erregearen hautatzera : David izan zen hautatua. Bigarrena : Betleem herri xumea da, Judako leinuetan ttipiena. Ttipitasunean, ahulezian da Jainkoa agertzen. Beti, Jainkoak ttipiak hautatzen ditu gauza handien egiteko. Eta profetak ez du uste gabez ezartzen "Efrata " Betleemen ondoan. " Efratak " erran nahi du “aberatsa”. Hemendik goiti Betleem "Aberatsa " deitua izanen da.
Jesusen garaikideendako Nazaretekoa zen Jesus, eta ez zitaken sinets Mesias Galileatik ateratzen ahal zela. Joaniren Ebanjelioak erraiten dauku jendea dudan zela. Zenbaitek pentsatzen zuten ez zela Galileatik ateratzen ahal, Mikeasek bestela erran baitzuen: " Jesusen hitz horiek entzun zituztelarik, batzuk zioten : “Zinez hau da etortzekoa den profeta” , beste batzuk erraiten zuten : " Galileatik etor ote daiteke Mesias ? Liburu Sainduak ez ote dio Daviden hazitik eta haren herritik, Betleemetik etorriko dela ? " Jendea Jesusengatik zatitu zen."
Mikeas profetak errana zuen beraz Daviden leinutik errege bat sortuko zela, bakea eta justizia hedatuko zituela, eta ez bakarrik Jerusaleme hirian : " Lasai biziko dira herritarrak, handi agertuko baita lurraren azken mugetaraino eta bera bakea izanen da. " Jainkoaren asmu amultsua, betikotz gizon guzientzat da.