Ostegun saindu
Kontzilioak egun saindueri beren bazko izaitea eman diotenetik, ortzegun sainduak bere egiazko nortasuna bereganatu du, gure fedearen erdi-erdian denaren ospatzea : heriotzetik pizterat "pasatzea" (Bazkok hori erran nahi du).
Heriotzea, heriotze libratzailea lehen irakurgaian erakutsia da : Juduek ospatzen zuten librantza bildots baten sakrifikatzean zen. Bildots hura kristoren aitziniduria zen, bekatua kentzen duen Jainkoaren bildotsa, bide berez egiazko libertatea emaiten daukuna. Bainan Paulok du agerian ezartzen eukariztiaren eta Kristo kurutzean hiltzearen arteko lokarri hertsia, Jesusen hitzak errepikatzen dituelarik : hau ene gorputza da, zuentzat eman izan den gorputza. Kopa hau Elkargo Berria da, bainan kurutzean ixuri odolean finkatua. Eta Paulok dio aitzina : ogi hau janen eta kopa huntarik edanen duzuen guziz Jaunaren heriotzea mezutuko duzue. Eta hausnarketa zangoen garbitzearen ezuhiko kondaira batekin bururatzen da, solasaz kanpokoa iduri duena. Bainan ekintza horrek erakusten du nola Jesusek dena eman duen kurutzean hilez.
Eukariztiak, beraz, kristoren heriotzearekin lokarri zuzena du. Egia erran, arrats hartan, historiaren arabera, Jesus ez zen oraino aintzan sartua. Bainan guk, orai, kristo aintzatsuarekin ospatzen dugu. Kristo piztua gure artean da, eta gure baitarat hartzen dugu, aintzarat altxatu duen Izpiritua baitan. Gure librantza aintzatsuaren apairua dugu hartzen.
Gure librantza ! Bai hori dugu ospatzen gaur arratsadanik, bihar eta Bazko gauean eginen dugun bezala. Horra hor zergatik bihurtzen ditugun eskerrak : heriotzean bururatzen den bizi baten itxuragabekeriatik libratzen zaitu krixtok. Kristoren pizteak zure bizi guziari argi emaiten dio.
Librantza hori Kristok dauzu emaiten. Haatik, onartu behar duzu. Kristo utzi behar duzu zure libratzera. Ez da aise gure segurantzak uztea, gure xede pollitak baztertzea Izpirituaren haizeak altxa gaitzan. Atera zaite zeure baitarik Amodioan sartzeko. Horra Bazkoko liturgia.
Gaurko liturgian hor dugu lehenik Bazkoko Bildotsaren kantua : orai Jesus da lehen irakurgaian aipu den bildotsa, bildots hila, janaritzat emana. Gero apezgoa aipu da : gaur dio Jesusek bere Elizari erraiten : hau egizue nere orroigarri. Hamabiak hautatzen ditu eta heieri emaiten zaintzera fededunak, heieri uzten ere Eukariztia. Azkenik, horra Amodioaren xaramela. Ohartzekoa da liturgiak emaiten daukula irakurtzera zangoen ikuztearen kondaira -eta ez azken afariarena- . Mezaren abiapundua kristoren sakrifizioa da, eta helburua ere dohaina, guhauren buruaren ahaztea gure haurrideen zerbitzurako. Bat eta bestea ederki emaiten ditu argitan zangoen ikuzteak.
Egungo irakurgaiak elgarrekin ontsa doatzinak dira : Testamendu Zaharrak emaiten dauku juduek nola ospatzen zuten Bazko ; Paulok berriz nola ospatzen zen Kristoren Bazkoa ; eta Ebanjelioak nola ospatu behar dugun guhauren Bazkoa.
Lehen irakurgaia
( Bazko bildotsa )
Jalgitza liburutik 12,1-8.11-14
1 Egiptoko lurretan,
Jaunak Moisi eta Aaroni erran zioten:
2 “ Hilabete hau izanen duzue hilabete nagusia, urte guziko lehena.
3 Errozue Izraeldarren elkarte osoari:
Hilabete hunen hamarrean,
familia bakotxak har dezala bildots bat,
familia eta etxe bakotxeko bana.
4 Abere osoa jateko familia aski ez bada,
lehen auzoarekin har dezala, zenbat lagun diren ikusiz.
Bildotsa hartuko duzue, bakotxak jan dezakeenaren arabera.
5 Bildotsa hutsik gabea izan bedi,
arra, urtekoa, arkume edo antxume.
6 Hilabetearen hamalaua arte begiratuko duzue,
eta ilunabarrean hilen dute Izraeldar elkarteko guziek .
7 Haren odoletik hartuko duzue eta ezarriko
bildotsa janen duten etxetako ateburu eta habeetan;
8 Gau hortan haragia suan errerik janen dute,
altxagarri gabeko ogiarekin eta belar kiretsekin.
11 Hunela janen duzue: gerrikoa gerrian,
oinetakoak soinean, makila eskuan;
presaka janen duzue, Jaunaren Bazkoa baita.
( Erran nahi baita: Jaunaren iragaitea )
12 Gau hortan, Egipto osoan gaindi iraganen naiz,
eta hilen ditut Egiptoko lurraldean lehen ume guziak,
bai gizakienak, bai abereenak.
Eta nere jujamendua emanen diotet Egiptoko jainkoeri
nik, Jaunak.
13 Odola izanen duzue ezaugarri zaudezten etxetan.
Odola ikustean, aitzina iraganen naiz:
eta ez da izanen zuen kontra herio-zigorrik,
nik Egiptoko lurraldea jotzean.
14 Egun hau orroigarri izanen duzue,
eta besta handi eginen diozue Jaunari.
Besta hunen ospatzea betiko lege izanen duzue, gizaldiz gizaldi.
Irakurgai huntan ikusten da Juduek nola egiten zuten bazko apairua, noiz sortu zen eta zer erran nahi zuen.
Egiptotik ateratzea bildots baten odolari esker egin zen. Juduek beren ateak odoleztatu zituzten eta aingeru suntsitzaileak bizirik utzi zituen. Apairu errituala gertakari horren orroigarria izanen da. Apairu hori familian egiten zen. Prisaka jan behar zen, uhala gerrian, oinetakoak soinean, makila eskuan, abiatzeko prest. Apairu hori esker onezkoa zen, librantzaren gatik. Jesusek egitura hori bera atxikiko du, bainan erran-nahia aldatuz. Judu apairu hori meza bilakatu da, librantza handiago eta barnago baten orroigarria, Jesusen odolaz ardietsia, hura baita egiazko Bazko Bildotsa. Familia berria, Izraeldar batzar berria, gure anaidia da, Eliza. Biltzen da eskerren bihurtzeko, bideko janariaren hartzeko, Jainkoari buruz uhala gerrian joaiteko, ospean noiz etorriko den beha dagola. Hemen ikusten da nola elgarri lotuak diren Testamendu Zahar eta Berria, lehenaren ospatzeak bigarrenari bidea zabaltzen diola. Lehen bi irakurgai hauek bat bestearen ondotik irakurtu behar dira, edo berdin Ebanjelioko azken apairuaren kondaira batekin, hala nola Matiu 26, 26, besteak beste. Kopa altxatzen da gure arbasoen alde eta gure alde mirariak egin dituenaren eskertzeko, laudatzeko, goresteko, goraipatzeko, ospatzeko. Esklabo ginelarik, libratu gaitu ; dolutik bestarat, ilunpetik argirat ereman gaitu. Kantu berri egin dezogun. Ebanjelioek garbiki erakusten daukute judu Bazkoko esker onak. Orai Jesusi buruzkoak direla, hunek librantza osoa ekarri baitauku « Elkargo berri eta betikoaren odolaz ».