Bazko gaua (2)

Epixtola

( Bataioak emaiten dauku hil eta piztua den Kristoren bizia )

Jondoni Paulok Erromanoeri 6,3-11

Haurrideak,
3 Jesu Kristo baitan bataiatuak giren guziak,
haren heriotzean gira bataiatuak izan.
4 Bataioaren bidez Harekin heriotzean hilobiratuak izan gira,
Aitaren aintzari esker Kristo hilen artetik piztu den bezala,
guk ere bizi berria bizi dezagun.
5 Harena bezalako heriotzean harekin bat egin bagira,
harekin bat eginen gira harena bezalako piztean ere.
6 Badakigu , lehen ginen gizaki hura
Kristorekin gurutzean ezarria izan dela,
bekatuzko gizaki hura suntsitua izan zadin
eta bekatuaren esklabo izan ez gintezen gehiago.
7 Alabainan, hila dena, bekatutik libratua da.
8 Kristorekin hil bagira,
sinesten dugu harekin biziko ere girela.
9 Badakigu: Kristo hilen artetik piztuz geroz, ez da berriz hilen;
herioak ez du gehiago eskurik haren gainean.
10 Hil da, eta bekatuari zaio hil behin betiko.
Bizi da, eta Jainkoarentzat da bizi.
11 Berdin zuek ere: har gogoan bekatuarentzat hilak zireztela,
bainan Jainkoarentzat bizi Jesu Kristoren baitan.

Erromanoeri epixtolaren mamia hau da : nor nahi izan gaiten, Jainkoak bere graziaz salbatzen gaitu: salbamendu hori fedean onartzea aski zauku. Salbamendua kitorik ukaite horren kontrakoak izan dira eta badira orain ere, erraiten dutenak: salbamendua kitorik dugula errepikatzean bekatu egitera sustatzen duzue. Bainan Paulok ez du holakorik: ez du bekatua deuseztatzen Jainkoaren graziaren aitzakiaz; bataioaz geroz, kreatura berriak gira eta bekatuak ez du hartzerik : « Norbait Kristorena bada kreatura berri da. » (2 Ko 5,17)
Pauloren erantzuna ez da moralan oinarritzen, bainan salbamenduaren misterioan. Paulok bataioa hain du barnatzen nun ez zaukun errex haren segitzea. Kreatura berria aipatzen duelarik, bere buruaz mintzo da: Damaseko bidean gertatu zitzaionaren ondotik egiaz gizon berri zen. Bere lehengo biziari, lehengo ikus molde, egitate, sinesteeri hila zen : « Jesu Kristo baitan bataiatuak giren guziak, haren heriotzean gira bataiatuak izan...Harekin hilobiratuak izan gira… hil da, eta bekatuari zaio hil behin betiko… har gogoan bekatuarentzat hilak zireztela. »
Bataioa, Paulorentzat, bekatuaren hiltzea da : « Jakin behar duzue, gure arbasoak denak egon zirela hodeiaren gerizan eta denek iragan zutela Itsas Gorria. Denak bataiatuak izan ziren hodeian eta itsasoan, Moisekin bat eginez. » (1 Ko 10,1-2) Izrael Herriaren gertakari sortzaileak dira hauek: Jainkoak bere Herria esklabotasunetik libratzen du eta bizi berri batera sortzen, urak zeiharkatuz. Hori du Paulok Izraelen bataioa deitzen. Moisek esklabotasunaren kateak hautsi ditu eta itsasoaren zeiharkatzeak hauste hori du ospatu. Jesusek bertze hauste bat egin du. Gizona Jainkoaren kontra zagon, bere duda, ustekeria, bere bekatuan preso.
Jesus, alta, « apaldu da, hiltzeraino obedituz, gurutzean hiltzeraino » (Flp 2,8); Jainkoari doakion konfiantxak (obeditzeak), bere Aitarekin daukan gozotasunak, gizadiaren bekatuaren loturak hausten ditu : « Hil da, eta bekatuari zaio hil behin betiko; bizi da, eta Jainkoarentzat da bizi. » Jesusen ondotik direneri erraiten diote: « Berdin zuek ere: har gogoan bekatuarentzat hilak zireztela, bainan Jainkoarentzat bizi Jesu Kristo baitan. » Erranen du ere bataiatua dena « kreatura berri » dela : « Beraz, norbait Kristorena bada kreatura berri da; zaharrarenak egin du, berria sortu da. Hau guzia Jainkoarenganik dator, Kristoren bitartez berekin baketu gaitu » (2 Ko 5,17-18) Aldakuntza hori egina da eta ber denboran egitekoa: gure bizia bataioarekin berritua da; gure egun guzietako egintzak berritzea guri da.
Girixtino bizia ez da beraz errextasun bizia : «Berdin zuek ere: har gogoan bekatuarentzat hilak zireztela, bainan Jainkoarentzat bizi Jesu Kristo baitan ». Salbamenduan sartzea, errex da: sinestea aski, bainan horrek berea dakar : bide berri bat hartu behar baitugu, Kristoren Izpirituaren araberakoa.
Efesako jendeeri idatzi epixtolak errepikatzen du: « Zuen lehengo bizi moldeari uko egin eta jite zaharra, gutizia tzar lilluragarriz usteldua, erantzi behar duzue; eta bestetik, zuen gogo-bihotzak berritu eta jite berria, Jainkoaren irudirat kreatua jantzi behar duzue, Jesusen egiaren arabera zuzen eta sainduki bizitzeko. » (Ef 4, 22-24) Osoki berritzeko, sekretu bat bada: Kristoren gurutzeari so egon, obeditzearen etsenpluak baitu indarkeriaren gatea hausten: « Nerekin bat egon zaitezte ni zuekin bezala! Adarrak, mahatsondoarekin bat egoiten ez bada, fruiturik eman ez dezakeen bezala, zuek ere berdin, nerekin bat egoiten ez bazirezte. » (Jn 15,4)

 

Salmoa 117

Leloa : Alleluia, alleluia, alleluia.

Jaunari kanta, ona baita:
Amodioa betiko baitu betikoa.
Jainkozaleek, gora kanta:
Amodioa betikoa du betikoa;

Jainko eskua, esku gaitza:
Jainko eskuak, esku azkarrak, zer laguntza!
Joan zait hiltzeko oren beltza:
Biziko naiz bai, Jaunak eginez nadin mintza.

Egilek utzi harri hori
Bilakatu da denak datxizkan ezkin-harri.
Jainko Jaunak du hau egina,
Gure begien, gure bihotzen miragarri.

Salmo hau ez da lehenik Jesusentzat idatzia izan. Salmo guziak Jesu Kristo baino zenbait mende lehenagokoak dira. Bereziki tenpluan kantatzen ziren. Salmo guziek bezala Izraelen historia kondatzen du, Elkargoaren historia. Esperientziak erranarazten dio Izraeli : Bai, Jainkoaren amodioa betikoa da. Izraelek, bere ibilaldian, Jainkoa beti bere ondoan zuen, bere nekeetan laguntzeko.
Egiptotik libraturik Izraeldarrek Itsaso Gorria pasatu zutelarik, esker onezko kantu bat egin zuten : « Ene indarra eta kantua, Jauna da ; ene salbamendua da. » Gaurko salmo hau kantu haren oihartzuna da. « Jaunak egina » edo « miragarriak », Biblian, beti, Egiptotik ateratzearen ezaugarriak dira, edo oroigarriak. Halaber “Jainko eskua esku gaitza, Jainko eskuak esku azkarrak.” Ez zen behin betiko librantza izan, Jainkoa beti libratzen ari da. Horra zergatik kanta daiteken :"Jainkozaleek, gora kanta : amodioa betikoa du, betikoa." Badakigu orai Jainkoaren “beldurra”, Biblian, Jainkoaren alderako “amodioa” dela.
Eta hori da esperantzaren oinarria : Jainkoak Mesias igorriko du eta ikusiko dugu, azkenean, hitzeman zoriona. Izraelek, eta harekin gizadi guziak, bakea eta justizia jastatuko dute. Urrun ziren bat ala bestea, salmo hau egin zelarik...eta gaur egun oraino. Bainan Jainkoak heriotzetik bizia ateratzen du.
“Egileek utzi harri hori, bilakatu da denak datxizkion izkin-harri”. Salmo hau idatzi zelarik Jerusalemen gezurra, ustelkeria, injustizia, Jainkoaren mespretxua ziren nausi. Profetak oihu egin zuen holako gizartea errekara zoala. Zimenduen finkatzeko harririk tzarrenak hautatzen zituzten harginak zirela zioten jende heiek. Hargin horiek baztertu harria hautatu du Jainkoak izkin-harritzat. Basa-hargin horiek gaizki eraikia, Jainkoak berak berriz eraikiko du; zuzentasuna eta justizia oinarri. Gizarte berria izanen da, Jainkoak ttipiekin, umilekin, mespretxatuekin, altxatuko duena.
Salmo huntako pasarte hau : “Egileek utzi harri hori, bilakatu da denak datxizkion izkin-harri…” Jesusek beretzat hartu du : “Harri utzia” Jesus bera da. Fededunen gizarte berria izkin-harri horren gainean eraikia da. Ez da indarrik eraikin hori lurrerat aurtikiko duenik.

 

Ebanjelioa ( C urtean)

(Ez bila bizi dena hilen artean)

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik

1 Astearen lehen egunean, goizean goizik,
hilobirat joan ziren emazteak,
prestatuak zituzten gantzugailuak berekin zituztela.
2 Harria hilobitik baztertua aurkitu zuten.
3 Sartu ziren,
bainan ez zuten Jesus Jaunaren gorputza han aurkitu.
4 Zer pentsa ez zakitela,
bi gizon agertu zitzaizkioten, soinekoak dirdiran.
5 Emazteak ikaraturik zauden, begiak lurrerat so.
Gizon heiek erran zioten:
“ Zer zabiltzate hilen artean bizi denaren bila?
6 Ez dago hemen, piztu da.
Orroit zaitezte zer erran dautzuen
Galilean zagolarik oraino:
7 Gizonaren Semea bekatarien eskuetarat eman beharra zela,
gurutzefikatu, eta hirugarren egunean piztu behar zuela.”
8 Orduan , haren hitzez orroitu ziren.
9 Eta hilobitik itzulirik,
horien guzien berri eman zioten Hamekeri eta beste guzieri.
10 Emazte hauk ziren Maria Madalena,
Joana, eta Maria, Jakoberen ama.
Heiekin ziren beste emazteek ere
gauza bera erraiten zioten apostolueri.
11 Bainan ele horiek xorokeriak iduritu zitzaizkioten,
eta ez zituzten sinesten.
12 Halere Petri lasterka joan zen hilobirat;
ukurturik, hil-mihisea bakarrik ikusi zuen;
eta etxerat itzuli zen gertatuaz harriturik.

Ororen buru, Jesusen pizteaz eta itsas Gorriaren zeharkatzeaz deus guti dakigu. Bat ala bestea ezin ukatuak dira : miliunka jenden fedea hazi dute. Bainan testoak, bi kasuetan, kontrajarriak dira pundu batean edo bestean. Egiptotik ateratzearen tradizione bat baino gehiago bada, eta Jesusen pizteari buruz lau Ebanjelioak ez dira osoki akort.
Akort diren pasarte horien azpimarratzea jakingarri da :
Matiu, Mark eta Lukek diote emazteek ikusi zutela Jesus non ehortzia izan zen. Eta emazteak dira, hain xuxen, hilobi hutsaren lekuko, asteko “ lehen egunean”, sabatoa bururatu ondoan. Asteko lehen egun horrentzat, igandearentzat, errespetu handia zuten lehen girixtinoek. Igande girixtinoa hor sortu da : aro berriaren lehen eguna da, kreazione berriaren lehen eguna.
Hilobia idekia da, harria birikatua. Ezekielen profezia bete da, harek pentsatu baino askoz barnakiago : “Zuen hilobiak idekiko ditut, hilobietarik aterako zaituztet, oi ene herri.” (Ez 37,12)
Hiru kondairak akort dira oraino aitorpen garrantzitsuenaren finkatzeko : “Piztu da”.
Hiru Ebanjelio horien arabera, hilobia hutsik ikustearen ondorioa, Berrionaren zabaltzea da, misionea. Emazteak joan dira berehala berriaren hedatzera.