Bazkoko bosgarren igandea
Lehen irakurgaia
( Misionest ibilaldia )
Apostoluen Egintzetarik 14, 21b-27
21 Paulo eta Barnabe Ikoniorat eta Pizidiako Antiokiarat itzuli ziren.
22 Dizipuluen bihotzak azkartzen zituzten, eta fedean irautera sustatzen, erranez : “Herstura ainitzetarik pasatu behar dugu Jainkoaren Erreinuan sartzeko.”
23 Eliza bakotxean Zaharrak izendatu zituzten,
eta, otoitz eta barur egin ondoan, Jaunaren eskuetan utzi zituzten, haren baitan sinetsi baitzuten.
24 Gero, Pizidian barna, Panfiliarat heldu ziren.
25 Pergen Hitza predikatu ondoan, Ataliarat jautsi ziren.
26 Han untzia hartu zuten Ziriako Antiokiarat joaiteko,
handik abiatuak baitziren;
hiri hortan Jainkoaren graziari gomendatuak izanak ziren,
bururatu berri zuten lanaren egiteko.
27 Harat heldu ondoan, Eliza bildu zuten,
eta Jainkoak heien bidez egin guzia kondatu zioten,
bai eta paganoeri federako atea nola ideki zioten ere.
Apostoluen Egintzen irakurtzea gustatzen zauku, ibilaldiak kondatzen dituztelakotz ; egia erran, Jondoni Paulo beti han edo hemen dabila. Irakurgai huntan badoa Barnaberekin Antiokiarat. Han egon dira urtea konbertituek egin girixtino erkidego (komunitate) baten finkatzeko. Lukek kondatzen dauku : « Egun batez otoitzean ari zirelarik Jainko Jaunari eta barur egin ondoan, Izpiritu Sainduak erran zioten:begira bada Barnabe eta Saul nik galdegin lanaren egiteko. » Antiokiatik joan direa Seleuziko porturat, gero untzia harturik Xipreko islarat. Predikatu ondoan Salaminen eta Pafos hiri nausian, berriz untziz joaiten dira Pafosetik Turkiarat.
Denetan gauzak iragaiten dira gisa berean. Paulo eta Barnabe mintzatzen dira lehenik judueri. Konbertitzen direnek errezebitzen dituzte biak kartsuki; kontra egilek, uko eginez, haizatzen dituzte bortizki kanporat. Listres hirian, Paulok sendatu du eri bat eta jendek bi gizonak Hermes eta Zeus Grekoen jainko batzuenzat hartzen dituzte. Nekez sinetsarazirik ez dutela sakrifiziorik nahi, Judu etsaiek, ateraturik Antiokiatik eta Iconionetik, Paulo harrikatzen dute eta hiltzat uzten. Ezagutza jin zitzaionean, joan zen lotsatu gabe Barnaberekin, Derben predikatzerat.
Gero, heldu dira gibelerat bide beretik jakiteko girixtino erkidego berriki finkatuak zertan diren. Zeren badituzte nekeak jazarkunden gatik. Lukek erraiten dauku : « Paulok eta Barnabek galdegiten zioten atxikitzeko fedea, erranez : herstura ainitzetarik pasatu behar dugu Jainkoaren erresuman sartzeko.» Jesusek jadanik erabiliak zituen kasik hitz berak, hala nola : « Gizonaren semeak behar du ainitz pairatu, jenerazione hunek ez baitu onartuko ». Bertzalde, Lukek segitzen du : « Ez zuena Kristok pairatu behar ospean sartzeko ? » Bixtan da, Jainkoak ez gaitu bortxatzen zorigaitzen edo sofrikarioen pairatzera, bainan gomendatzen dauku amodioa, justizia hedatzea, elgar laguntzea. Azkartu behar da konbertitu berrien kuraia eta fedea. Begia argi atxiki behar dute jakiteko erkidego berriak ongi antolatzen direnez. Lehen lehenik Paulok eta Barnabek izendatu zituzten berme izanen zirenak : « Zaharrak ».
Gero, testoak erraiten dauku : « Izendatu zituzten Zaharrak, otoitz eta barur egin ondoan, gomendatu zituzten Jainko Jaunari haren baitan sinetsi zuten horieri. » Luk tematzen da otoitz eta baruraren gainean, erranez, horiek biak atxiki behar direla baitezpada. Hego Ameriketako apezpiku batek erran zuen 1981an, Lurden : « Jainkoaren hitza hedatzen duen gizonak ez badu otoitz egiten ez du berri ona hedatzen ahalko. " Hitz baliosak. Lukek erraiten dauku, horiek guziak iragaiten zirela konfiantzarekin : « Gizon horiek Jainkoaren eskutan utzi zituzten. » Handik harat beren gain ziren Jainkoaren laguntzarekin. Apostoluek bazakiten jadanik Jainkoaren laguntzarekin ari zirela lanean. Irakur ditzagun hitz hauk : « Untzian joan ziren Antiokiaraino, handik hasiak baitziren eta han Jainko Jaunaren eskutan emanak izan baitziren lanaren egiteko.» Lukek segitzen du erranez : « Heldu ondoan, Antiokiako erkideko girixtinoeri kondatu zioten Jainkoak nola lagundu zituen. » Beti hitz beretan dago Luk apostoluetaz mintzatzen delarik.
Garbiki errana izan da beti, gizonak egiten duen lana Jainkoarena dela. Behar dugu gogoan atxiki berri ona hedatzen dugula Jainkoaren laguntzarekin. Orroit gaiten beti, haren eskuetan jarri behar dugula, hori gogan, laxokiago gintazke.