Bazkoko hirugarren igandea
Lehen irakurgaia
( Apostoluen kontrako pertsekuzioa )
Apostoluen Egintzetarik
5, 27b-32 ; 40b-41
Apostoluak Biltzar nagusiaren aitzinerat ereman zituzten,
27 eta apez nagusiak erran zioten :
28 “ Zorrozki debekatu ginautzuen gizon horren izena irakastea, eta horra Jerusaleme osoa zuen irakaspenaz bete duzuela. Gizon horren heriotzea gure gain ezarri nahi ote duzue ?
29 Petrik eta beste Apostoluek ihardetsi zioten :
“ Jainkoaren errana egin behar da lehenik, ez gizakiena.
30 Gure arbasoen Jainkoak piztu du Jesus,
zuek zur batetik dilindan hil duzuena.
31 Hura du Jainkoak bere indarraz goratu, Buruzagi eta Salbatzaile eginez, Izraeli bihozberritzea eta bekatuen barkamendua emaiteko.
32 Gu, horien guzien lekuko gira, gu eta Izpiritu Saindua,
Jainkoak hari obeditzen dioteneri eman duena.”
40 Apostoluak azotatu ondoan, Jesusez mintzatzea debekatu zioten; eta libratu zituzten.
41 Apostoluak Biltzar nagusitik bozkariotan atera ziren,
Jesusen izenagatik laidoak jasaiteko gai aurkituak izan zirelakotz.
Jesusez mintzatu direlakotz apostoluak azotatuak izan dira. Auzitegitik libre ateratu dira : «Bozkariotan atera ziren, Jesusen izenagatik laidoak jasaiteko gai aurkituak izan zirelakotz. » Saristatuak izan balire bezala. « Dohatsu zuek, jendeek hastiatzen, baztertzen, laidostatzen eta belzten zaituztetenean Gizonaren Semeagatik. Bozkarioz jauzi egizue orduan, handia baita zuen saria zeruan; alabainan, gauz bera egiten zieten profeteri horien arbasoek. » (Lk 6, 22-23) Eta Jesusen bertze erran huntaz orroit dira: « Ni pertsegitu banaute, zuek ere pertsegituko zaituztete. » (Jn 15,16)
Petri eta Joani Jerusalemgo auzitegirat eremanak direla ez da lehen aldia. Ate-Ederreko maingua sendatu zutelarik, zernahi entzun baitzen orduan hirian, atxilotuak, galdekatuak, mintzatzera debekatuak izan ziren; eta denen buru libratuak. Atera ordu, predikatzen eta mirakulu egiten hasi ziren berehala. Berriz arrastatuak izan ziren eta Jainkoaren aingeru batek libratuak. Mirakuluzko librantza horrek indar gaitza eman zioten. Eta berriz predikatzen hasi ziren. Hemen da egungo irakurgaia.
Berriz ere arrastatuak dira. Apez Nagusiaren galdearen ondotik huna Petriren erantzun ederra: « Jainkoaren errana egin behar da lehenik, ez gizakiena. » Eta Petrik bere predikuen bilduma bat presentatzen diote: bi logika badira, Jainkoarena eta gizakiena; gizakienak dio: gaixtakina ken eta haren heriotzearen ondotik ez aipa gehiago! Jesus, apezen arabera, gezurti bat zen, ezeztatua izan da. Eginbidea zen, jendeak sobera aise sinesten du edozoin mesias. Kondenatua, hila, gurutzizatua, madarikatua : Jainkoak berak madarikatua.
Bainan, Jainkoaren logika bertzelakoa da : bai, hil duzue, zur batetik dilindan... Bainan, Jainkoak ez du madarikatu, goraltxatu du, Buruzagi, Salbatzaile egin : « Hura du Jainkoak bere indarraz goratu, Buruzagi eta Salbatzaile egin, Izraeli bihozberritzea eta bekatuen barkamendua emaiteko. » Ele ezin onetsiak Juduentzat : bekatuen barkamendua Izraeli emana bada, agintzak bete direlako berria da.
Petrik dio : « Gu horien guzien lekuko gira, gu eta Izpiritu Saindua, Jainkoak hari obeditzen dioteneri eman duena ... Hori entzutearekin, beren onetik atera ziren (buruzagiak), eta apostoluak hil nahi zituzten. Bainan bazen Biltzar Nagusian Gamaliel deitu farisau bat, herri osoan itzal handia zuen lege-irakaslea. » Gamalielek Petri eta Joani atera ziten manatu zuen eta jujeri mintzatu zitzaioten : « Horien asmoa eta egintza jendeenganik badira, suntsituko dira; Jainkoarenganik badira, berriz, ez dituzue suntsitzen ahalko. Ez zaiteztela Jainkoarekin borrokan has. » (Eg 5,38-39)
Gamaliel mintzo balitz egun, Eliza Jainkoaren egintza dela erran lezake; bi mila urte hauetan traba guzieri nagusitu da, bai gure ahultasuneri, bai gure eskaseri.