Bazkoko laugarren igandea

Lehen irakurgaia

( Ebanjelioa paganoeri iragarria edo predikatua )

Apostoluen Egintzetarik 13, 14. 43-52

14 Paulo eta Barnabe Pisidiako Antiokiarat etorriak ziren.
Larunbatkari zinagogan sartu ziren.
43 Batzarra barreiatu zelarik, Judu eta Juduberri jainkozale ainitz
Paulo eta Barnaberi jarraiki zitzaizkien.
Hauek, heiekin mintzatuz,
Jainkoaren graziari atxikiak egoiteko sustatzen zituzten.
44 Ondoko larunbatean, kasik hiri osoa bildu zen
Jaunaren hitza entzuteko.
45 Hainbeste jende ikustearekin, Juduak bekaizkeriaz bete ziren;
eta laidoz ihardesten zioten Paulok erraiten zuenari.
46 Orduan, Paulo eta Barnabe ausartziarekin mintzatu ziren:
“ Zueri adiarazi behar zitzaitzuen lehenik Jainkoaren hitza.
Bainan arbuiatu duzuenaz geroz,
eta zuen burua betiko bizirako ez baituzue gai ikusten,
paganoenganat joanen gira.
47 Hola manatu baitauku Jaunak:
Nazioneen argitzat ezarri zaitut,
salbamendua lurraren mugetaraino ereman dezazun.”
48 Hori entzutean, bozkariotan ziren paganoak,
eta Jaunaren hitza goresten zuten;
betiko bizirako zirenek sinetsi zuten.
49 Horrela, Jaunaren hitza zabaltzen ari zen eskualde hartan guzian.
50 Bainan Juduek andere handiki jainkozaleak,
eta hiriko jauntxoak berotu zituzten;
Paulo eta Barnaberen kontra pertsekuzione bat pizturik,
beren lurraldetik haizatu zituzten.
51 Paulo eta Barnabe, beren oinetako errautsa heien kontra inarrosirik,
Ikoniorat joan ziren.
52 Dizipuluak, aldiz, bozkarioz eta Izpiritu Sainduaz beterik ziren.

Barnabe hori, nor zen ? Ez zen nornahi. Bere izena Josep zuen, bainan apostoluek Barnabe deitua zuten,erran nahi baita " kurai-emaile " Izen horrekin ez zuen lo egoiterik. Judua, sortzez ziprearra zen eta lebitarra, erran nahi baita tenploaren zerbitzuko zela. Giristinotu eta Jerusalemen sortu anaidiko partaidea zen. Hor lurrak bazituen. Gizon gazte aberatsaren parabola entzuna zukeen : bere alorra saldu eta bildu dirua bere kideen eskuetan utzi baitzuen. Barnabe ez zen gizon hertsi heietarik. Hura izan baitzen lehena Paulori, ordu arte giristinoen kontra oldartu zenari, konfiantzia egin ziona. Huni esker zuten giristinoek Paulo beren artean onartu.
Hemen irakurtzen dugunak kondatzen dauku biek Turkiara egin lehen misionest ibilaldia. Egiaz, gainera, hiru ziren hastean, Mark bat bazuten berekin, hain segur ebanjelio baten idazle bezala ezagutzen dugun hura bera. Siriako Antiokiatik abiatu eta Mediterraneo itsas bazterrean den Seleuzia portura heldu ondoan, itsasontziz Ziprera joan ziren eta han zenbait denbora egon. Gero Pafos portuan untzia hartu zuten Turkiako Pergera joaiteko ( hor zituen Markek utzi ) eta handik Pisidiako Antiokiara jo zuten. Hor ditugu egun aurkitzen.
Paulok zer egin gogo duen ageri da garbi : Sinagogara joan, ahal bezain laster, bere judu anaieri mintzatzera. Nazareteko Jesusez ariko zaiote; harentzat, ez da dudarik, hori duela egin behar. Apostoluentzat ( ez ahantz denak juduak direla ), Kristo ,judu guziek igurikatzen duten Mesias da : Mesias jina da. Apostoluentzat, Liburu Sainduak irakurtzen dituen juduak giristino bilakatu behar du. Beraz Juduetarik hasten da Paulo, eta munduan zehar barreatuak diren sinagogetan ibili gogo du. Pentsatzen du judu guziak giristinotuko direlarik, gero ondotik dela paganoeri ebanjelioa predikatuko. Izraelen bokazionea, hastetik, hauxe baitzen : Nazioneen argi izaitea salbamendua lurraren bazterreraino ereman dezan .
Paulorentzat, lehenik Jainkoak Izrael zuen hautatu bere populutzat, eta gero hunek zuen paganoeri Jainkoaren salbamendua iragarriko. Hortakotz dira, heldu orduko, Paulo eta Barnabe, Pisidiako Antiokian zen sinagogara joaiten. Lehen aldian ontsa hartuak izan ziren, bainan ondoko sabatoan, "hainbeste jende ikustearekin , juduak bekaizkeriaz bete ziren ,eta laidoz ihardokitzen zieten pauloren eleeri..." Orduan apostoluek erabaki zuten paganoenganat joaitea . "...Paganoak bozkariatu ziren eta Jaunaren mezua goraipatzen zuten..."
Joaiten den leku guzietan, Paulo berdin jokatuko da. Lehenik entseatuko da juduen bihozberritzera eta zenbaitek sinetsiko dute, bainan gehienek ez, eta beti sinagogatik haizatua izanen da. Ez du beraz balio entseatzea juduen populu osoa giristino bilakaraztera. Bainan sinetsi duten judu bakar horiekin dira ariko Paulo eta Barnabe. Izrael baita Izaik, liburu Sainduetan, dioen bezala "Nazioneen argia...entzun urrutiko nazioak, sortu aintzin izan ninduen gogoan Jaunak, amaren sabelean nindagola nere izenaz deitu ..." (Is 49,1)

 

 Salmoa  99

Kanta Jaunari, lur guzia,
Egin airoski hak nahia.
Sar hari beha, sar, loria:
Loria eta bozkaria.

Jainko da Jauna: bere gaitu
Harek gaitu bai gu moldatu.
Gu Jaunarena den jendea,
Haren etxeko artaldea.

Ona da ona Jainko Jauna;
Betiereko bihotz ona.
Betikotz eta mendez mende
Jaunaren hitzak hitz badaude.

 

“Kanta Jaunari lur guzia...” Tenploan eman ospakizunentzat egina da salmo hau. Jainkoari eskaini omenaldi batean sartzen da, eskerrak emaiten zaizkion omenaldian. Eskerrak esklabotasunetik atera baititu hebrearrak eta haiekin Jainkoa elkargoan jarri baita. Hor dago haien otoitzaren bihotza. Juduentzat Jainkoa, aldi berean, urrun eta hurbil den norbait da.
Urrun den norbait : Moisek bere izena galdatzen diolarik, "Izanen naizena naiz" dio erraiten. YHWH jaunaren izena lau kontzonantez idazten da. Hau ezin ditaike bertze mintzaira batetara itzul eta ezin ditaike ahoskatu. Errespetuaren errespetuz, hebrearrek ez zuten izen sakratua erraiten. Jainkoa "arras bertzea "da, ez da gizonaren heinekoa, ez meneko.
Hurbil den norbait da ere Jainkoa." Bai , nere populuaren miseria ikusi dut...Haren oihuak entzun...Haren oinazeen berri badakit ..." Sinaiko desertuan ikasi du populu horrek Jainkoaren elkargoa bizitzen, horri esker da populu bilakatu Israel : "Harek gaitu gu moldatu, Jaunaren den jendea ...Juduen "sinesten dut"ean ez da Jainko kreatzailea lehenik aipatzen, bainan bai Jainko libratzailea. Hasiera liburua, nahiz orai bibliaren hastapenean ekarria den, ez da hori izan lehenik idatzi liburua. Egiptotik libratu dituelakotz eta basamortuan bizitzen lagundu, " ona da ona Jainko Jauna ...Betiereko bihotz ona " 136. salmoan errepikatua da ainitz aldiz lelo hau "...Haren maitasuna betikoa baita ! Eskerrak Hari "
"Jaunaren hitzak hitz baitaude..." Jainkoa maitasun eta hitzeko da ...Bainan Israel hautatua izan bada bertzeen artean, bere bokazionea du ere "lur guziari " mezua zabaltzea !
"Kanta Jaunari lur guzia !" Beren esperientziak ditu ekarri juduak Hasierako kreazionea nola iragan zen asmatzera eta Jainkoa "libratzaile" bezala ekartzera haste hastetik .

Bigarren irakurgaia

( Salbatuak direnen betiereko bozkarioa )

Jondoni Joaniren Apokalipzatik 7, 9. 14b-17

9 Nik, Joanik, jendetza handia ikusi nuen, nehork ezin kondatuzkoa,
nazione, arraza, herri eta hizkuntza guzietako jendea,
Tronuaren eta Bildotsaren aitzinean xutik,
soineko xuritan, eta palma-adarrak eskuetan.
14 Zaharretarik batek erran zautan:
“ Horiek herstura handitik heldu dira;
beren soinekoak garbitu dituzte, Bildotsaren odolean xuritu.
15 Horregatik daude Jainkoaren Tronu aitzinean,
gau eta egun hura bere tenpluan zerbitzatzen dutela.
Eta Tronuan jarria dagona heiekin biziko da.
16 Ez dira gehiago gose ez egarri izanen,
ez ditu iguzkiak ez beroak joko,
17 Tronuaren erdian dagon Bildotsa izanen baitute artzain,
ur biziko iturrietarat eremanen baititu.
Eta Jainkoak begietako nigar guziak xukatuko diozkate.”

Testo hau konprenitzeko jakin behar da Joani mintzo dela hor gaizki erabiliak diren giristinoeri. "Herstura haundian" direnek memento hortan ez dezatela gal esperantza "Jainkoak begietako nigar guziak xukatuko baitiozkate eta ez baitira gehiago gose ez egarri izanen ..."
Idatzi hau ez da errexa, juduen eta giristinoen liturgia ,biak nahasten baititu Joanik. Lehenik Izai profetaren erranak (Nigar guziak..) edo Hasiera liburuan Abrahami Jainkoak hitzemanak (Begira zerura eta konda izarrak...horiek bezenbat izanen dira zure ondokoak, Has 15,5) eta horra hor ezin kondatuzko jendetza haundi hori...nazione, arraza, herri eta hizkuntza guzietako jendea. Beraz Jainkoak salbamendua gizarte osoari du eskaintzen. Palma-adarrak, tronua eta tenploa, horiek ere testamentu zaharra adierazten dute. Egiptotik libratzearen oroitzapenetan juduek "oihal etxolen" besta ospatzen zuten eta dute, zortzi egunez , urte oroz, eta palma-adarrak erabiltzen dituzte orduan.
Giristinoen liturgiatik hartu itxurak dira : soineko xuria, bataiatuen soinekoa, Bildotsaren odola, garbitzen duen odola... Joanik erran nahi du hemen oihalezko etxolen sentsua : Jainkoarekilako elkargoa orai errealki, kristori esker, erreberritu da. Jainkoak bere populuaren erdian oihal etxola landatu du eta hor bizi da. Bataio eta eukariztiari esker, testamentu zaharrean hitzemana zena, bete da. Gizarteak piztu denaren bizia partekatzen du.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa
jondoni Joaniren liburutik 10, 27-30


Jesusek Judueri errana zioten: “ Ni naiz Artzain Ona.”
Erran zioten ere :
27 “ Nere ardiek nere mintzoa entzuten dute;
nik ezagutzen ditut , eta jarraikitzen zaizkit.
28 Betiereko bizia emaiten diotet: ez dira sekulan galduko,
nehork ez dauzkit eskutik kenduko.
29 Eman dauzkitan nere Aita, denak baino handiagoa da,
eta nehork ezin du deus kendu Aitaren eskutik;
30 Aita eta ni, BAT gira. ”

Jesusen hitz horiek " dinamitaz " beteak iduri dute. Zenbait lerro urruntxago ikusten da alabainan juduek harrikatu nahi dutela Jesus. Galde bat egin diote : Mesias zirea ? Noiz arte zalantzan , dudan utziko gaituzu ? Erantzuna ez da bai edo ez, bainan bere ardiez mintzo da Jesus. Entzuleek ederki konprenitzen dute. Alabainan salmoetan ez dea errana Izrael dela Haren "gidaritzapean doan artaldea. " (95. Sal) Bazakiten Mesiasek artalde hori ongi erabiliko zuela. Eta Jesusek dio : "Ni naiz artzain ona !" Eta oraino urrunago ere badoa : " Betiereko Bizia emaiten diotet ...nehork ez dauzkit eskutik kenduko .." Nork eman dezake betiereko Bizia ? Jainkotik kanpo ? Eskuaren itxura hori ere (Jainkoren eskuetan izaitea) Testamentu Zaharreko lelo bat da. “Israeldarrak, nere eskuetan zarezte, buztina eltze egilearen eskuetan bezala ..." (Jer18,16) Edo "...Saindu guziak nere eskuetan dira " (Dt 33 , 3) . Eta abar. ..
Gero Aitaren eskuak ditu aipatzen Jesusek. Horrek erran nahi du Jainkoaren pare emaiten duela bere burua. Eta hori Mesias dela erraitea baino aise urrunago doa, Mesiasek gizon bat izan behar zuela baitzaukaten juduek. Bertzalde haukiek egun oroz errepikatzen zuten " Shema Israel, gure Jainko Jauna Bat da, bakarra da ! " " Aita eta ni , bat gira !" Hori ezin onartua zen. Eta konprenitzeko da apezak zaizkola gehienik oldartzen holako hitzen ondotik. Jesus blasfematzen ari da ! Sendi da hor pasionea heldu dela. Kurutzera eremanen duen auzia ez da urrun. Bertze hiru ebanjelioetan ere ikusten da auziaren erroa hori dela, Jesusek bere burua Jainko daukala. Joanik arrazoinekin idatziko du : "Beretarat etorri da ,bainan bereek ez diote ongi etorri egin."
Bainan dena ez da galdua. Zenbaitek sinetsiko dute, eta multxo ttipi horri esker mezua zabaldua izanen da. Gainera, Jesusen hitzetan bada ere garaipen baten oiharzuna : " Nehork ez dauzkit eskutik kenduko ....Nehork ezin du deus kendu Aitaren eskutik..." Funtsean ez zuena berak errana : Ez etsi, mundua garaitu dut !" Holako hitzen beharra ukanen dute dizipuluek, geroan ere .