Bazkoko seigarren igandea
Lehen irakurgaia
( Paganoak Elizan onartuak
Juduen ohidureri jarraiki gabe)
Apostoluen Egintzetarik 15,1-2. 22-29
1 Judeatik jautsi ziren jende batzu Antiokiako haurrideeri
irakaspen hunen emaiten hasi ziren:
“ Moisenganik den ohiduraren arabera ez bazirezte ebakitzen,
ez zaitezkete salba.”
2 Hortarik, gatazka sortu zen,
eta Paulok eta Barnabek eztabada gogorra izan zuten heiekin.
Orduan, Paulo eta Barnabe eta beste batzu
Jerusalemerat iganen zirela erabaki zen,
Apostolu eta Zaharrenganat, auzi horren xuritzera.
22 Han, Apostoluek, Zaharrek, Eliza osoarekin batean, erabaki zuten
beren arteko batzu hautatu,
eta Paulo eta Barnaberekin Antiokiarat igortzea.
Judas, Barsabas deitua, eta Silas hautatu zituzten,
haurrideen artean itzal handiko gizonak biak.
23 Eta gutun hau eman zioten eremaiteko:
“ Apostoluek, eta Zaharrek, zuen anaiek,
Antiokiako, Ziriako eta Ziliziako pagano izan haurrideeri, agur!
24 Jakin dugu, gureetarik zenbaitek, guk manatu gabe,
beren hitzez durduzatu eta nahasi zaituztetela.
25 Horrengatik, aho batez erabaki dugu ordezkari batzu hautatzea
eta zuenganat igortzea Barnabe eta Paulo gure haurride maiteekin,
26 beren bizia Jesu Kristo gure Jaunaren zerbitzuan
eman duten horiekin.
27 Hor igortzen dauzkitzuegu, bada, Judas eta Silas,
gauza bera ahoz jakinaraz diezazueten.
28 Izpiritu Sainduak eta guk erabaki dugu zueri zamarik ez ezartzea,
behar beharrezkoak diren hauk baizik:
29 ez dezazuen jan idoloeri eskaini haragirik,
ez odolik, ez odol-hustu gabeko abererik ere,
eta utz ditzazuen legearen kontrako sexu-harremanak.
Ongi eginen duzue holakoetarik begiratzen bazirezte.
Izan ongi!”
Aipatua dugu jadanik, joanden igandetan Antiokiako girixtino komunitatea. Egun ikusiko dugu hartako membroek badutela eztabada frango elgarren artean. Jesu Kristo ondoko 49an gira. Haste hastetik izan dira girixtinoak Juduen eta paganoen artean. Elgarrekin bizitzea ez da gauza errexa, heien bizi moldeak ez baitira berdinak. Juduak erdainduak dira, paganoak ez. Paganoek egun guzietako bizi moldea ez dute juduek bezalakoa eta ez dute nahi bortxatuak izan diten juduen legeri segitzera. Hala nola, juduek ardura erabiltzen dute ura, nun nahi sar diten behar dute gorputza ikuzi, jatekoaren gainean ere badituzte lege garratzak.
Horiek guziak hola, elgarri galdera hau egiten dute : pagano bat, bataiatua izaiteko, erdaindu behar ote da ? Galdera horrek hiru zati baditu :
Lehena : bizi behar ote dute denek berdintasunean, ohidura berekin, bizi molde berekin ? Jainkoa baitan fedea dugularik zertan ezartzen dugu fede hori? Apostoluen Egintzen araberaz, Ziriako Antiokian da lehen aldikotz aipatua izan “girixtino” hitza, hitz horrek erran nahi baitu “Kristorena”. Beraz, zer erran nahi du “Kristorena” izaitea?
Bigarrena : Jesu-Kristo judua zen eta erdaindua. Horrek erran nahi ote du girixtino izaiteko behar dela hura bezala judu izan ? Orduan hartu zuten erabaki bat Jerusalemen : Jesu Kristoren baitan fedea ukaiteak ez duela baitezpada erran nahi behar dela judu eta erdaindua izan.
Hirugarrena : Enzuten dira Antiokiako hirian hitz hauk : « Ez bazizte erdainduak ez zirezte salbatuak izaiten ahal ». Horrek erran nahi ote du Jainkoak berak ez dituela salbatzen ahal juduak ez direnak, Jesu Kristoren baitan fedea izaitea ez dela aski ? Irakurtzen dugu Jesusek berak erranik : « Fedea duena eta bataiatua dena salbatua izanen da ». Argi eta garbi da Jainkoaren grazia kitorik dela. Nahi duen lekuan ufatzen du Jainkoaren izpirituak.
Badakigu nola bururatu den ixtorioa. Apostoluek hartzen dituzte bi erabaki : girixtino diren juduek ez dituzte bortxatu behar hala ez direnak erdaintzaren errezebizerat eta bertzalde paganoek errespetua erakutsi behar diote juduen usaieri eta bereziki heien apairuetako ohidureri. Beraz galdatua da girixtinoeri elgarren artean ukan dezaten anaitasuna. Bizi manera hortan, frogatuko dute Jesu Kristorenak direla, berak erran baitu : « Elgar maita zazue. Hortarik ezagutuko dute guziek ene dizipuluak zireztela. »