Jesusen zerurat altxatzea
Lehen irakurgaia
(Jesus zerurat altxatzen)
Apostoluen Egintzetarik 1,1-11
1 Teofilo maitea, nere lehen liburuan,
hastetik zerurat altxatua izan zen egunera arte
Jesusek egin eta irakatsi zuen guzia izkiriatu dut.
2 Zerurat igan aitzin, Izpiritu Saindua baitan,
bere manuak eman ziozkaten berak hautatu Apostolueri.
3 Heieri agertu zitzaioten bizirik, Pasione ondoan:
horren froga ainitz eman zioten,
berrogoi egunez bere burua ikustera emanez,
eta Jainkoaren erreinuaz mintzatuz.
4 Heiekin jaten ari zen batean, manatu zioten
ez zitezen Jerusalemetik urrunt,
bainan igurika zezaten Aitak hitzemana.
Erran zioten:
“ Hori da nere ahotik entzun duzuena.
5 Joanesek urez bataiatu zuen,
bainan zuek Izpiritu Sainduan bataiatuak izanen zirezte
egun guti barne.”
6 Harekin bildurik zaudela, Apostoluek galdatu zioten:
“ Jauna, orai altxatuko ote duzu berriz Izraelgo erreinua? ”
7 Jesusek ihardetsi zioten:
“ Ez duzue jakiterik noiz izanen den aldia eta tenorea.
Aitak bakarrik du horren erabakitzeko ahala.
8 Bainan hartuko duzue
zuen gainerat jautsiko den Izpiritu Sainduaren indarra.
Eta nere lekuko izanen zirezte
Jerusalemen, Judea osoan, Zamarian
eta lurraren azken mugetaraino.”
9 Horiek erran eta, heiek so zaudela,
Jesus altxatu zen, eta hedoi batek begietarik itzali zioten.
10 Han baitzauden zeruari so, Jesus bazoalarik,
huna bi gizon soineko xuritan ondoan zituztela, baitzioten:
11 “ Galilearrak, zertan zaudezte hor zerurat beha?
Zuen artetik zerurat altxatua izan den Jesus hori,
zerurat joaiten ikusi duzuen bezala, berriz etorriko da.”
Apostoluen Egintzen hastapena da. San Luken lerroek berek egiten dute lokarri San Luken Ebanjelioarekin, liburu hau ere eskaintzen baitzaio Theofilo delako bati, eta beraz Apostoluen Egintzek eta San Luken Ebanjelioak idazle bera dute. Bat bururatzen delarik, hasten da bestea, erran nahi baita lehenik kondatu daukula Jesusen zerurat altxatzea. Lehen liburuak, hots Ebanjelioak, kondatu du Jesusen misioa eta predikaldia, bigarrenak aldiz Apostoluen misioa eta predikaldia. Horra zergatik hau deitzen den Apostoluen Egintzak.
Jerusalemen hasten eta bururatzen da Ebanjelioa, han baita Juduen eta lehen Testamenduaren (edo Elkargoaren) hiri nagusia. Apostoluen Egintzak aldiz, Jerusalemen hasten dira -zeren lehen Elkargoaren ondotik heldu baita Elkargo Berria- geroago bururatuko dena Erroman, orduan munduko bide guziak gurutzatzen ziren hirian. Dudarik ez da san Luken arabera hedamen hori Izpiritu Sainduaren lana dela; Jesusen beraren Izpiritua da alabaina izan, mendekostez geroz Apostoluen gidaria, horrengatik deitzen baitira batzuetan Egintza horiek Izpiritu Sainduaren Ebanjelioa .
Eta nola Jesusek bere bataioaren ondotik bere misioa prestatu baitzuen berrogoi egunez basamortuan, halaber bere Elizaren prestazen berrogoi egun eman zituen: "Berrogoi egunez agertu zitzaien eta mintzatu Jainkoaren Erreinuaz", eta azken apairu batean bere azken nahiak eman zizkien : Manu bat, Promesa eta Misioa.
Manua aski bitxia da : Igurikatu, ez higitu ezen erran zien “ez zitezen Jerusalemetik atera bainan igurika zezaten Aitak hitzemana.
Aitaren promesak, Jerusalemen berean betetzeak, ez zituen neholaz ere hameka gizonak batere harritu, guziak juduak baitziren; profeten prediku guziek, alabainan, Jainkoaren promesa bete zadin Jerusalemeri emana zioten partehartzerik handiena: oroit, adibidez, Izairen oihua : "Zuti hadi Jerusaleme! Pitz hadi! Etorri duk hire argia eta Jaunaren loria altxatu hire alde! "
San Lukek gero zehazten du zer den promesaren edukia : "Joanesek urean bataiatzen zuen bainan zuek Izpiritu Sainduan bataiatuak izanen zarete, egun guti barne." Apostoluek galdatu zioten :"Jauna, orain altxatuko ote duzu berriz Izraelego Erreinua ?" Ez da harritzeko jendeak galde hori egitea, horrek erakusten baitu ongi konprenitu zuela Jainkoaren Egun Handi hura etorria zela.
Jainkoak, ordea, gizonen beharra badu bere promesaren betetzeko; Jainkoaren salbamendua Jesu Kristori esker etorria da, bainan gizonei gelditzen zaie salbamendu horren onartzeko edo ez egiteko libertatea. Horra zertako gizonek berek behar duten hori jakin; hortik baitator Apostoluen Misioa eta egitekoa.
Izpiritu Saindua emana zaie beraz: "Hartuko duzue zuen gainerat jautsiko den Izpiritu Sainduaren indarra eta nere lekuko izanen zarete." Erran nahi du Izpiritu Sainduaren jaustearen eta Jainkoaren Erreinuaren betetzearen artean badela tarte bat, hau da lekukotasunaren aroa . Eta epe hori luzea da zeren Berri Ona helarazi behar baitzaio gizadia osoari :"...Eta ene lekuko izanen zarete Jerusalemen, Judea osoan, Zamarian eta lurraren azken mugetaraino..." Hori da, hain zuzen, Apostoluen Egintzak deitu liburuaren plana.
Bazko goizean bi gizonek soineko xuritan erran baitzioten emazteei :" Zertan zaudete hor zerurat beha ? Zuen artetik zerurat altxatua izan den Jesus hori, zerurat joaiten ikusi duzuen bezala berriz etorriko da." Berriz etorriko da, segur gara, horra zergatik errepikatzen dugun Eukaristia bakoitzean: Igurikatzen dugu hitzeman diguzun Zoriona, hau da, Jesu Kristo Gure Salbatzailearen etortzea .