Mendekoste eguna
Lehen irakurgaia :
( Izpiritu Sainduaren jaustea dizipuluen gainerat )
Apostoluen Egintzetarik 2,1-11
1 Mendekoste eguna etorri zenean,
toki berean bildurik zauden dizipulu guziak.
2 Bat-batean harrabotsa izan zen zerutik, haize azkar baten ufa iduria,
eta heiek zauden etxe guzia bete zuen.
3 Orduan, suzko mihiak bezalako batzu agertu zitzaizkioten,
eta bakotxaren gainean bana gelditu.
4 Denak Izpiritu Sainduaz bete ziren,
eta hizkuntza arrotzez mintzatzen hasi,
Izpirituak bakotxari emaiten zion bezala.
5 Egun heietan Judu jainkozale ainitz bazen Jerusalemen,
zerupean diren herrialde guzietarik etorriak.
6 Harrabots hura entzutean, jendetza handia bildu zen harat,
eta harriturik zauden,
nork bere hizkuntzan mintzatzen entzuten baitzituen.
7 Harriturik eta xoraturik, erraiten zuten :
“ Mintzo diren horiek, ez ote dira denak Galilearrak?
8 Gutarik bakotxak nolaz entzuten ditu bere ama-hizkuntzan?
9 Badira gurekin Partiar, Mediar, eta Elamdarrak;
Mesopotamian, Judean eta Kapadozian,
Itsas Beltzaren hegietan, Azian bizi direnak ere;
10 badira Frigia eta Panfiliakoak, Egipto
eta Zirene inguruko Libia aldekoak, bai eta Erromatarrak ere;
11 eta denek , Judu eta judu-berri, Kretar eta Arabiar,
gure hizkuntzetan aditzen ditugu Jainkoaren miragarriak aipatzen.”
Giristinoen besta izan aintzin, Mendekoste Juduen besta bat zen. Eta Juduen besta bat izan aintzin, laborantzako besta zen, uztaren bururatzearen ospatzeko. Besta bat noiz sortu den ez da sekulan xuxen jakiten ahal : ixtorian zehar, ohidura batzuren arrastoak agertzen dira, han eta hemen. Mendekoste bestarentzat, hastapenean aurkitzen da laborantza besta bat eta polliki polliki Elkargoaren oroitzapenak xertatu bezala dira, izpiritual maileraino. Erran dezagun Bazko bestarentzat gertatu dena Mendekostetako bestarentzat berdin izan dela.
Mois aintzin, Bazko besta egiten zen. Laborariek eta abere-hazlek beren ohidurak bazituzten udaberrikari. Menturaz, bi besta horien artean, lehena udaberriko uzta hastean eta bertzea uzta bururatzean. Bien artean sei-zortzi aste ziren. Jalgitza liburuak dio Egiptotik ateratzea Bazko bestarekin egin zela. Ordutik, udaberrikari egiten ziren ohidurak, Jainkoak bere populua nola askatu zuen ospatzen zen. Hola Bazko bilakatu zen Egiptotik ateratzearen ospakizuna. Gisa berean, Jalgitza liburuak erraiten du Jainkoak Moiseri manamenduak eman ziozkala Egiptotik ateratu ondoan. Ondorioz, uzta besta aldatu da eta legearen emaitza bilakatu. Ondotik bi besta horieri beren egunak emanak izan zaizkiote, zazpi aste emanez bat bertzearen artean.
Geroztik Izraelek lokarri sakona aurkitu du bien artean : Bazko, esklabotasunetik ateratzea, bainan esklabotasuna ez da bakarrik gorputzarena. Beraz, Mendekoste, Lege emaitzaren besta, izpiritual azkatasuna izan da. (Izraelek dio Legea azkatasunaren bidea dela).
Kristoren denboran, Juduen Mendekoste hori, legearen emaitzaren besta, besta guziz premiatsua zen : Jerusalemerat beilaz joaiteko urteko hiru bestetarik bat. Egungo irakurgaiak hori oroitarazten du hastapenean : „Mendekoste eguna etorri zenean, toki berean bildurik zauden dizipulu guziak.“ Luk Jesusen dizipuluez mintzo da, bainan testoak erraiten du ere herri guzia jendez betea zela, toki guzietarik etorriak : „Egun heietan Judu jainkozale ainitz bazen Jerusalemen, zerupean diren herrialde guzietarik etorriak“. Jesus hil zen urtean sekulako jendealdia bazen beraz Jerusalemen. Nahitara erraiten da Jesus „hil zen“ urtea, haren pizteaz mintzatu gabe, zeren pizte hori ixiltasunean dago oraino. Jerusalemerat etorri diren jende horiek ez dakite ez nor den Jesus hori, ez zer gertatu zaion.
Dizipuluentzat, urte hortako Mendekostea ez da bertze urtetakoa bezalakoa. Heientzat, deus ez da berdin. Alabainan ez dakite batere zer gertatuko den. Ongi konpreniarazteko egiazki zer gertatu den, Lukek preseski kondatzen du gertakaria. Testamendu Zaharraren hiru testo aipatzen ditu : Legearen emaitza Zinai mendiaren gainean; Joel profetaren hitza; Babel dorrearen ixtorioa.
Zinai mendian gertatua : suzko mihiak, arrabots „Haize azkar baten ufa iduria“: Jainko Jauna su baten erdian agertu zen, suaren kea altxatu zen labe bateko iduri, eta mendi guzia daldaratu zen. Mois Jainkoari mintzatu zen eta Jaunak erantzun emaiten zion ortzi-karraskan. Gertakari hau aipatuz, Lukek adiarazi nahi du urte hortako Mendekoste hori Zinai berri bat dela. Bere Legea populuari eman zion bezala, Jainkoak bere Izpiritua emaiten dio orain. Jaunaren Legea, harrizko lauzetan izkiriatu zen lehen; orain jendearen bihotzetan emana da.
Bigarrenekorik, Lukek Joel profeta aipatzen du. „Ene izpiritua denetan zabalduko dut” dio Jaunak. Eta hemen, herrialde guzietarik etorri direnak kondatzen ditu “zerupean diren herrialde guzietarik etorriak”.
Azkenekorik, Babeleko gertakaria. Lehen egintza: jende guziek hizkuntza bera zuten. Obra haundi bat egitea erabaki zuten: animaleko dorre bat! Orduan Jainkoak hizkuntzak nahasten ditu. Ez dute gehiago elgar ulertzen ahal.
Zer pentsa gertakari huntaz ? Jainkoak gure ongia nahi duenaz geroz, ez da pentsatzen ahal gu makurtzeko egin duela gauza hori. Jainkoa gure artean sartzen da zerbait konpreniarazteko. Zer litaike ulertu behar duguna ? Asmu bakar bat ukaitea ez dela bide ona. Elkartasuna bilatzea, gauza ona da, bainan elkartasuna desberdintasunarekin egina da. Batasuna ez da berdintasuna. Batasuna ez da berdintasunean. Maitasunaren batasuna desberdintasunean da.
Babelen gizarteak desberdintasuna ikasten du; Mendekostez, desberdintasunaren bidez den batasuna ikasten du. Ordutik, zerupean diren herrialde guziek beren desberdintasunezko mintzaira guzietan aipatzen dute mezu bakar hau: Jainkoaren egintzak miragarriak dira .