Familia saindua
Lehen irakurgaia
( Jaunari emana zaion haurra )
Zamuelen lehen liburutik 1, 20-22. 24-28
20 Egun heietan, haurdun gelditu zen Ana, eta seme bat izan zuen. Zamuel eman zion izena, erranez :“ Jaunari eskatua diot.”
21 Elkana, haren senarra, bere etxeko guziekin igan zen tenplurat, Jaunari urteko oparia egitera, eta bere botua betetzera.
22 Ana, aldiz, ez zen igan. Bere senarrari erran zion :
“ Haurrari bularra kenduko diotanean, eremanen dut.
Jaunari eskainiko zaio, eta han egonen da betiko.”
24 Bularra kendu zionean Zamueli, Anak Zilon den Jaunaren etxerat ereman zuen. Ereman zituen ere hiru urteko zezen bat,
zaku bat irin eta zahagi bat arno.
25 Zezena oparitako hil zuten, eta haurra Eli apezari ereman.
26 Eta Anak erran zion : “ Otoi, entzun ene jauna ! Bai, jauna, ni naiz hemen zure ondoan Jaunari otoizka egon nintzen emaztea.
27 Haur hau eskatzen nion, eta Jaunak eman daut eskatzen niona.
28 Horrengatik Jaunari emaiten diot : Bere biziko egun guzietan Jaunari emana dago.” Eta han Jauna adoratu zuten.
Zamuel ez da gerlari bat, eta bere botere politikoa Jainkoaren izenean du baliatzen. Harek du Saul kontsekratuko Izraelgo lehen errege Kristo aitzineko 1030 urte inguruan.
Testu hau lehen erregea baino lehenagokoa da. Jerusalemerik ez tenplorik ez da oraino. Elkargo kutxa, desertuan populuaren erdian egon dena, orai Silo herrian ezarria dute. Silo hortarat jendea beilaz joaiten da. Elkana izeneko gizon bat ere, urte guziez joaiten zen bere bi emazteekin. Hor da handitu Samuel eta Jainkoaren deia hor du entzun.
Ana, Samuelen ama haurdun bilakatu zen Jainkoa ainitz otoiztu ondoan. Nahiz bere senarraren emazte maiteena izan, Ana agorra zen. Peninna Elkanaren bertze emaztea hartaz trufatzen zen erranez, haurrik ez bazuen, Jainkoak zuela horrela madarikatzen.
„Samuel“ izenak erran-nahi hau ukan dezake :“ Jainkoak entzuten du“. Anak, bere otoitzean, Jainkoari hitzemana zion seme baten ama bilakatzen bazen, seme hura emanen ziola. Ondorioz, Eli apezari ereman zion zioela :“Bai, jauna, ni naiz hemen zure ondoan Jaunari otoizka egon nintzen emaztea…“
Hiru oharpen egin ditaizke hemen:
Lehena Jainkoak entzuten duela. Izraelen bizi esperientzia guziak hori probatzen du. Pobreek beren lekua badute Jainkoaren aitzinean, Anak bere agortasunaren gatik hoinbertze sofritu zuenak bezala.
Bigarrenik, Jainkoak bere xedea gizonen istorian kokatzen du. Inkarnazioaren misterioa horraraino doa.
Hirugarrenik mirakuluzko bi sortzeren aitzinean gira hemen: Samuelena eta Jesusena. Eta Biblian bada bertze mirakuluzko sortzerik ere : Isaak, Samson, Joanes Batista…Sortze horiek guziek oroitarazten daukute edozein haur mirakulu bat dela, Jainkoaren opari bat.