Trufania - C
Lehen irakurgaia
(Pagano herrialdeak Jerusalemeren argirat buruz )
Izai profetaren liburutik 60,1-6
1 Xuti, distira, Jerusaleme, etorri baita zure argia,
eta zure gainean zabaldu Jaunaren aintza.
2 Beha : ilunbeak lurra estaltzen du, bai eta gau beltzak herriak oro ; zure gainean aldiz, altxatzen da Jauna
eta haren aintza zure gainean agertzen.
3 Zure argiari buruz etorriko dira herriak, eta zure goiz-argi zirrintari buruz erregeak.
4 Altxa begiak inguruz inguru, eta beha : Guziak biltzen dira, heldu zaizkitzu; zure semeak urrundik datortzi,
eta besoetan dakartzate zure alabak.
5 Orduan ikusiko duzu eta distiratsu izanen zira, bihotza jauziko zaitzu eta hantuko. Zureganat etorriko dira itsasoko ontasunak, gizaldeen aberastasunak zuri ekarriko dauzkitzute.
6 Kamelu-taldeek estaliko zaituzte, bai eta Madian eta Efako dromedarioek. Zabako jendeak etorriko dira,
urrea eta intsentsua ekarriz, eta Jaunaren laudorioak aipatuz.
Iduri luke Izaik Betleemerat Magoen etortzea aintzinetik ikusten zuela ! Bainan Izai mintzo da beti bezala, bere garaikide edo mendekideentzat, Jerusalemez ; eta hunentzat etorkizun ospetsu bat ikusten du. Haren erranaldi guzietan bada argi : Jerusalemeren argiak beste argi guziek baino gehiago argituko du.
Izairen mezua egungo egunean hau da : iduri zauzue tunel batean zireztela, bainan ororen buru argia hor da. Orroit agintza : heldu da Eguna nun denek Jerusaleme Hiri Saindutzat ezagutuko baitute. Ondorioz : ez lotsa. Lotsa, errautsia izaitea, ez dira on Jainkoaren agintzak ekartzen dituen populu batentzat. Gure profetak, bere herriaren gogoen altxatzeko, argumentu bat baizik ez du : Jerusaleme Hiri Saindua da, Jainkoak hautatu hiria, han bere presentziaren seinalea egon dadin. Agintzak ez du garaipen politiko bat helburu, bainan Jainkoaren eta gizadi guziaren garaipena, biek bat egiten dutela, azkenian ezin hobeki, Hiri Sainduan. Urtez urte, Trufaniaren ospatzeak gizon guzien alderateko Jainkoaren asmo miresgarri hori orroitarazten dauku. Guri da, Izairi bezala, gure gauaren erdian, argi hastearen lehen zirrintari ohartzea.