Jesusen bataioa - C

Lehen irakurgaia

( Presta Jaunaren bidea )

Izai profetaren liburutik 40, 1-5. 9-11

1 “ Kontsola zazue, kontsola nere herria, dio zuen Jainkoak.
2 Mintza bihotzera Jerusalemi, egiozue oihu :
Betea duela bere mutilgoa, ordaindua bere hobenen zorra, Jaunaren eskutik hartua baitu bere bekatu guzien ordain betea. ”
3 Mintzo bat ari da oihuka : “ Presta basamortuan bidea Jaunari. Egin eremuan galtzada laua gure Jainkoari.
4 Bete daitezela erreka guziak, apal mendi eta munoak oro ; Xuxen daitezela malkarrak, eta zelai bilaka maldak.
5 Orduan Jaunaren aintza agertuko da,
eta guziek batean ikusiko dute Jaunaren ahoa mintzatu dela.”
9 Igan mendi gainerat, zu, Zioni berri ona ekartzen diozuna. Egin oihu handi, Jerusalemi berri ona ekartzen diozuna.
Egin oihu, ez izan beldurrik. Erran Judako hirieri: “ Huna zuen Jainkoa.”
10 Hara: indarrez jantzia heldu da Jainko Jauna eta haren besoa nagusi da. Hara : berekin dakar garaipen saria,
eta bere aitzinean irabazia.
11 Artzainak bezala, zaintzen du bere artaldea, bildotsak besoan hartu eta altzoan eremaiten ditu, eta artarekin gidatzen ardi umatu berriak

“Kontsola zazue, kontsola nere herria, dio zuen Jainkoak”. “Nere herria” eta “zuen Jainkoa”. Nere eta zuen…Horrek oroitarazten du Jainkoak Izraelekin duen elkargoa, Jainkoak bere aldetik hautsi ez duena. Ez da mirakulu, dudak ere sortzen badira populuan. Alabainan Izraeldarrak Babiloniako desterrura eremanak izan dira eta han egon preso Kristo aitzineko 587 eta 538 artean, mende erdi batez…
“Mintza bihotzera Jerusalemi…Betea duela bere mutilgoa, ordaindua bere hobenen zorra.” Horrek erran nahi du populuari bere hutsak barkatuak zaizkiola, eta hitz horiek Joanes Bataiatzaileari gogoratuko zaizkio Kristok bataioa galdetuko dioenean.
“Igan mendi gainerat, zu, Zioni berri ona ekartzen diozuna : Huna zuen Jainkoa…Indarrez jantzia heldu da...Haren besoa nagusi da”. Hori da berri ona. Jainkoak berekin dakar garaipen saria, eta bere aitzinean irabazia. Artzainak bezala, zaintzen du bere artalde. Errege handi hori artzain da ere. Artaldea otsoetarik beiratzen duen artzainak bezala, errege horrek Izraelgo populua etsaietarik beiratuko du.

Salmoa 103
Leloa :
Zure lekuko, Izpiritua eta ura,

Ospez betea ziren Jauna !


Dena dirdira, edertasuna duzu jauntzi,
Argi zabalaz inguratua zare bizi.
Oihal urdinez duzu gain hartan zuk egoitza,
Lanoez gora baizik zurekin ezin goza.

Zuk hedoi beltzak zaldi karroa, karro gaitza,
Haize-hegalen gainen gainean bazabiltza.
Haize zaluez duzu zabaltzen zure hitza,
Suaren garraz badakizu noiz nola mintza.

Zoin diren nasai zure egintzak, Jainko Jauna,
Zuk egin hoitaz lurra betea dago dena.
Huna itsaso, den izaiterik zabalena,
Handi bai ttipi baitabil nasai hor arraina.

Guziak oro mundu guzitik daude zuri :
Eman dezazun behar orduan zuk janari.
Guziak dire zuk eman horren biltzen ari,
Zabaltzen duzun eskutik denek indar berri.

Begitartea zuk gordetzean denen lotsa!
Zuk hatsa kenduz heien gorputza zer errautsa!
Berpizten dira zuk igortzean zure hatsa,
Eta betbetan berritua da mundu hitsa.

 

103. salmoaren zati batzu ditugu irakurtzen hemen. Egiptotik etorri otoitz batekin konpara ginezake : Amenofis laugarrenak, Nefertitiren senarrak, iduzkiari egin zion kantua. Errege horrek bere indar gehienak erlisione berri baten eraikitzen eman zituen, Amon ospatzeko partez Aton jainkoa, erran nahi baita iduzkia, adoratzen baitzuen. Karia hortarat, izen berri bat hartu zuen: Akhenaton. Salmo hunek bere iturria Akhenatonen poemetan ukan dezake.
Salmo hunek Izraelen Jainko kreatzailea ospatzen du, kreazione osoaren erregea. Hitz hauekin hasten da, bai eta bukatzen: « Ene arima, benedika zazu Jainkoa », olerki huni bere egiazko hatsa emanez. Huna nun liturgiak Jesusen bataiokari salmo hau proposatzen daukun : harrigarri lehen soan. Zer lokarri izan daiteke munduaren kreazionearen eta Joanes Bataiatzaileak zonbat miliun urteren buruan oihukatzen duenaren artean ? Nun ez den zurgin seme hori, « munduaren berritzerat » etorria ?
« Zeure hatsa igorri eta... lurraren aurpegia berritzen duzu. » dio salmoak, Hasiera Liburuaren erranari lotuz: « Orduan Jainko Jaunak lurretikako errautsez gizona moldatu zuen; sudur-xiloetarat bizi-hatsa ufatu zion, eta gizona bizidun bilakatu zen. » (Has 2,7) Eta lehen kapituluko olerkiak dio: « Jainkoaren hatsa uren gainean zabilan. » (Has 1,2) Jesusen bataioa Jordan ibaiaren hegian dugu, San Lukek diola: « Jesus ere bataiaturik otoitzean zagola, zerua zabaldu zen. Izpiritu Saindua gainerat jautsi zitzaion gorputz itxuran, uso bat bezala. » Konpreni dezagun : Jainko gizon eginak kreazione osoa berritzen du !
Ez da beraz harritzekorik Izairen testoa balinbadugu irakurgai, Izaik, gauza guzien berritzearen abeslariak, mezutzen baitzuen : « Hara zerbait berriren egitera noa : hasia da sortzen, ez zaizkiote ohartzen ? » (Is 43,19)

Bigarren irakurgaia

( Bataioko mainuaz, Jainkoak bizi-berritu gaitu )

Jondoni Paulok
Tito dizipuluari 2, 11-14 ; 3, 4-7


2,11 Agertu da Jainkoaren grazia, jende guzientzat salbagarri.
12 Hunek irakasten dauku Jainko gabeko biziari eta munduko gutizia tzarreri uko egiten, zentzuz, zuzentasunez eta jainkozaletasunez
mundu huntan bizitzen,
13 gure esperantza zoriontsuaren beha gaudela :
Jesu Kristo gure Jainko handia eta gure Salbatzailea
aintzaz beterik noiz agertuko den.
14 Harek bere burua eman du guretzat, gu gure gaitz guzietarik libratu eta garbi egiteko, gu haren herri izan gaitezen, beti ongiaren egiteko prest.
3,4 Agertu zaizkigu Jainko gure Salbatzailearen bihotz ona eta gizakien alderako haren maitasuna.
5 Salbatu gaitu, ez guk egin zuzenbidezko egintzengatik,
bainan bai bere urrikalmenduari esker. Bataioko mainuaren bidez sorberritu gaitu,  eta Izpiritu Sainduaren baitan berri egin.
6 Izpiritu hori nasaiki ixuri dauku Jainkoak, Jesu Kristo gure Salbatzailearen bidez.
7 Horrela, haren graziari esker, zuzen eginak gira,
eta esperantzaz betiereko biziaren ondarearen jabe.

Bere hirugarren bidaian, Paulo hasi zen ebanjelioaren zabaltzen Kreta islan. Gero Titori utzi zion lana eta gutun hau igorri zion, kontseilu batzuren emaiteko.
Gutun laburra, hiru kapitulu bakarrik. Fedeaz mintzo da. Paulok dio bataioak duela gizona berritzen : « Jainkoaren grazia agertu zauku » erran nahi baita Jainkoa gizon egin izan dela. Bataioari esker, bertzelakatzen gira : « Bataioaren mainuak berriz pitzarazi gaitu Izpiritu Sainduan. »
Bertzelakatze hori onartu behar dugu : mundua mezu horren beha dago. Ez xeka merezimendurik badugunez ! « Hori egin dauku bere urrikalmendu handian, ez gure merezimenduen gatik. » Bainan mezua hedatu behar dugu. Jainkoaren grazia ez da bakarrik orai sinesten dugunentzat bainan mundu guziarentzat: « Jainkoaren grazia agertu da gizon guzien salbatzeko. »
Jainkoaren xedea da gizadi osoaren itxuraldatzea eta gu elgarretaratzea, bat egin dezagun harekin. Bat egitea, erran nahi baita bazterrerat uztea herrak, etsaigoak, gu guzietarik populu bakar bat egiteko. Fedea dutenek badakite Jainkoak hitzeman badu gertatuko dela.
Hitz horiek orroitarazten daukute apezak mezan erraiten dituen hitzak : « Zorionaren esperantzan, Jesu Kristo gure salbatzailea noiz etorriko den zain gaudela. » Munduaren itxuraldatze hori fede aitorpen bat da : menturatzen gira erraiterat azken hitza Jainkoak ukanen duela.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa
san Luken liburutik 3, 15-16 . 21-22


15 Joanes Bataiatzailearen ganat etorri jendea haiduru zagon, eta denak beren baitan ari ziren
Joanes ez ote zen Mesias.
16 Joanesek deneri erran zioten: “ Nik urez bataiatzen zaituztet ; bainan badator ni baino ahaltsuagoa dena,
eta ni ez naiz on haren oinetako lokarrien laxatzeko.
Harek Izpiritu Sainduaz eta suz bataiatuko zaituzte.”
21 Herri guzia bataiatzen ari zela, eta Jesus ere bataiaturik otoitzean zagola, zerua zabaldu zen.
22 Izpiritu Saindua gainerat jautsi zitzaion gorputz itxuran, uso bat bezala. Eta mintzo bat etorri zen zerutik :
“ Zu zaitut neure Seme maitea, zu zaitut atsegin.”


Matiu, Mark eta Luken hiru ebanjelioek Kristoren bataiatzea kondatzen dute, bakotxak bere gisara. Joanesek ez du kondatzen, aipatzen bai. Luken ebanjelioak bere berezitasunak baditu eta hek ditugu argituko. Hastapenean dio: « Joanes Bataiatzailearen ganat etorri jendea... » Jendea bataiatzerat heldu zela Lukek bakarrik du aipatzen. Bakarra da ere Jesusen otoitza aipu duena: « Herri guzia bataiatzen ari zela, eta Jesus ere bataiaturik otoitzean zagola... » So hau Luken moldekoa da: gizonen artean gizon, Jesus beti bere Aitari lotua dago.
Hain du Lukek Jesusen gizatasuna finkatu nahi nun bataioaren kondaira haren sorterroarekin lotzen baitu. Matiuk bere ebanjelioan sorterroa hastapenean ezartzen du, Abrametik haste Jesuseraino, Dabid eta Josepen bidez; Lukek aldiz, sorterroa Jesusetik hasten du bere arbasoetarat igaiteko; Josepen seme, Dabiden seme, Abramen seme... Luk gorago doa eta Jesus « Adamen seme, Jainko seme » dela dio. Horrek erran nahi du bere ebanjelioa idazten duelarik, Nazareteko Jesus eta Jainkoaren arteko lokarri berezia lehen girixtinoek sumatua zutela : Jesus Jainkoaren seme zela.
Segida ez da Luken berezitasuna: Matiu eta Markek guti gora behera hitz berak erabiltzen dituzte. Jesus otoitzean zagola, « zerua zabaldu zen » : hiru hitzez, gertakarri behin betikoa! Zeru-lurren arteko lokarria ezarria da; fededunen otoitza entzuna. Aspaldiko mendetan, Juduak beha zauden: « Ai ! Zerua urratu eta jauts bazinte! Mendiak kordoka litaizke, egurra erretzen edo ura irakitzen duen sua bezala zintezke! » zion Izaik. (Is 63,19 – 64,1) Hemen dugu ura, Jordan hegian gaudelakotz; sua ere : « Harek Izpiritu Sainduaz eta suz bataiatuko zaituzte » dio Joanes Bataiatzaileak. Eta Lukek berriz: « Izpiritu Saindua gainerat jautsi zitzaion gorputz itxuran, uso bat bezala. » Hemen izpiritua ez da suaren indarrari lotua, bainan usoari, goxotasun eta ahultasunaren sinboloari. Goxo eta ahul, hola da amodioa, hola da Izpiritua.
Lau ebanjelistak aipatzen dutenaz, usoaren itxura arras garantzitsua daiteke. Zer oroitarazten ote zuen heientzat ? Testamendu Zaharrean, kreazionea du gogoratzen. Hasiera Liburuak ez du usoa aipatzen, doi doia erraiten du: « Jainkoaren hatsa uren gainean zabilan » (Has 1,2) Bainan Juduen pentsa-moldean, hats hortan Jainkoaren Izpiritua zen deitua eta Hasierari buruzko komentario batek dio: « Jainkoaren Izpiritua uren gainean zabilan uso bat bere umeen gainean iduri, bainan heiek hunkitu gabe » (Babiloniako Talmud liburua). Gero, usoak Jainkoaren eta gizadiaren arteko Elkargoa zuen gogoratzen, uholdearen ondotik berritu lokarria. Orroit Noeren uso laxatzea : uholdea bukatu zela eta bizia berriz hasi, usoak zion Noeri berria heldu.
Mende berri baten goizaldea : kreazione berria, elkargo berria. Hemen ebanjelistek Izairen erranak entzuten dituzte : « Hara , zeru berria eta lur berri kreatuko ditut » (Is 65,17) eta Ezekielek : « Ur garbia ixuriko dauzuet gainerat eta garbi izanen zirezte; zuen kutsadura eta idolatria guzietarik garbituko zaituztet; bihotz berria emanen dautzuet eta izpiritu berria ezarriko zuen baitan: harrizko bihotza kenduko dauzuet eta haragizkoa emanen. Neure izpiritua ezarriko dut zuen baitan, nere legeen arabera joka dezazuen eta nere manamenduak bete ditzazuen.... Nere herri izanen zirezte eta ni zuen Jainko » (Ez 36,25...28) Hori erraiten zuen Joanes Bataiatzaileak, ziolarik: « Harek Izpiritu Sainduaz bataiatuko zaituzte. »
« Mintzo bat etorri zen zerutik: Zu zaitut neure Seme maitea, zu zaitut atsegin. » Ez da nehorentzat dudarik mintzo hori Jainkoarena dela. Aspalditik Juduek ez zuten gehiago profetik, bainan sinesten zuten Jainkoa zuzenean mintza zitekeela. Eta erranaldi hau ere : « « Zu zaitut neure Semea, zu zaitut atsegin » Juduentzat ez zen berria; bigarren salmoko bertso hori Jerusalemgo tenploan kantatzen zen betitik. Izraelen ez zen gehiago erregerik bainan erregeeri buruzko lelo hori errepikatzen zuten Mesias deitu Erregearen etor eguna igurikatzen zutela.