Garizumako bigarren igandea
Lehen irakurgaia
(Jainkoak Abrahamekin egin zuen batasuna
edo elkargoa )
Hasiera liburutik 15, 5-12. 17-18
Jauna Abrahami mintzatu zitzaion ikuspen batean.
5 Kanpora aterarazi zuen, eta erran zion :
“ Beha zerurat, eta konda izarrak, ahal baduzu.”
Erran zion ere :
“ Horrenbeste izanen dira zure ondokoak.”
6 Abrahamek sinetsi zion Jaunari,
eta Jaunak zuzentzat hartu zuen.
7 Gero erran zion :
“ Ni naiz Jauna, Kaldeako Ur hiritik atera zaitudana,
lurralde hunen jabe egiteko.”
8 Abrahamek erran zion :
“ Jainko Jauna, nondik ezagutuko dut lurraldearen jabe naizela ?”
9 Jaunak ihardetsi zion :
“ Ekarkidatzu hiru urteko behi bat, hiru urteko ahuntz bat,
hiru urteko ahari bat, usapal bat eta usokume bat.”
10 Ekarri zituen Abrahamek horiek guziak eta bi erdi egin;
puskak bat bestearen parrean ezarri zituen,
bainan hegaztiak ez zituen erditik egin.
11 Hegazti harrapariak sarraskira heldu baitziren,
Abrahamek haizatu zituen.
12 Iguzkia sartzean, lo misteriotsu batek hartu zuen Abraham, eta ikara handi bat sartu zitzaion.
17 Iguzkia sartu eta ilun-beltz egin zenean,
labe bat ketan eta tortxa bat sutan abere-zatien artetik iragan ziren.
18 Egun hartan, Jaunak elkargo egin zuen Abrahamekin, erranez : “ Zure ondokoeri emaiten diotet lurralde hau.”
Abrahamen denboran, elkargo baten egitea errito bat zen, frango luzea : abere batzu hil, hiru urteko abereak, laurdenkatu, laurdenkatze hori agintza haustea eta hausten zuenaren geroa balire bezala. Zertako hiru urteko abereak ? Orduko ohiduran, hiru urteraino amek bularra emaiten zioten beren haurreri. Hiru urteko aberea larritua zen. Hemen, Abrahamek behar diren eginkizunak erabiltzen ditu, bainan oraikoan Jainkoarekin. Bertze elkargoak bezala da, bainan ere desberdina. Ikus dezagun beraz zer den berdin, eta zer desberdin.
Zer den berdin : “Ekarri zituen Abrahamek horiek guziak eta bi erdi egin; puskak bat bestearen parrean ezarri zituen, bainan hegaztiak ez zituen erditik egin. Hegazti harrapariak sarraskira heldu baitziren, Abrahamek haizatu zituen.” Harrapariak haizatzen zituen Abrahamek, uste baitzuen sai horiek zorte gaixtoa ekartzen zutela. Abraham egiazko Jainkoari hurbiltzen da bainan basa-sinestea ez da urrun.
Zer den desberdin : “Iguzkia sartzean, lo misteriotsu batek hartu zuen Abraham, eta ikara handi bat sartu zitzaion. Iguzkia sartu eta ilun-beltz egin zenean, labe bat ketan eta tortxa bat sutan abere-zatien artetik iragan ziren.” Lo misteriotsu horrek Adamen loa oroitarazten du. Adam lo zelarik, Jainkoak emaztea sortarazi zuen. Hunek erran nahi du, Jainkoa eta gizona ez direla berdin, kreazione mailan. Jainkoak du eskua, gizonak konfiantxa . “Abrahamek sinetsi zion Jaunari, eta Jaunak zuzentzat hartu zuen“
„Labe bat ketan eta tortxa bat sutan abere-zatien artetik iragan ziren”. Gehienetan, Jainkoaren presentzia suak du erakusten, hala nola Biblian sasia sutan, Zinaïko kea, suzko habea basamortuan, eta Mendekostez suzko mihiak.
Ikus dezagun orain zertan den elkargo hori. Jainkoak bi gauza ditu Abrahameri agintzen: ondokoak eta lurraldea. “Beha zerurat, eta konda izarrak, ahal baduzu. Horrenbeste izanen dira zure ondokoak..... Ni naiz Jauna Kaldeako Ur hiritik atera zaitudana, lurralde hunen jabe egiteko.”
Abraham gizon zahar bat zen. Nola ukaiten ahal zituen haurrak, ondokoak ? Eta lurraldea ? Abraham aspaldi joana zen bere etxetik, Jainkoaren errana entzunik ! Orain arte, Jainkoaren agintzetarik ez du deus ikusi. Bizkitartean, bere etxetik konfiantxarekin joan zen ! Hemen testoak erraiten du : “Abrahamek sinetsi zion Jaunari, eta Jaunak zuzentzat hartu zuen.” Biblian, lehen aldikotz agertzen da “sinets” hitza. Fedea hemen da sortzen. Sinestea, atxikimendua da, bururainoko konfiantxa. Abrahamen izan-moldea da. Hortakotz Jainkoak zuzentzat hartzen du. Biblian, zuzena da nahia egiteko manera, Jainkoari parekatua dena. Jainkoak emaiten du ; ordainez gauza bat du galdetzen : sinestea. Bertzela erraiteko : berri haundia hau da : dena emana zauku ; hau onartzea da sinestea, fedea.