Garizumako bosgarren igandea

Lehen irakurgaia

( Jalgitza berri baten agintza )

Izai profetaren liburutik 43 , 16-21

16 Hunela mintzo da Jauna,
itsasoan bide bat egin zuena, eta bidexka bat ur oldartsuetan ;
17 karro eta zaldi, soldadu eta gudari ahaltsuak gudurat ereman zituen ; hara, erori dira , berriz ez jeikitzeko ,
itzali dira, erre, kandela-mitxa bezala. Hunela mintzo da Jauna :
18 “ Ez oroit iraganean gertatuez, ez gogoan izan lehengoak.
19 Beha : dena berri egitera noa : hasia da sortzen, ez ote duzue ikusten ? Bidea idekiko dut basamortuan, ibaiak leku idorrean.
20 Basa ihiziek, otsoek eta ostrukek goretsiko naute,
ura emanen baitut basamortuan, ibaiak sortaraziko leku idorrean,  herriari, nere hautetsiari edatera emaiteko.
21 Neretzat moldatu dutan herri horrek
nere goresmenak erranen ditu.

Igande huntako irakurgai guziek mezu bera dute : pasatuak pasatu. Utz gibelean iragana. Jo aintzina!
Lehen irakurgai huntan Izai atzerriratua den populuari mintzo da. Izai deitzen den hau, bigarren Izai, Jesu Kristo aintzineko seigarren mendean bizi zen. Denbora heietan, Izraeldarrak Babilonian bizi ziren, Nabukodonosor erregeak preso eremanik, Jerusalemeko hiria lehertuz geroztik. Errege hori indarrean da, eta ez da batere seinalerik Izrael bere eremuetara berritz sartuko dela. Gainerat, Ziriako basamortua behar luke iragan, eta basamortu hori biziki zabala da; iheska joan behar liteke...
Izai profetak badu lan bere lagunen bihotzen pizten. Haren liburua deitzen da „Izraelgo kontsolamenduaren liburua“. Berrogoigarren kapitulua hitz hauekin hasten da: „Kontsola, kontsola zazu nere populua, dio zuen Jainkoak“. Hitz hauek elkargoa ez dela hautsia erakusten dute eta bere populua ez duela baztertu. „Zure“ hitzak erakusterat emaiten du Jainkoa eta populuaren artean lotura badela eta lotura hori fedezko lotura dela .
Beraz, Izaik, bere indar guziaz, desterratuak diren jenden artean itxaropena biziaraziko du. Haren mezua, errepikatzen duena, hau da: Jainkaoak ez ditu abandonatu; Jainkoak etxerat itzultzea antolatzen du; ez da oraino ikusten ahal, bainan segur da, zeren Jainkoa hitzekoa baita, erranak egiten ditu, populu hautatua beti lagundu du, askatu, sustengatu nahi gabe guzietan. Profetak erraiten diote : „ Nabukodonozor erregeak beldurra emaiten du ? Orroit zaitezte, Jainkoak haundiagoa egin du : Faraonen aztaparretik libratu zaituzte. Basamortuak beldurra emaiten dauzue ? Zinaiko desertua izigarria zen, eta Jainkoak bere populua lagundu du, gerizatu, ateratu.“
Eta Izai profetak alde batetik erraiten du :“Ez orroit iraganak , ez gogoan atxik lehengoak“ eta bertze aldetik: „Jainkoa.... itsasoan bide bat egin zuena, eta bidexka bat ur oldartsuetan; karro eta zaldi, soldadu eta gudari ahaltsuak gudurat ereman zituen; hara, erori dira, berriz ez jeikitzeko, itzali dira, erre, kandela-mitxa bezala.“ Jalgitzako orroitzapen hunek hau du bere helburua: geroari buruz, atxik konfiantxa. Jainkoak egin duena, berritz eginen du. „Bidea idekiko dut basamortuan, ibaiak leku idorrean.“ Egiptotik ateratzeko, itsasoa iragan zuten bide idorrez; atxik konfiantxa, orai ere Jainkoak bere populua eremanen du bide onetik .
Izraelen fedea lehengo gertakarietan finkatzen da, bere indarra hartuz iragan diren egintzetan, horiek erakusten baitute orai ere Jainkoa berdin dela. Lehengo, oraiko, geroko, Jainkoa betikoa da eta betikotz da ; Harentzat beti oraia da eta beti prest da bere laguntza emaiteko, nahi badugu.


Salmoa 125

Leloa : Handizki gaitu Jaunak lagundu :
Hara non garen bozkariatzen.


Preso zirenak baititu Jaunak erakarri,
Gu ginen kasik ametsetan.
Ahoa zabal ginauden oro dena irri,
Kanta soinuak ezpainetan.

Bertze jendeek egiten zuten so elgarri :
“ Ari da Jauna heien baitan.”
Handizki dauku Jaunak eskua eman guri :
Hara nun garen lorietan.

Eman zuk, Jauna, gure jendean indar berri,
Urek bezala mortuetan.
Nigar-hipetan joaten direnak ereilari,
Uzta bilari lorietan.

Haratekoan harat doatzi pleinuz ari,
Hazi bihiak eskuetan.
Hunatekoan hunat datortzi kantuz ari,
Espal ederrak  besoetan. 

Igande huntako lehen irakurgaian Jeremi profetak Babiloniatik etxerako bidea hartzearen berria jakinarazten zuen. Salmo hunen arabera, Izraelgo populua etxeratua da: “Preso zirenak baititu Jaunak erakarri” eta alaitasuna, alegeratasuna du aipatzen: “Gu ginen kasik ametsetan”. Desterruan zirelarik, amets egiten zuten, beren herriari pentsatuz. Babilonian, kanpoko lurretan, populuaren ohidurak, erroak, galtzekotan ziren. Herrirat itzultzea mirakulu bat iduri zaiote, berpizte bat, eta salmoak hori erraiten du bi itxuretan.
Ura, lehenik : « Eman, zuk Jauna, gure jendean indar berri, urek bezala mortuetan ». Jerusalemetik hego alderat, Negev tokia basamortu bat da, bainan udaberria agertzean, errekak menditik jaustean lurra lorez estaltzen da.
Bigarren itxura : ogi bihia ereitean, usteltzen da lurrean, iduriz hiltzen…eta ogi buruak ateratzean, sortze bat da… « Haratekoan harat doatzi pleinuz ari, hazi bihiak eskuetan. Hunatekoan hunat datortzi kantuz ari, espal ederrak besoetan ». Uzta denbora beti eta denetan, alaitasunezko denbora. Hemen, ereitea eta uzta, populuaren azkatasuna dira ere ; orain, beren lurretan egiten dute uzta berentzat.
Toki gehienetan uzta denbora, besta denbora da : „espalak besoetan“. Izraelgo populua Jerusalemerat igaiten zen, udazkenean. Salmo hunek hori aipatzen du bai eta ere desterrutik etxeratzea. Iragan diren gauzak aipatzearekin, Izraelek Jainkoa nahi du ospatu , eskertu, bere fedearen azkartzeko. Egun aipatu azkatasuna, bertze azkatasunen iturria da, bertze berpiztearen sortzea. Egiptotik ateratzea ospatzen zen, Babiloniatik ateratzean besta egiten da, orain Jainkoa otoizten dugu betiereko azkatasuna eman dezaukun. „Preso zirenak baititu Jaunak erakarri“ . Jende preso edo gatibu , kanpoko lurretan direnak oraino, bai eta jende guziak, mundu zabalean diren jendalde guziak. Izraeldarrek badakite, edo pentsatzen dute heien otoitza denentzat dela, ez bakarrik beren populuarentzat. „Bertze jendeek egiten zuten so elgarri: ari da Jauna heien baitan.“ Heien Jainkoa denentzat ari da eta nahi dute deneri ezagutarazi. Heieri ere Jainkoak emaiten diote azkatasuna. Jainkoa da Uztaren nagusia.


Bigarren irakurgaia

( Gauza guzieri uko egin, Kristorekin izaiteko )

Jondoni Paulok Filipeko giristinoeri 3 , 8-14

Haurrideak,
lehen irabazitzat nauzkanak,
8 orai galtze bezala dauzkat, neurrigabeko ontasun hunen aldean :  Jesu Kristo gure Jaunaren ezagutzea. Harengatik denak galdu ditut ;  denak ondarkintzat dauzkat, Kristo irabaztekotan,
9 eta haren baitan bizitzekotan. Ez dut neurez zuzen izan nahi, Legeari obeditzetik,  bainan Kristoren baitan sinestetik : Jainkoaganik heldu da zuzentasun hori eta fedea du oinarri.
10 Beraz, Kristo ezagutu nahi dut,  eta haren piztearen indarra nere baitan sumatu ; haren lagun izan nahi dut haren Pasioneko oinazeetan  haren heriotzea nere baitan berrituz,
11 hilen piztean parte izanen dutalako esperantzan.
12 Ez dut erraiten saria eskuratua dutala, edo helmugarat heldua naizela ; bainan nere lasterkaldia segitzen dut hartaz jabetu beharrez, Jesu Kristo nitaz jabetua den bezala.
13 Haurrideak, ez dut uste sariaz jabetua naizela. Hau da bakarrik konda : gibelean dena ahantzirik, aitzinerat noa,
14 lasterka helbururat, sariaren irabazteko, gain hartarat deitzen baigaitu Jainkoak Kristo Jesusen baitan.

 

Korrika maite du Jondoni Paulok eta gutun huntan itxura hori du berritz aipatzen. Pauloren arabera, korrikaldian, helburua da nagusi. Hastapena ahantzi behar da. Lasterkari bat beti gibelerat beha egon baladi, korrika galduko luke. „Hau da bakarrik konda: gibelean dena ahantzirik, aitzinerat noa, lasterka helbururat, sariaren irabazteko“. Zerbaiteri bizkarra emanez joaiten ahal da aintzinerat; Jondoni Paulok itzultze hori egin du Kristok atxeman duenetik, zeren egiazki Kristok atxeman du, hartu du: Damaseko bidean zoalarik, Kristok aurkitu du eta geroztik Pauloren bizia errotik aldatua izan da.
Usaian, Jondoni Paulok erraiten du bere giristino bizia bere judear biziaren ondorioa dela. Hemen Kristok ekarri berritasuna egiazko iraultza izan dela du aitortzen. „Lehen irabazitzat nauzkanak, orai galtze bezala dauzkat, neurrigabeko ontasun hunen aldean: Jesu Kristo gure Jaunaren ezagutzea.“ Jesu Kristok ekarri berrikuntza, errotikakoa da; hemendik aintzina, denak kreatura berriak gira. Paulok hori erraiten du: „Harengatik denak galdu ditut; denak ondarkintzat dauzkat, Kristo irabaztekotan, eta haren baitan bizitzekotan“. Lehen garrantzizko gauzak zirenak, abantailak, fagoreak, orai ondarkinak dira. Abantaila horiek ziren : Izraeldar izaitea, sinestea, fedea, atxikitasuna, itxaropena bai eta ere manamendueri obeditzea, Moisek eman legeari obeditzea . Hemendik aintzina, Kristok du haren bizi osoa hartu, lehengo abantailak utziz : „denak ondarkintzat dauzkat, Kristo irabaztekotan“, eta badaki hori dela bidea „ haren baitan bizitzekotan.“
Jondoni Pauloren arabera, gure funtsezko ontasuna Jesus ezagutzea da. Berak badaki zer den esperientzia hori, giristinoen pertsegitzailea izan baitzen. Kristo ezagutuz geroztik, bere bizia iraulia izan da. Ezagutza hori ez da gogozko ezagutza bat; da Kristorekin bere bizia partakatzea, da Kristo maitatzea, ondotik jarraikitzea barnatasun bizi batean. Bilkura baten ondotik, apostoluek trenkatu zuten, ziotela elkargo berrian, Moisen legea aldatua zela, Jesusen izenean hartu bataioak Jainkoaren haur bilakatzen gaituela. Ondorioz, ez da ebakitza beharrik. „Ez dut neurez zuzen izan nahi, Legeari obeditzetik, bainan Kristoren baitan sinestetik: Jainkoaganik heldu da zuzentasun hori eta fedea du oinarri.“
Gure salbamendua ez dela gure merezimenduen ondorioa, Jondoni Pauloren aurkikuntza haundiena izan da. Kittorik emaiten dauku Jainkoak. Hasera liburuak erraiten du: „Abrahamek sinetsi zion Jaunari, eta Jaunak zuzentzat hartu zuen.“(15,6). Zuzentasunaren iturria Jainkoa da, sinestea bakarrik du galdetzen.
Beraz, zertako idazten du Jondoni Paulok:“Haren lagun izan nahi dut haren Pasioneko oinazeetan haren heriotzea nere baitan berrituz, hilen piztean parte izanen dutalako esperantzan“? Ez da merezimendu bila ibilki, ez, Kristori lotuak izanez geroz, haren bidea dugu hartzen. „Lagun izan haren Pasioneko oinazeetan“, Kristoren bizi-modua onartuz, harek hartu arriskuak hartuz, zeren Ebanjelioaren berri ona hedatzea ez baita lan errexa, ez eta lan atsegingarria. Jesusek berak erran zuen: „Nehor ez da profeta bere etxean.“

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa
jondoni Joaniren liburutik 8 , 1-11


1 Jesus Oliamendirat joan zen.
2 Biharamunean, argi zirrintan, Jerusalemeko tenplurat itzuli zen ;  herri guzia etorri zitzaion ; jarri zen eta irakasten hasi.
3 Lege-irakasleek eta farisauek  emazte bat, adulterioan harrapatua, ekarri zioten, eta erdian ezarri.
4 Jesusi erran zioten : “ Irakasle jauna, emazte hau adulterioan ari zela harrapatua izan da.
5 Moisek, legean, holakoak harrika hiltzeko manatu zaukun. Eta zuk zer diozu ?”
6 Hori erraiten zioten hutsean atzemaiteagatik, gero salatzeko. Bainan Jesus, ukurturik, erhiaz lurrean marra egiten hasi zen.
7 Heiek, ordea, galde eta galde ari baitzitzaizkion,
xutitu eta erran zioten : “ Zuetan bekaturik gabe denak bota diezola lehen harria.”
8 Eta berriz ukurturik, lurrean marrak egiten zituen.
9 Heiek, hori entzutearekin,
bat bestearen ondotik joan ziren, zaharrenetarik haste.
Jesus bakarrik gelditu zen, emaztea aitzinean zuela.
10 Jesusek, xutitu eta, erran zion : “ Emaztea, non dira salatzaileak , Nehork ez zaitu kondenatu ?”
11 Harek ihardetsi : “ Nehork, Jauna.”
Orduan Jesusek : “ Nik ere ez zaitut kondenatzen.
Zoazi, eta ez egin gehiago bekaturik.”

 


Jesusen Pasionea hurbil da : Olibetako baratzea aipatzen du Jondoni Joanik eta apostoluek Jesusen azken egunetan baizik ez dute leku hori aipatzen. Bestalde, ageri da hemen farisauak ari direla Jesusen kontra sareak hedatzen. Ixtorio hau ez da beraz ixtorio soil bat, bainan Jesusen mezu berezi bat.
Hastapenean, Jesus erakasle da : « Herri guzia etorri zitzaion, jarri zen eta irakasten hasi. » eta farisauen galdeak juje ezartzen du. Jende guzia xutik da, Jesus jarririk. Alegiazko auzi huntan, gauzak argi iduri dute hor diren gizonentzat. Emazte bat harrapatua izan da adulterioan, lekukoak badira, Moisen legeak adulterioa kondenatzen du Hamar manamenduetan idatzia den bezala eta ondorioz, adulterioa egiten dutenak hiltzea dute merezi.
Farisauek eta lege-irakasleek oroz gainetik nahi dute Legea errespetatua izan dadin. Ez dira hortaz erasiatzen ahal. Bainan Legeak emaztearentzat bai eta gizonarentzat ere galdetzen duela hiltzea, hori ahanzten dute. Hor diren jende guziek legea ezagutzen dute bainan nehork ez diote oroitarazten. Farisauen galdea legearen begiratza ote da ? Bertze zerbait baliteke. Testoak dio: „Moisen legeak, holakoak harrika hiltzeko manatu zaukun. Eta zuk zer diozu ? Hori erraiten zioten hutsean atzemaiteagatik, gero salatzeko. » Nun da Jesusen kontra zabaldu sarea ? Zer nahi diote gain eman ?
Jesusek ez duela harrikatze hori onartzen ahal, ez da dudarik, bere bizi guzian eta bere predikuetan ez du bertzerik erran. Bainan denen aintzinean emaztearen alde mintzatzen bada, farisauek eta lege-gizonek errexki erraiten ahalko dute Moisen Legearen kontra ari dela eta haren erakaspenak legearen hausterat jendea altxatzen duela. Jadanik Jesusek pausa egunean paralitiko bat sendatu zuen, gauza debekatua, sabato egunean. Orduan ez zuten deus egin ahal izan, bainan egun desobedienzia hori publikoki sustengatuko du, beren ustez, eta ez du aterabiderik ukanen. „Irakasle Jauna , zuk zer diozu?“ erraiten diote, bainan emaztea eta Jesus biak kondenatuak dira beren gogoetan.
Jesusek ez du segidan erantzuna emaiten. « Jesus, ukurturik, erhiaz lurrean marra egiten hasi zen. » Ixiltasun horrek bakotxa uzten du bere gogoeten egitera: errespetuz betea da Jesus, ez du nehor apaldu nahi, ez emaztea, ez farisauak, ez hor diren jendeak. Jesus bihotzdun, Jesus urrikalkor, bakotxari emaiten dio bide egitea, ixiltasunean.
Ixiltasun horren bidez Jesusek, zoin urrikalkorra den Jainkoa erakusterat emanen du. Haren erantzunak galde bat iduri du: „Zuetan bekaturik gabe denak bota diezola lehen harria“. Moisen legeak ez zuen erraiten adulterio baten lekukoak zuela lehen harria botatzen, bainan bai idolatria batean. Hemen beraz, Jesusen erantzunak erran nahi luke : emazte hunek adulterioa egin du ; ados ; bainan zuek, farisau eta lege-gizonak, ez ote zirezte adulterio handiago baten egiten ari Elkargoaren Jainkoaren kontra ? Legea ez ote da zuen baitan idolo bilakatu ?
Profetak ainitzetan mintzatu dira erranez idolatria adulterio bat dela. Urrikalmenduari huts egitea, Jainkoari huts egitea da. Farisau eta lege-erakasleek Jainkoaren seme izan nahi zuten; orduan Jesusek erraiten diote : Kasu ! ez zaiteztela Jainkoz tronpa. Urrikalkor izan zaitezte.
Jesus mintzatu ondoan « Heiek, hori entzutearekin, bat bestearen ondotik joan ziren, zaharrenetarik haste. » Ez da harritzeko : zaharrenak prest dira urrikalmenduaren oihua entzuteko. Hainbertzetan urrikalmendu beharretan izan dira! Hainbertzetan irakurri, kantatu, otoiztu dute lerro hau: „Jauna, Jainko urrikalkor eta bihozbera, berant-hasarre, errotik leial eta egizalea“. Beren begien aintzinean, Jesusen bitartez, egun ikusten dute Jainkoaren urrikalmendu hori.
Jesus eta emaztea buruz buru dira . « Nik ere ez zaitut kondenatzen, dio Jesusek, zoazi, eta ez egin gehiago bekaturik. » Hitz altxagarriak; bekatua bekatu da, bainan bekatutik Jainkoak du libratzen eta bidea xuxen hartzeko indarra emaiten .