Garizumako hirugarren igandea

Lehen irakurgaia

( Jainko Salbatzailea Moisi agertzen zaio )

Jalgitza liburutik 3, 1-8 a .10. 13-15

1 Moisek, bere aitaginarreba Jetro, Madiango apezaren,
ardiak zaintzen zituen. Behin, basamortuan barna ereman zituen, eta Horeb, Jainkoaren mendirat heldu zen.
2 Han Jaunaren aingerua agertu zitzaion sasi artetik ateratzen zen sugar baten erdian. Moisek behatu zion: sasia sutan zen, eta ez erretzen.
3 Moisek bere baitan egin zuen :
“ Banoa gauza harrigarri horren ikustera :
zergatik sasia ez da erretzen ?”
4 Jaunak ikusi zuen bazoala behatzera,
eta Jainkoak dei egin zion sasi erditik :
“ Mois ! Mois !”
Hunek ihardets i: “ Hemen nauzu !”
5 Jainkoak erran zion orduan:
“ Ez hurbil ! Ken oinetakoak,
zauden tokia lur saindua baita !
6 Ni zure aitaren Jainkoa naiz, Abrahamen Jainkoa,
² Izaaken Jainkoa eta Jakoben Jainkoa. Moisek aurpegia estali zuen, Jainkoari behatzeko beldurrez.
7 Jaunak erran zion : “ Ikusi dut nere herriaren atsegabea Egipton, eta entzun ditut heien garrasiak beren zapaltzaileen zigorpean. Bai ezagutzen ditut heien oinazeak.
8 Jautsi naiz Egiptoarren eskuetarik libratzera, eta lurralde hartarik lurralde on eta zabal baterat iganaraztera,  esnea eta eztia darion lurralderat.
10 Eta orai zoazi ! Faraonenganat igortzen zaitut :
Egiptotik aterako duzu nere herria, Izraelen semeak.”
13 Moisek ihardetsi zion Jainkoari : “ Bai, joanen naiz Izraelen semeenganat, eta erranen diotet : Zuen arbasoen Jainkoak igorri nau zuenganat. Heiek galdatuko dautate nola duen izena, zer ihardetsi behar diotet nik ?”
14 Jainkoak erran zion Moisi : “ Naizena naiz ni.
Hunela erranen diozute Izraelen semeeri : Zuenganat igorri nauena “NI NAIZ ” da.
15 Jainkoak erran zion oraino Moisi : “Hau erranen diozute Izraelen semeeri : Zuenganat igorri nauena YAHVE da , JAUNA da, zuen arbasoen Jainkoa, Abrahamen Jainkoa,  Izaaken Jainkoa, Jakoben Jainkoa.
Hori da nere izena betiko,  oroitgarri hortan goretsiko nauzue menderen mendetan.”

Moisen historia “ixtorio mixterio” bat bezala hasten da. Mois izenak “uretik salbatua” erran nahi du. Egipton sortu zen hebrear iheslari batzurenganik, zenbait mende lehenago. Mendeak jin mendeak joan, hebrearrak populkatu ziren, eta Mois sortu zen urteetan egiptoar boterea kezkatzen hasia zen. Jende hori hein batean atxikitzeko, sortzen ziren mutiko guziak hiltzeko erabakia zuten. Mois doietarik eskapatua zen, dakigun bezala. Eta handitu zelarik, bere herria hola zapatua ezin ikusiz, egiptoar bat hil zuen. Basamorturat eskapatu behar ukan zuen eta Madianita baten artzain jarri zen. Hemen hasten da egungo irakurgaia : “Moisek ardiak zaintzen zituen...” Horeb mendian. Horeb eta Sinai mendi beraren izenak dira.

            Kondaira miresgarri hau garrantzia handikoa da juduentzat, eta beraz guretzat ere. Huna hiru pundu, ohargarriak :

            - Jainkoa arras bestelakoa da, eta aldi berean biziki hurbila. Juduek Jainkoaren saindutasunaren errespetu berezia zuten. Adibidez ez da erraiten garbiki Moisek Jainkoa ikusi zuela. Itzuli-mitzuli baten bidez adiarazten da : “ Jaunaren Aingerua...sugar baten erdian” Zer kopeta behar litaiken erraiteko Moisek, gizon batek, Jainkoa ikusten ahal zuela. Jainkoak Mois deitzen du : “Mois, Mois !” Bainan erraiten ere dio : “Ikusi dut nere herriaren zorigaitza Egipton eta entzun ditut heien garrasiak beren zapatzaileen zigorpean...”

            - Jainkoak gizakia aitzintzen du. Hura da Moisi mintzatzen hasten, ez baitu nahi Jainkoak berak bere herriaren salbatzen arizan. Gizaki zapatuaren laguntza gabe ez du deus egin nahi. Jainkoa eta gizakia elgarrekin salbatzaile : “Eta orai zoazi ! Faraonarenganat igortzen zaitut. Egiptotik aterako duzu nere herria...”

            - Jainkoaren izena : YAHVE. “Izan” erran nahi duela uste da, bainan kontsonanterik baizik ez baita, ezin da ahoskatu. Biblian letra horiek agertzen diren guziez “Jauna” irakurtzen dugu, Juduek berek egiten zuten eta duten bezala. Ezin ahoskatuzko izen horrek pentsatzera eman dezake ere Jainkoa “arras bestelakoa” dela. Halere ezin erranezko Jainko hori bere herriarekin da, gurekin da, libratzaile.

Salmoa 102

Leloa : Jainkoak badu bihotz on eta urrikalmendu.


Eskerrak eman, nere arima, Jainkoari,
Nere barneko guziek haren izenari.
Eskerrak eman, nere arima, Jainkoari,
Ez nehoiz ahantz zoin usu zaitzun urrikari.

Harek barkatzen, noiz baitzare zu makur ari,
Indar emaiten, ahul bazare ala eri.
Libratzen zaitu, kasik baitzare hil erori;
Emaiten dautzu amodioa minen sari.

Gauza orotan beti da Jauna zuzen ari,
Beren zuzena itzultzen baitu gaixoeri.
Emana dio berak Moisi bere berri,
Izraelentzat egin du ainitz miragarri.

Ona da Jauna eta guziez urrikari,
Ez hasarrekor bainan bihotzen altxagarri.
Zenbatez baita zerua nausi lur zolari,
Hala guretzat Jainko bihotza nausi ari.

Salmo hau salmotegiko ederrenetarik da. Hemen jasta baizik ez da emaiten, bainan aski halere Jainkoaren “sendimenduak” argitan emaiteko : “Harek barkatzen...indar emaiten...libratzen...amodioa emaiten...Ona da Jauna eta guziez urrikari...ez hasarrekor bainan bihotzen altxagarri.” Nola erran daiteke holako Jainkoa zigortzailea dela, beldurgarria. Biblian maiz irakurtzen da : “Ez beldur izan !” Nolaz behar ginuke izitu Jainkoak holako bihotza badu ?

Bigarren irakurgaia

( Egiptotik ateratzeak eman erakaspena :
behar dela konbertitu)

Jondoni Paulok Korintiarreri 10, 1-6 . 10-12

Haurrideak,
1 ez zaituztet ez-jakinean utzi nahi zer gertatu zen Egiptotik ateratzean. Gure arbasoak denak egon ziren hodeiaren gerizan,  eta denek iragan zuten Itsas Gorria.
2 Denak bataiatuak izan ziren hodeian eta itsasoan,
Moisekin bat eginez ;
3 denek jan zuten izpirituzko janari bera
4 eta denek edan izpirituzko edari bera : alabainan, heiekin zoan izpirituzko harrokatik edaten zuten,
eta harroka hura Kristo zen.
5 Halere, heietarik gehienak ez zitzaizkion Jainkoari atsegin izan, eta basamortuan hil ziren.
6 Gauza hauek guretzat ikasbide izaiteko gertatu ziren,
gaizkirako tirriarik izan ez dezagun, gure aitek izan zuten bezala.
10 Ez zaiteztela marmarrean ari Jainkoaren kontra,
heietarik batzu ari izan ziren bezala : errautsiak izan baitziren.
11 Heieri gertatu guzia ikasbide izan beharra zen,  eta izkiriatua izan zen  azken garai hauetan bizi girenen zentzarazteko.
12 Beraz, xutik dagola uste duenak kasu egin beza ez eror.

Korintoko girixtino anaidia ez zen, iduriz, tentaldirik gabe. Paulok umil eta erne egon daitezen artamendatzen diote, Izraeldarren historia gogoratuz, Egiptotik atera zirelarik. Jainkoa leial egon zitzaion bere herriari Sinaiko basamortuan harat zoalarik Lur Hitzemanari buruz. Bainan Izraelek maiz bere hitza jan zuen basamortuan. Egiptotik kanporat abiatu orduko herria izitu zen Egiptoarrak gibeletik heldu ikusi orduko, eta Moisen kontra altxatu zen. Eta gauza bera gertatuko zen bide guzian. Azkatasunerateko bidea nekea zen eta egiptoko esklabotasunerat itzultzeko tentazionea azkarra eta iraunkorra.
Korintoarrek tentazione horren berri bazakiten. Paulok idazten diote : Kristok libratu zaituzte, bainan zuek maiz lehengo bizi hartarat lerratzen zirezte, ohartu gabe berriz esklabotasunerat erortzen zireztela. Libratzaile bakarra Jesus da, konfiantxa egiozue.
Paulok aipu du Izraeldarren tentaldi nagusia basamortuan : egarria. Urik ez zen batez herria Moisen kontra altxatu zen. Moisek harroka makilaz jo zuen eta ura jauzi zen harritik. Bainan horra : Moisen kontra asaldatzea, Jainkoari konfiantzarik ez egitea zen, Jainkoa tentatzea zen. “Leku hari... Moisek “Aharra” eta “Tentaldi” eman zion izena, han aharra piztu ziotelakotz eta Jauna tentatu, erranez : Jauna gurekin dugu, bai ala ez ?” (Jal 17, 3-7)
Korintoarren arazoa ez zen gisa hortakoa, bainan esklabotasun mota anitz bada. Beren bataioaren izenean hautu gogorrak egin behar zituzten fama ona ez zuen Korinto hirian. Bainan gizakiari erokeria iduri zaiona, egiazko zuhurtzia da Jainkoaren begietan.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 13, 1-9

1 Egun hartan,  etorri zitzaizkion batzu Jesusi,  Galilear zenbaiti gertatuaren berri emaitera : nola Pilatok hil zituen, opari bat eskaintzen ari zirelarik.
2 Jesusek ihardetsi zioten : “ Uste ote duzue Galilear heiek beste Galilear guziak baino bekatariago zirela
holako heriotzea jasan dutelakotz ?
3 Ezetz diozuet; eta zuek ere, bihozberritzen ez bazirezte,  guziak berdin galduko zirezte.
4 Eta Siloeko dorrea gainerat erori-ta, hil ziren hemezortzi heiek, uste ote duzue beste jerusalendarrak baino hobendunago zirela ?
5 Ezetz diozuet, eta zuek ere bihozberritzen ez bazirezte,  guziak berdin galduko zirezte.”
6 Jesusek parabola hau ere erran zioten : “ Gizon batek pikondo bat bazuen bere mahastian landatua.
Hartarat joan zen pikoketa, eta ez zuen aurkitu.
7 Orduan erran zion mahastizainari :
Badu hiru urte pikondo huntarat fruituketa heldu naizela, eta ez dut aurkitzen. Motzazu ! Zertarako hor utz, lurra alferrik jaten ?
8 Bainan mahastizainak ihardetsi zion : Jauna, utzazu aurtengotz, inguruan aitzurtu eta ongarria emanen diot.
9 Beharbada fruitu emanen du geroan ; bestela moztuko duzu. ”

 

Hemen kondatuak diren bi lehen gertakariak ez dira harrigarriak : Pilato, erromano buruzagia, biziki bortitza zen. Ez dakigu zer egin zuten Galilear dohakabe heiek. Jesusen ustez, halako zorte odoltsua merexi zuketenik deusez. Eta Siloeko dorreak lehertu zituen heiek ere ez ziren beste batzu baino hobendunago. Jesusek errepostu hori egiteko, pentsa dezakegu zer sinesten zuten dizipuluek : jende horiek hiltzea merexi zuketela, bekatu egin zutelakotz. Galdera hori bera egina zioten Jesusi itsu-sortuaz : “Nork egin du bekatu, hau itsu sortzeko : berak ala aitamek ?” (Jo 9,2) Ez berak eta ez aitamek.
Sofrikarioaren betiko galdera. Erran daitekeena hau da bakarrik : sofrikarioa ez da bekatuaren zigorra, gaztigua. Hainbeste sofritu zuen Job-i Jainkoak galdegin zion bakarrik bi gauza onar zitzan : bat, gertakariak nundik norat nola doatzin ez dakizula. Bi, bizi behar dituzula zeure Jainkoa baitan sekula konfiantza galdu gabe.
Gorago aipatu gertakari horietaz balia, Jesusek dizipulueri egiazko bihozberritzea galdegiten diote. Pikondoaren parabolak konprenitzen lagunduko ditu. Gure begi lausoen arabera, fruiturik emaiten ez duen pikondoa errotik atera behar da. (kasu huntan : bekatariak hil behar ziren). Bainan Jainkoaren gogoetak ez dira gizakiarenak : “Ez dut atsegin gaixtoaren hiltzea, jokabidea aldatu eta bizi dadin, bai” idatzia zuen aspaldian Ezekiel profetak (33, 11). Jesusek bere dizipulueri galdegiten dioten bihozberritzea ez da, lehenik, hau edo hori egitea. Aldatu behar duguna da Jainkoari buruzko geure soa. Gaitzaren aitzinean oroitu behar dugu : “bihozbera eta urrikalkorra da Jauna, berant-asarre eta maitasunez betea. Ez da beti erasiaka artzen, ez du aihergorik betikotz atxikitzen...ez dauku ordaintzen gure hutsen arabera.” (Sal 102, 8-10)
Horrek erran nahi du : bat, Jainkoak ez daukula zigorrik emaiten. Bi, gure sofrikarioetan, bera ondoan dugula. Galdegiten daukun bihozberritzea hau da lehenik : behin betikotz sinestea Jainkoa jasankorra eta urrikalkorra dela. Sofrikarioa ez da esplikatzen, bizitzen da Jainkoaren baitako konfiantza osoan. Orduan “Zuek ere, bihozberritzen ez bazirezte, guziak berdin galduko zirezte-k erran nahi du : gizakiak galtzera doatzi Jainkoari konfiantza egiten ez baitiote.