Garizumako lehen igandea
Lehen irakurgaia
( Izrael herriaren fede aitormena )
Deutoronoma liburutik 26, 4-10
Moisek Izrael herriari erran zion :
Zure lehen fruituak Jaunari eskainiko diozkatzularik,
4 apezak zure eskutik saskia hartu eta
Jaunaren, zure Jainkoaren aldare aitzinean ezarriko du.
5 Orduan Jaunaren, zure Jainkoaren aitzinean erranen duzu : “ Nere aita harat-hunat zabilan aramearra zen.
Egiptorat jautsirik, etorkin gisa bizi izan zen han lagun bakar batzuekin. Egipton herri handi egin zen jendez eta indarrez.
6 Egiptoarrek gaizki erabili gintuzten, eta atsegabetu,
eta uztarri dorpea ezarri zaukuten.
7 Deiadar egin ginion Jaunari, gure arbasoen Jainkoari.
Jaunak gure deiadarra entzun zuen, eta gure atsegabe, neke eta herstura ikusi zituen.
8 Eta Egiptotik atera gintuen Jaunak ahal handiz eta esku indartsuz,
etsaien baitan beldur-ikara sortuz,
ezaugarri eta egintza harrigarriak eginez.
9 Toki huntarat ekarri gintuen eta lurralde hau eman zaukun, esnea eta eztia darion lurraldea.
10 Orai, Jauna, huna non ekartzen dauzkitzudan
Zuk eman dautazun lurreko emaitzen lehen fruituak.”
Testo hau arras interesanta da, eta doi bat harrigarria. Hastapenean Jainkoari opari bat egitea dio Moisek galdetzen bere populuari, eta haren mintzaldia fedezko otoitz bat bilakatzen da : „Zure lehen fruituak Jaunari eskainiko diozkatzu...eta zure Jainkoaren aitzinean erranen duzu“. Ondotik Jainkoak egin guziak aipatzen ditu Moisek, erran nahiz bezala : ditugun guziak, giren guzia, Jainkoaren emaitza da.
Bai Biblian, bai munduko erlisione guzietan, Jainkoari eman eskaintzak beti edo gehienetan, galdeak dira, eskaintzen bitartez jainkoen partez fagoreak ukaiteko. Jestu hori Moisek osoki itzultzen du : eskaintza ikustate bilakatzen da. Jainkoaren aitzinean ekarri opariak ez dira gure ontasunak, bainan bai Jainkoak berak eman gauzak gure biziarentzat, eta ikustatez eskaintzen diozkagu.
Deuteronoma liburu huntan iduri du populuak ahantzia duela gauza hori, eta Moisek ahoan bilorik gabe orroitarazten dio. Desertuan Izraeldarrak goseak ibili ziren eta Jainkoak eman zioten behar zutena. Gero, lur aberatsean jendeak ahantzi zuen Jainkoak egina. Hortakotz profetek oroitarazten zuten (eta daukute orai ere), Jainkoa dela ongi guzien egile. Irakurgai huntan, oroitzapen hori du idazleak erreberritzen. „Ez ahantz.“ Eta haste hastetik lehen hitzak badu bere balioa : „zure lehen fruituak“. Leku ainitzetan, lehen fruitua eskainia da edo lekuko jainkoari edo nagusiari. Moisek ez du ohidura hori kentzen, bide berri bat emaiten dio Jainko Jaunari lehentasuna emanez eta Harek eginak direla aitortuz. Ondorioz, gure eskaintzak ez dira egiten zerbait galdetzeko, edo gure merezimendu bezala. Gure beharrak zer diren, Jainkoak ezagutzen ditu, eta aitzinetik ardietsiak ditugu. Gure eskaintza, Jainkoari egin ikustatea da, bertzerik ez.
Bere mintzaldian, Moisek Izrael populuaren ixtorioaren bilduma egiten du. „Nere aita harat-hunat zabilan aramearra zen; Egiptorat jautsi zen; etorkin gisa bizi izan zen han; gero Egiptoarrak gaizki erabili gintuzten; uztarri dorpea ezarri zaukuten.“ „Deiadar egin ginion Jaunari... Egiptotik atera gintuen Jaunak ahal haundiz eta esku indartsuz... ezaugarri eta egintza harrigarriak eginez.“ Deuteronomeko idazlariak segitzen du : „Toki huntarat ekarri gintuen, eta lurralde hau eman zaukun, esnea eta eztia darion lurraldea.“
Populuaren eskaintzak bere balio osoa hartzen du hemen : „Orai, Jauna, huna non ekartzen dauzkitzudan zuk eman dautazun lurreko emaitzen lehen fruituak.“
Guk ere, meza denboran, eskaintzen ditugunak, Jainkoak eginak direla dugu aitortzen. Mundu huntako ontasunen gozatzaile gira, ez jabe. Mezan, hori aitortuz, hori onartuz, gure ikusteko moldea aldatzen da eta mundua egiazko Jainkoaren erresuma bilakatzen.