Trinitate sainduraren besta
Lehen irakugaia
( Haste hastetik Zuhurtzia Jainkoarekin da )
Erran Zaharren liburutik 8, 22-31
Huna zer dion Jainkoaren Zuhurtziak :
22 “ Jaunak bere egitateen hastetik beretzat sortu ninduen, bere lehenbiziko egintzen aitzinetik.
23 Betidanik moldatua izan naiz,
haste-hastetik, lurra izan baino lehenagotik.
24 Itsas-leizerik ez zenean, ni sortua izan nintzen, ez zelarik oraino iturririk jauzten.
25 Mendiak landatuak izan aitzin,
munoak baino lehen, sortua izan nintzen.
26 Jainkoak ez zituelarik oraino moldatuak ez lurra, ez landak, ez eta munduaren ekeiak,
27 zerua finkatzen zuenean, ni han nintzen.
28 Ur-leizearen gainetik zeru-sabaia eman zuenean,
29 hodeiak gain hartan finkatu zituenean,
eta leizeko iturriak tinko ezarri, itsasoari mugak jarri, urek ez ditzaten gaindi, lurrari oinarriak sendotu ziozkanean,
30 haren ondoan nindagon, obra-gidari bezala. Han nuen nere gozoa, egunetik egunera, ixtant guziez haren aitzinean josteta
31 lur guzian josteta, eta gizakiekin nuen nere gozamena.”
TRINITATE igandekari zauku testo hau eskainia. Alta ez da hemen trinitate hitza aipatzen, ez eta ere Aita hitza .
Erran behar da testo hau idatzia izan zenean, juduentzat lehen eginbidea hau zela : erraitea eta predikatzea Jainko bat baizik ez zela. Kristo piztu eta girixtinoak ohartu ohartu ziren, Jainko bakar bat baizik ez bada ere, Jainko hori ez dela bakarrik. Orduan dituzte berriz irakurri lerro hauk eta ikusi Kristoz zela hor solasa .
Huna zenbait ohar:
ZUHURTZIA hori ez da bere buruaz bakarrik mintzo, beti Jainkoarekin duen loturaz ari da, elgarretarik ezin berexiak balire bezala : " Jainkoak bere egitateen hastetik beretzat sortu ninduen...Zerua finkatzen zuenean ni han nintzan..." Testamentu Zaharreko juduentzat ere , Jainkoa baitan, nahiz hau bakarra den, misterio bat bada, misteriozko harreman bat, Jainko bakar horren baitan misteriozko harreman bat bizi da . Jondoni Joanik idatziko du : "Hitza Jainkoarekin zen ..."
Bigarren oharra : Irakurtzen dugu, « bere lehenbiziko egintzen aintzinetik , betidanik moldatua izan naiz, lurra izan baino lehenagotik ... aintzinetik, betidanik, lehenagotik... » Horra hitzek erran nahi dutena : ZUHURTZIA betidanik hor dela, kreatura guziak baino lehenagotik. Joanik idatziko du : " Hastean bazen Hitza..."
Hirugarren oharra : ZUHURTZIA ez da kreatua edo moldatua, bainan bai " sortua ", Credo-an diogun bezala. Jainkoaren eta Zuhurtziaren arteko harremana ez da Jainkoaren eta kreaturaren arteko harremanen idurikoa.
Laugarren oharrra : Jainkoak kreatzen duen ZUHURTZIA ez da bakarrik han, bazterretik begira. Kreazionean parte hartzen du " obra-gidari " bezala . Eta han zuen " bere gozoa " Jainkoarekin bai eta ere bere "gozamena" gizakiarekin. Hasiera liburuan emana denaren oihartzun dira hitz horiek :" Eta egin zuen guzia biziki ona zela ikusi zuen Jainkoak ..."( Has 1, 31 )
Bururatzeko, egina izan den guzian ZUHURTZIA " obra-gidari " izan bada , mundua ez da desordonatua, ordrerik gabea. Hastetik, gizartea eta kosmosa ZUHURTZIAK derabiltza, ez dugu beraz konfientzia galdu behar. Bertzalde fedeak erokeria hau sinestera garamantza : Jainkoa, gizonen bizian, beti hemen dela eta oraino gehiago " gizakiarekin duela bere gozamena " .