Urteko bosgarren igandea
Lehen irakurgaia
( Jainko guziz saindua Izairi agertzen zaio, eta dei egiten dio )
Izai profetaren liburutik 6, 1-2a. 3-8
1 Ozias erregea hil zen urtean,
Jauna ikusi nuen tronu gora batean jarria ;
haren jauntziaren hegalak Tenplua betetzen zuen.
2 Zerafin batzu zituen gain aldetik.
3 Elkarri oihuz ari ziren, ziotela:
“ Saindu, saindu, saindua, diren guzien Jauna !
Lur osoa betetzen du haren aintzak.”
4 Oihu hortara, ateen kontzak dardaratu ziren,
eta Tenplua kez bete zen.
5 Orduan erran nuen :
“ Zorigaitz neri ! galdua naiz, ezpain kutsatuak baititut,
eta ezpain kutsatuak dituen herrian bizi bainaiz :
eta nere begiek ikusi dute Erregea, diren guzien Jauna !”
6 Zerafinetarik bat etorri zitzaitan hegaldaka,
aldaretik suhatzekin hartu ikatza sutan zaukala eskuetan.
7 Ikatzarekin ahoa hunkitu zautan, erranez :
“ Hunek hunkitu dauzkitzu ezpainak,
eta orai kendu zaizu hobena, barkatu bekatua.”
8 Orduan Jaunaren mintzoa entzun nuen erraiten:
“ Nor igorriko dut ? Nor izanen dugu mandatari ?”
Eta nik ihardetsi : “ Huna ni! Igor nezazu !”
Joan den astean Jeremi profetaren bokazionea irakurtzen ginuen. Egun, Izai profetarena. Bi profeta haundienetarik, gure iduriko. Eta bizkitartean, bat eta bertzeak beren ttikitasuna aitortzen dute : Jeremik ez du bere burua gai senditzen mintzatzeko, bainan Jainkoak hautatu baitu, harek du goiargituko, eta behar duen indarra emanen. Izaik bere burua ez gai senditzen du, bainan Jainkoak duelakotz hautatu Harek du garbituko.
Jeremi apeza zen ; ez dakigu Jainkoaren deia nun ukan zuen. Izai ez zen apeza, eta bere bokazionea Jerusalemeko tenploan ezartzen du. « Ozias errega hil zen urtean, Jauna ikusi nuen tronu gora batean jarria. » Izaik « ikusi nuen » erraiten duelarik ikuspen bat ukan duela du erran nahi eta ez kondaira bat. Beraz, haren hitzetan ez ditzagun bila egitate logiko batzu. Profeten liburuetan bada ainitz ikuspen miragarri : guretako mintzaira arrotz den hori ongi ulertzeko behar dugu argitu. Gehiago dena, zoin egunetan xuxen gertatu zitzaion gauza miresgarri hori, Izaik erraiten du: „Ozias erregea hil zen urtean“. Ozias 781 urtetik 740 urtera izan zen Jerusalemen errege; lepraduna zen eta 740an hil zen. Urte hortan ukan zuen Izaik ikuspen hori eta hortik landa 40 urtez bere profetagintza egin zuen.
„Saindu, saindu, saindua, diren guzien Jauna. Lur osoa betetzen du haren aintzak“. Gure mezetan hori kantatzen dugu. Izairen denborako kantua. Eta izan ditake Egiptoan ere kantatzen zela aintzineko denboretan! Saindu dela Jainkoa aitortzearekin, Jainkoa ez dela ez gizon eta ez emazte aitortzen da. Aldiz gizon-emazteak dira „Jainkoaren idurikoak“. Jainkoa Bertze delakotz, ez dugu amesten ahal, den bezala. Nolakoa den Jainkoa gure hitzek ez dute sekulan erraiten ahalko. Hori bere ttikitasunean Izaik senditzen du eta beldurra sartzen zaio : ”Zorigaitz neri! Galdua naiz, ezpain kutsatuak baititut, eta ezpain kutsatuak dituen herrian bizi bainaiz; eta nere begiek ikusi dute Erregea, diren guzien Jauna“. Ikusi behar ez zuena ikusirik, ondorioek beldurra emaiten diote. Leize haundi hori, Jauna eta gure artean den hori ikusi eta, ikara sartzen zaio.
Maizenik, Biblian, holako gertakarietan, Jainkoaren hitz hau errana da: „Ez beldur izan“. Hemen ez da holakorik. Zerafin baten jestuak du Jainkoa eta gizonaren artean den leize haundi hori beteko. Jestu horrek gizona garbituko du eta Jainkoarekin harremanetan sarraraziko : „Zerafinetarik bat etorri zitzaitan hegaldaka, aldaretik suhatzekin hartu ikatza sutan zaukala eskuetan. Ikatzarekin ahoa hunkitu zautan.“ Nola Jainkoa bera gurekin harremanetan sartzen den erraiteko molde bat da.
Harreman hunen ondorioa biziki sakona izan da. Izairen lana konfiantxa haundiko lana izanen da zeren Jainkoaren bozeramaile bilakatuko baita. Profetak Jainkoaren ahoa direla errana da batzuetan. Hori bera girixtinoaz erraiten ahal da. Zer gauza miresgarria !