Urteko hamabigarren igandea

URTEKO HAMABIGARREN IGANDEA C

Lehen irakurgaia

( Zilatu dutenari behatu diote )

Zakari profetaren liburutik 12, 10-11a ; 13, 1

Huna zer dion Jaunak:
10 Grazia eta otoitz-izpiritua ixuriko dut Dabiden etxe gainerat, eta Jerusalemeko bizilagunen gainerat.  Zilatu dutenari behatuko diote ; dolu eginen dute seme bakarragatik bezala ; nigar samina eginen dute lehen semeagatik egiten ohi den bezala.
11 Egun hartan, handia izanen da dolua Jerusalemen.
13 1 Egun hartan, iturburu bat sortuko da
Dabiden etxearentzat, eta Jerusalemeko bizilagunentzat
beren bekatu eta kutsaduratik garbituko ditu.

Huna idatzi bat arras interesgarria. Frangotan egiten dugu: « Jesus Salbatzaile dela... bainan zertarik salbatzen gaitu ? Eta nola? » Lehen girixtinoek galde bera zuten, eta erantzuna aurkitzeko Zakariasen ganat joan ziren.
Zertarik gaitu Jesusek salbatzen? Herratik, bortizkeriatik, berekoikeriatik gaitu salbatzen. Gure harrizko bihotzak haragizko bihotz bilakatzen ditu. Zakariasek dio: « Grazia eta otoitz-izpiritua ixuriko dut ». Nola gaitu Jesusek salbatzen? Bere gorputz zauritua gure behakoari eskainiz. « Zilatu dutenari behatuko diote », dio Jondoni Joanik Zakariasen ondotik eta hunek segitzen du erranez: « Iturburu bat sortuko da; beren bekatu eta kutsaduratik garbituko ditu ».
Bainan herra, bortizkeria, berekoikeria beti hor direla ikusiz, salbamen hori egina ote da? Beha dezogun idatziari. « Huna zer dion Jaunak » errepikatua da behin baino gehiagotan, iduriz erran nahi duela: « Ez duzue errexki sinetsiko, bainan agintza horiek obratuko dira, Jainkoak berak baitu hitzeman ».
« Egun hartan » errepikatzen da, betidanik igurikatua dena erraiteko. « Egun hartan » Jainkoaren eguna ; Jainkoak berak igurikatzen duen eguna; munduaren eta gizadiaren eguna; bere agintzaren eguna: « Egun hartan, Dabiden etxe gainerat eta Jerusalemgo bizilagunen gainerat ixuriko dut... » Juduentzat, lerro hau Mesiasen aipamena da: Biblia, Dabiden etxeaz mintzo delarik, Mesiasez da mintzo, eta egun famatu hartaz, noiz Mesias etorriko den Jainkoaren xedea gauzatzeko.
Babiloniako desterruaz geroztik, ez da erregerik Jerusalemen ez eta ondokorik Dabiden errege alkian. Bainan, Zakariasek diona argi da: « Dabiden etxe gainerat, eta Jerusalemgo bizilagunen gainera ixuriko dut... ». Horrek erran nahi du, itxurengatik ere, Dabiden etxea ez della baztertua. Jainkoak bere xedea gogoan du. Horrek erran nahi du ere Jerusaleme edo Izrael herria, herri hautatua dagola gizadiari salbamena ekartzeko.
Goazen aitzina: « Grazia eta otoitz-izpiritua ixuriko dut Dabiden etxe gainerat, eta Jerusalemgo bizilagunen gainerat ». Mesiasen egunak Jerusaleme eta bere bizilagunen konbertitzearekin hasiko dira.
« Zilatu dutenari behatuko diote »: behatu edo Jainkoaren ganat itzuli, salmoetan aurkitzen da erran hori. Herri hautatuak zilatu duen norbait dute aipatzen eta ondotik haren baitan Jainkoaren egoitza dute onartuko. Zakariasek lehenik Mesias zilatua izanen dela dio, eta gero haren herriaren begiak idekiko direla eta onartuko duela Mesias dela. Orduan, dolu eta nigar saminak beren buruaren kontra: « dolu eginen dute seme bakarragatik bezala; nigar samina eginen dute lehen haurragatik egiten ohi den bezala; handia izanen da dolua Jerusalemen.... » doluzko nigarrak, ohi den bezala. Mesiasen hiltzea, ezin baliotsuagoaren hilketa izanen da.
Begiekin, bihotzak dira idekiko, Ezekielek erran bezala: « Bihotz berria emanen dauzuet eta izpiritu berria ezarriko zuen baitan: harrizko bihotza kenduko dauzuet eta haragizkoa emanen. » (Ez 36,26). Grazia, otoitz-izpiritua, dolu eta nigar aipu direlarik, harrizko bihotzak ideki direla erraiten da, haragizko bihotz bilakatu direla. Ezekielek zion ere : « Zihauren buruaz okazta jauziko zaizue, huts eta jokabide higuingarriengatik ».
Azken oharra: « Egun hartan iturburu bat sortuko da Dabiden etxearentzat eta Jerusalemgo bizilagunentzat; beren bekatu eta kutsaduratik garbituko ditu ». Herriaren bihozberritzea heriotze horren fruitua izanen dela misterioski senditzen da; Mesias horraraino joanik direla begiak (eta bihotzak) idekiko... Bekatua, kutsadura, harrizko bihotzetan, begi hetsietan kokatuak dira. Bainan Mesiasen hitzak iturburu bat sortuko du.
Zakariasek erran bezala gertatu dira denak, bainan jenden bihotza ez da arras itzulia. Zer erran? Jainkoak libre egin gaitu; gure gain da begiak altxatzea Jainkoari buruz; ez gaitu bortxaz konbertituko.

Salmoa 62

Leloa: Altxa begiak Jaunaganat, Salbatzen gaitu gurutzean.


Nere Jainkoa, goizetik noa zure bila:
Zutaz egarri banabila.
Lur agortua uriz egarri den bezala,
Ni zure minak nerabila.

Zauden etxean zu, Jauna, ikus zaitzadala,
Indarrez, ospez hoin zabala.
Bizia baino zure grazia gozoago:
Zuri gogotik kantuz nago.

Jaun izenari nere bizian laudorio:
Eskuak luze nagokio.
Nere arimak Jauna du Jauna gozoz gozo;
Nere ezpainek bozkario.

Izan zare zu nere laguntza galbidean:
Gostuz nagozu hegalpean.
Nere arima badago tinki zu ondoan,
Atxik beti ni zuk eskuan.


Salmo hau Jerusalemeko tenploko apezentzat egina izan ziteken. "Zauden etxean zu, Jauna, ikus zaitzadala" (apezak bakarrik sar zitezken tenpluan), "Eskuak luze (Jaunari) nagokio", "Zuri gogotik kantuz nago" (apezek zuten hola otoitz egiten tenpluan).
Bainan salmo hau parabola bat bezala da. Otoitzean kantuz ari den apez hori Izrael osoa da, bere historiaren hastetik Jainkoaren adiskidantzan bizi dena. "Goizetik noa zure bila : zutaz egarri banabila...". "Goizetik" diolarik, "denboren hastapenetik" erran nahi du. Betidanik Izrael Jainkoaren ondotik dabila. "Lur agortua uriz egarri" : betidanik Israel Jainkoaz egarri da.
Eta egarri hori ezin asea du, Jainkoaren hurbiltasuna bizi izan duelakotz. Beraz bigarren mail huntan, salmo hau Izraelen esperientziaren lekuko izan daiteke. Adibidez "Zutaz egarri banabila, lur agortua uriz egarri den bezala" ez ote da Izrael basamortuan egarriak xuritua bizi izan zen urteen oihartzuna (Jal 17) ? Otoitzik ederrena gure ezeria izpiritualetik jauzten den hura da, urgabetuaren oihua : Egarri naiz !
"Zauden etxean zu, Jauna, ikus zaitzadala" bertsuak Sinai mendia gogoraraz dezake. Jainkoak han bere herriarekin elkargo egin zuen. Han ikusi zuen Izraelek bere Jainkoa "indarrez, ospez hoin zabala." Iraeldarrek ezin ahantzia zuten Jainkoak Moisi erran ziona : "Ikusi dut ene herriaren atsegabea Egipton eta entzun haren oihua zapaltzaileen pean : bai badakit haren oinazeen berri." (Jal 3,7) Konprenitzen da zergatik librantza harek Izraeli gogorat emaiten zion arranoaren irudia : "Arranoak, kafiaren gainean hegaldaka, umeak airatzera sustatzen dituen bezala, berdin Jaunak ere : hegalak zabaldu, Izraeldarrak hartu eta hegatsen gainean eremaiten ditu." (Dt 32,11)
"Nere Jainkoa, goizetik noa zure bila" bertsuak erraiten du ere Jainkoa ez dela eskumenean, haren xeka ibili behar dela : Izraelen enborrean xertatua den Eliza ere esperantzaren herria da , geroari buruz itzulia, Jesus piztua bere aintzan noiz etorriko den zain dagona.

 

Bigarren irakurgaia

( Kristoren baitako fedeak hausten ditu gizonen arteko berexgoak )

Jondoni Paulok Galaziarreri 3, 26-29

Haurrideak,
26 Jesu Kristoren baitan, denak Jainkoaren seme zirezte, fedeari esker.
27 Alabainan, bataioaz Kristori lotuak izan zirezten guziek,  Kristo jauntzi duzue.
28 Ez da gehiago ez Judu, ez paganorik,  ez esklabo, ez librorik, ez gizon, ez emazterik, zuek, guziak bat zirezte Kristo Jesusen baitan. Kristorenak balinbazirezte, Abrahamen ondokoak zirezte, eta Jainkoak hitzeman ondoriotasuna, zuena da.

Galaziako anaidiari mintzo da Jondoni Paulo, eta anaidi hori gatazka gorrian ari zen denbora hartan. Hortakotz, « ez da gehiago ez Judu, ez paganorik, ez esklabo, ez librorik, ez gizon, ez emazterik » lerroak badu bertze itxurarik! Guhaurek, gure ezberdin eta berezitasun guzietan, asmatzen dugu: ez balitz kontrakorik! « Guziak bat zirezte Kristo Jesusen baitan »: bainan egun oroz, izaitearen eta itxaropenaren arteko zer leizea!
Bainan Jondoni Paulok ez du amor emaiten; itxurak nahi ditu baztertu. Izaite konkretua deitzen duguna, leinu, seksu, sozial mail ezberdinak dira, bainan itxurak baizik ez dira. Itxura horiek baino ainitz garantzisuago gure batasuna, Jesu Kristo baitan xertatuak baigira. Odol bera dugu zainetan.
« Bataioaz Kristori lotuak izan zirezten guziek, Kristo jauntzi duzue ». Soinekoaren itxura aski ederra da : Kristoren jauntziak beztitzen gaitu eta gure berezitasun guziak estaltzen. Jondoni Paulok diolarik: « Ez da gehiago ez Judu, ez paganorik », erran nahi du eztabada gogorrak bazirela Judu-giristinotu eta pagano-girixtinotuen artean; eta « ez da gehiago ez esklabo, ez librorik », eta « ez da gehiago ez gizon ez emazterik » erranez, bereizgoen ginditzera gomitatzen gaitu Paulok. Denak bataiatuak gara, denak Kristoren lagun, hortan da lehentasuna, dio Paulok. Ezberdintasunak baldin badira gizon eta emazteen artean, Elizan ere, fedearen aitzinean, denak bataiatuak zaizte, dio Paulok.
Ororen buruko galdea hau zen girixtinoen artean : fedea aski ote da? Edo fedearekin behar ote da gainerat Juduen Legea eta bereziki ebakitza? Paulok dio: Abram ez zen ebakitua Jainkoaren agintzak entzun zituelarik, eta Jainkoaren baitan bere konfiantxa ezarri zuelakotz ontzat hartua izan zen. « Abramek Jauna sinetsi zuen eta, horrengatik, Jaunak ontzat hartu zuen » (Has 15,6) . Eta agintza bat lurreko herri guzientzat izan da: « Zure bitartez benedikatuko ditut lurreko herri guziak » (Has 12,3). Lurreko herri guziak, beraz zuek Galaziako herria ere.
Eta Paulok oraino: Galaziarrek herri guzien benedizionea gozatzen dute eta Abramen ondoko dira, agintzen herriaren(erran nahi baita Juduen) haurride. Bataioak haurride egin ditu. Bataioaz, Kristautuak gaude Jesu Kristo baitan eta Haren bitartez Abramen ondoko bilakatuak : « Bataioaz Kristori lotuak izan zirezten guziek, Kristo jauntzi duzue », eta lotura hori batasun da. Gure izenak berak, Kristoren jabe gaudela du aitortzen. Haren bitartez, Jainkoaren Seme, Abram fededunaren ondoko bilakatuak gira. « Kristorenak balinbazirezte, Abrahamen ondokoak zirezte. » Ebakituak edo ez, fededunak izanez geroz, Abramen ondokoak gira.
Egia erraiteko, desberdintasunak badira frango orain ere eta hoinbertze kontraerranen artean gure burua tirabirakatua da. Jondoni Pauloren erraneri kasu egin bagineza, gure arteko desberdintasunak ikusiz eta bataiatuak garela kontuan harturik, gure ikus-moldeak arras bertzelakoak izan litaizke, Kristori lotuak eta xertatuak girelakotz. Hemen ere erran ginezake : « ez berex Jainkoak bat egina ».

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa
san Luken liburutik 9, 18-24


18 Jesus, bakarrik, otoitzean ari zen batez,
dizipuluak hurbildu zitzaizkion, eta Jesusek galdegin zioten :
“ Nor naizela diote jendeek ?”
19 Heiek ihardetsi zioten : “ Batzuek Joanes Bataiatzailea zirela, beste batzuek Eli ; besteek, berriz, lehengo profeta bat, piztua.”
20 Jesusek erran zioten : “ Eta zuek, nor naizela diozue ?”
Petrik ihardetsi zuen :  “ Jainkoaren Mesias.”
21 Jesusek larderiatu zituen, nehori erran ez zezaten.
22 Erran zioten ere : “ Gizonaren Semeak ainitz sofritu behar du ; zaharrek, apezburuek eta lege-irakasleek arbuiatuko dute eta hilen ; eta hirugarren egunean piztuko da.”
23 Gero, deneri erraiten zioten : “ Nere ondotik etorri nahi duenak uko egin bezo bere buruari, har beza egun oroz bere gurutzea, eta jarraik bekit.
24 Zeren, bere burua salbatu nahi duenak galduko du,
bainan bere bizia neregatik galtzen duenak salbatuko du.”

 

Jesusek eri zirenak sendatu ditu eta ogia aniztu jendeari jatera emaiteko. Eta orduan du bere dizipulueri galde hau egiten: « Nor naizela diote jendeek ? » lehenik, eta gero dizipulueri: « eta zuek, nor naizela diozue? » Zerbait erakatsi nahi du: bere dizipuluak nahi ditu fedearen bidean ezarri. Zuek, zer diozue? Eta hemen heien fede aitorpena du galdetzen.
Zoin dira jendeen gogoetak? Batzuek, Joanes Bataiatzailea dela, berpiztua; bertzeak, Eli dela; bertze batzuek, berpiztu den profeta bat. Lehen oharra : hilen piztearen sinestea hedatua zen. Joanes Bataiatzailearena bai eta profetena aipatua da. Beraz, Juduetarik zonbait Bazko goizeko berria entzuteko prest ziren. Bigarren oharra : galde hau ogia aniztu ondoan dator. Elik berak ogiaren mirakuilua egin zuen (Sareptako alargunaren ixtorioa). Eli itzuliko zelako berria Malakiasek aitzinetik errana zuen: « Jaunaren eguna, egun haundi eta ikaragarria etorri aitzin, Eli profeta igorriko dauzuet. Aitak beren haurrekin eta haurrak beren aitekin baketuko ditu» (Ml 3,23) Matiuren ebanjelioan Jesusek dio testo hori ez dela hartaz ari. « Dizipuluek galdegin zioten: « Lege-irakasleek zergatik diote, bada, Eli etorri beharra dela lehenik? » Jesusek ihardetsi: « Bai, Eli etorriko da eta denak beren hartan ezarriko ditu. Bainan, nik diozuet: Eli etorri da, eta ez dute ezagutu, nahi zuten guzia egin diote. Berdin Gizonaren Semeak ere heienganik sofritu beharko du. Orduan konprenitu zuten dizipuluek Joanes Bataiatzaileaz mintzatu zitzaiotela. » Itxuraldatzean, dizipuluek Eli Jesusen ondoan ikusiko dute : Jesus ez dela Eli profeta lurrerat itzulia konprenituko dute.
Orain heieri da erantzun baten aitzinatzea: « Eta zuek, nor naizela diozue? » Lehena, Petrik ihardesten du : « Jainkoaren Mesias » , erran nahi baita gantzutua dena, Jainko Izpirituaren egoitza, Jainkoaren erreinua eraikitzen duena. Bertzalde, Petrirentzat, ogiaren aniztea, froga bat da: Jainkoaren Erreinua gutartean da.
Harrigarri dena, Jesusek galdea egin orduko, Petrik xuxen ihardesten du, bainan Jesusek hori errepikatzea debekatzen dio. « Jesusek larderiatu zuen, nehori erran ez zezaten! » eta argitzen ditu: bai, egia duzu, Mesias naiz... bainan kasu, Mesias ez da arras zuek pentsatzen duzuen hura! Eta sofritzen duen Mesias bat du mezutzen: « Gizonaren Semeak ainitz sofritu behar du; zaharrek, apezburuek eta lege-irakasleek arbuiatuko dute eta hilen; eta hirugarren egunean piztuko da. » Ondotik, girixtinoek Isairen eta Zakariasen erranak, nola Mesiasek pairatuko zuela mezutu zuten, bainan Jesusen denboran, holako gertakizunik ez zitaiken pentsa: gerla-buruzagi eta irabazle loriotsu bat, Erromanoen aztaparretik Juduak libratuko zituen Mesias bat zuten gogoan.
Hemen ere Jesus erakasle agertzen da: dizipuluak nahi ditu fedean sartzera gomitatu, jendeen sinestetik baztertuz, bai eta bere egiazko misioneari -zerbitzari eta ez nagusi - heien begiak ideki. Eta holako berria, jendeak ez dira batere gai onartzeko.
Azkenik, zoin izanen den bidea du Jesusek bere dizipulueri erraiten : « Nere ondotik etorri nahi duenak uko egin bezo bere buruari ». Erran hunek ebanjelizatzearen lanak, nekeak, trabak ditu aipatzen. Beren Jainko Jaunaren bidea hartuz, dizipuluak ez dira hobeki tratatuak izanen. Jondoni Joanik idatzi bezala, ogi-bihiaren bizia beharko dute onartu: « bere burua salbatu nahi duenak galduko du, bainan bere bizia neregatik galtzen duenak salbatuko du. » Lerro hau ez da dizipulueri buruz bakarrik errana, bainan jendalde guziari. Gomita ezin zabalagoa da. Ez da bertzelako baldintzarik Jesusi jarraikitzeko: Jainkoaren Erreinuaren berria zabaldu ospe haundirik igurikatu gabe, ogi-bihiaren lurperatzea onartuz.