Urteko hamargarren igandea
Lehen irakurgaia
(Elik otoitz egiten eta Jainkoak haurra pizten)
Erregeen lehen liburutik 17,17-24
17 Eli profeta egoiten zen etxeko anderearen semea eri zen;
gaitza hain bortitza izan zen, non haurra hil baitzen.
18 Emazteak erran zion Eliri :
“ Zer ari zira hemen, Jainkoaren gizon ?
Etxerat etorria ote zaitut
nere bekatuen orroitzapenaren berritzera,
eta nere semearen hiltzera ?”
19 Elik ihardetsi zion : “ Emadazu semea !”
Hartu zion haurra altzotik,
ereman zuen goiti, bera bizi zen gelarat,eta bere ohean etzan.
20 Gero hunela dei egin zion Jaunari :
“ Jauna, ene Jainkoa, bere etxean hartu nauen alargun hau
atsegabetu behar ote duzu, semea hilaraziz ?”
21 Hiru aldiz etzan zen haurraren gainean,
eta oihu egin zion Jaunari, erranez :
“Jauna, ene Jainkoa, otoi, itzul-ozu bizia haur huni ! ”
22 Entzun zuen Jaunak Eliren deia ;
itzuli zitzaion haurrari hatsa : eta bizi zen.
23 Elik, orduan, hartu zuen haurra,
goiko gelatik jautsi eta amari eman zion, erranez :
“ Huna, bizi da zure semea ! ”
24 Emazteak ihardetsi zion :
“ Orai badakit Jainkoaren gizona zirela,
eta, zure ahoan, Jaunaren hitza egia dela. ”
Hemen kondatua Izraeletik kanpo gertatzen da, paganoen artean. Izraelen idortea da eta Sarepta herriko alarguntsa batek ongi etorri egiten dio Eli profetari. Han zagola alarguntsaren seme bakarra eritu eta hiltzen da. Senarra ere galdua baitzuen, emazteak hobendun zela uste zuen, orduan denek uste zuten bezala : hiltzen dena norbaitek hiltzen du, norbait bada hobendun. Sareptako emazte gaixo harek uste du, gainera, semea ere haren faltaz hil dela, eta Eli, Jainkoaren profeta, horren salatzera jina zaiola : “Etxerat etorria ote zaitut nere bekatuen oroitzapenaren berritzera...?” Gaurregun anitzek uste dute Jainkoa dela gure nahigabeen hobendun. Testo hunen ondoko lerroek erakusten daukute kontrakoa dela egia : Jainkoa sendatzaile, bizi-emaile da. Elik alarguntsari begiak idekitzen diozka, semea piztuz : heriotzea ez da norbaiten kontrako zigorra. Eta Jainkoa biziaren emailea eta begiralea da. Jainkoak ez du nehoren hiltzerik nahi, bainan bihozberri gaitezen, bizitzeko.