Urteko hamekagarren igandea
Lehen irakurgaia
( Dabidek bere hutsa aitortzen du, eta Jainkoak barkatzen dio )
Zamuelen bigarren liburutik 12, 7-10. 13
Dabidek bekatu egin eta
7 Natan profetak erran zion:
“ Huna zer dion Jaunak, Izraelen Jainkoak:
Nik kontsekratu zaitut Izraelgo errege,
eta nik atera Zaulen eskuetarik.
8 Zure nagusiaren etxea eman dautzut,
eta haren emazteak zure besoetan ezarri;
Izrael eta Judako etxea eman dautzut;
eta hori ez balitz aski, nahi duzun guzia emanen dautzut.
9 Zergatik gutietsi duzu Jaunaren errana,
haren begietan gaizki dena eginez?
Amondarren eskuz hilarazi duzu Uri Hititarra ezpataz,
eta haren emaztea zure emazte egin.
10 Horrengatik ezpata ez da gehiago zure etxetik baztertuko,
gutietsi nauzulakotz,
eta Uri Hititarraren emaztea zure emazte egin duzulakotz.”
13 Dabidek erran zion Natani:
“ Bekatu egin dut Jaunaren kontra!”
Eta Natanek Dabidi:
“ Jaunak barkatu dautzu bekatua, ez zira hilen.”
Horra Dabid erregearen historiaren gertakari ezagutuenetarik bat. Erregearentzat, ez ederrena beharbada. Gerla denboran ziren; Dabid erregea Jerusalemen zen bere jauregian. Arrats batez terrazan ibiltzean, mainatzen ari zen kreatura liluragarri bati ohartu zen. Hartaz maitemintzen da eta jauregira ekarrarazten du. Emazte hura ezkondua zen alta, bainan senarra, Uri Hititarra, gudu lekuan zuen. Gauzak laster gaizkatzen dira emazteak haur-beharretan dela jakinarazten diolarik erregeari. Senarra Jerusalemera lehen-bai-lehen itzularazten du Dabidek. Etxeko atarria iragan bezain laster, bere emazteak igurikatzen duen haurraren aitatasuna haren gain emaiten ahalko da.
Bainan Moisen legearen arabera, gudaldian ziren gerlariek ez zuten emazteekin harremanik behar. Uri Hititarra eginbidetsua da. Gudari kideeri atxikia da, ez du fagorerik gozatu nahi. Beraz, Dabidentzat ez da aterabide bat baizik : senar trabakorra hilaraztea. Erregeak bere armadako buruzagi Joabi manatzen dio Urias ezartzeko borroka gogorrena dagoen lekuan, hila izan dadin. Zonbait egun berantago, mezulari batek Uriasen heriotzearen berria ekartzen dio erregeari. Dolualdia bururatuta, Dabidek Betsaberen bila igorri eta jauregian berekin hartzen du. Haurra sortzen da, muttiko bat.
Natan profeta Dabiden jauregira etortzen da orduan. Biziki abilki erraiten dio : “Zure erresumako hiri batean gertatu berria den ixtorio bat kondatuko dautzut : baziren bi gizon, bat aberatsa eta bertzea pobrea. Aberatsak abere ttipi eta larri, sekulako heldea zuen. Pobreak bildots bat baizik ez zuen, erosia zuen ttipi bakar bat. Bazkatzen zuen eta bere haurrekin batean bere etxean hazten ... Egun batez, gizon aberatsari bisitari bat jin zitzaion : afaiteko, zer uste duzu egin zuela ? Bere artaldean behar zituen guziak bazituen, bainan ez ! Pobrearen bildotsa ebatsi zuen bere otrontzarendako.” Dabid harritua da, gizon hori zigortu behar da. Bainan Natanek berehala gelditzen du : “ Zu zira gizon hori !”
Egungo testoaren irakaspen harrigarria : Dabidek damu izpirik erakutsi aintzin, profeta jakinaraztera jiten zaio Jainkoak ongiegin bat ere ez duela ukatzen eta opariz bete nahi duela oraino gehiago ! “ Zure nagusiaren etxea eman dautzut, eta haren emazteak zure besoetan ezarri ; Izrael eta Judako etxea eman dautzut ; eta hori ez balitz aski, nahi duzun guzia emanen dautzut.” Azken erranaldi hau “eta hori ez balitz aski, nahi duzun guzia emanen dautzut” barkamenduaren eskaintza ederrena da : bekatua, fedegabekeria gaindituz, Jainkoak maitatzen, emaiten segitzen du. Jainkoaren emaitzak ez dira gure egin-moldeekin parekatzekoak. Jainkoaren barkamendua, ez da doi-doieko gertakari bat, bere amodioaren emaitza iraunkorra da, guk fedegabekeria ainitz izanagatik ere.
Bainan barkatzeak ez du hobengabetasunera itzultzea erran nahi ! Ongi badakigu, gure egiteek fruituak ekartzen dituztela, batzu onak, bertze batzu pozoindatuak. Horrek berak du egiten gure bizien handitasuna, ez da ezabatzeko ahalik : oraidanik, gutiziak, erailketak, Dabiden bizia pozoindatuko dute : profetak ez dio besterik erraiten ahal: “Ezpata ez da gehiago zure etxetik baztertuko...”
Orduan, bat-batean, Dabid ohartzen da bere egintzen izigarrikeriaz eta zuzengabekeriaz bai eta ere haren ondorio lazgarrietaz. “Bekatu egin dut Jaunaren kontra” erraiten du, bertzerik ez. Eta profetak erran dezoke hortarako jina zen erranaldi bakarra : “ Jaunak barkatu dautzu bekatua.”