Urteko hirugarren igandea
Lehen irakurgaia
( Jainkoaren herria Jainkoaren Hitzari ohartzen )
Nehemiren liburutik 8, 1-4a. 5-6. 8-10
Zazpigarren hilabeteko besta egunean,
1 Jende guzia, gizon bakar bat bezala bildu zen, Uretako ate aitzinean den plazan. Ezdraz lege-irakasleari erran zioten Jainkoak Izraeli emana zion Moisen legearen liburua ekartzeko.
2 Orduan Ezdraz apezak Legea ekarri zuen batzarraren aitzinera :
gizon, emazte eta ezagutza zuten haur guzien aitzinera.
Zazpigarren hilabeteko lehen eguna zen.
3 Uretako ateko plazari buruz, Ezdraz liburuan irakurtzen aritu zen, goizetik eguerdi arte, gizon, emazte eta ezagutza zuten haur guzien aitzinean : herri osoa han zagon Legearen liburua entzuten.
4 Ezdraz lege-irakaslea hartarako altxatuak ziren taulen gainean zagon.
5 Ezdrazek liburua zabaldu zuen herri osoaren aitzinean, bera besteak baino gorago jarria baitzagon.
Liburua zabaltzearekin, herri osoa xutitu zen.
6 Orduan, Ezdrazek Jauna, Jainko handia, goretsi zuen, eta herriak, eskuak altxaturik, ihardetsi zuen : “ Amen! Amen!”
Gero, ukurtu eta ahuspez eman ziren Jaunaren aitzinean.
8 Ezdrazek irakurtzen zuen Jainkoaren Legearen liburutik, gero Lebitarrek itzultzen zuten, erran-nahia agertuz,
eta denek konprenitzen zuten.
9 Nehemi gobernariak, Ezdraz apez eta lege-irakasleak, eta irakasten ari ziren Lebitarrek, herriari erran zioten :
“ Gaurko eguna Jaunari, zuen Jainkoari, kontsekratua da ! Ez doluan jar, ez egin nigarrik !”
Zeren herri osoa nigarrez ari zen, Legearen hitzak entzutean.
10 Ezdrazek erran zioten ere : “ Zoazte eta jan haragi guria, edan arno gozoa, eta igor janaria deus prestatu ez duteneri ere, egun hau Jaunari kontsekratua baita. Ez atsegabetu : Jaunaren bozkarioa zuen indarra baita !”
Jerusalemen gira, Jesu Kristo aintzineko 450 inguruan. Babiloneko desterrua iragana da, Jerusalemeko Tenploa berriz eraikia, bizia berriz hasia. Bainan halere, iduri luke populu horrek zuen esperantza haundi hura osoki galdua duela.
Oraino iragan mendeko gertakari lazgarrien ondorioak hor dira : orduan herria etsaiak hartua, hiria errautsia izan baitzen... Desterruaren beraren zakar-herexak, herrirat itzuli ondoko zakar-herexak ere hor dira. Babiloneko desterruarekin denak galduak izan ziren, eta hoinbeste idurikatu zuten itzultzea ez zen ametsetakoa izan.
Izraelen fedeak, oso-osoa, miragarriki atxiki zuen, hersturan izanik ere. Idolatria guzien erdian, Izrael populu bat egon zen, haren kartsutasuna haunditu, eta hori apez eta profeteri esker, hauiek egin baitzuten ezin akituzko artzain lana : hala nola ordu heietan, Izkirio Sainduen berriz irakurtzea eta hausnartzea.
Gibelerat itzuli-eta, zailtasun haundia izan zen elkar aditzea : lan xede onez eta asmoz beterik herrirat itzuli zirenen eta jadanik han kokatuak zirenen artean, ez zen bakarrik arroila bat , bainan leize bat. Herrian egon zirenetan batzu paganoak ziren, eta ez zuten axolarik Juduen legearen zorroztasunaz. Beren etsaigoa erakutsi zuten Tenploa berriz eraiki zelarik. Erlisioneari buruzko lazakeria hori ikusiz, nagusi eta agintariak arranguratu ziren.
Kenka txar hori xuxendu nahiz, Ezdraz eta Nehemik egin ahal guziak eginen dituzte. Izraelen historian, populuaren bateratzea egina izan da beti Jainkoarekilako Elkargoaren izenean. Elkargoaren zimenduak ber-berak dira : Lurra, Hiri Saindua, Tenploa eta Jainkoaren Hitza. Lurra, hortan gira; Jerusaleme Hiri Sainduaren berriz berreraikitzea Nehemi gobernariak bururatuko du. Tenploa aldiz jadanik xutik da. Jainkoaren Hitza gelditzen da : oihukatuko dute, kanpo zabalean, gaitzeko ospakizun batean. Zurezko mintzatoki gora bat eraiki da : hantik dute apez eta itzultzaileek Hitza ozenki oihukatuko.
Eguna artoski hautatua da. Lehengo ohidura berritzen dute : urte berriaren kariarat, ospakizun haundi bat : “Zazpigarren hilabeteko lehen eguna.” Mintzaldiak pestarat gomitatzen du : jan eta edan zazue, huna egun haundi bat, zeren Jainkoaren Hitzaren inguruan biltzen baitzirezte. Elkartean loturen egiteko Ezdraz eta Nehemik besta bat asmatzen dute Jainkoaren Hitzaren inguruan.
Herriak Esdrasi “Amen! Amen!” ihardesten dio. Alleluia, Hozanna eta Amen dira gure liturgian atxikiak izan diren hebrearrezko hitz bakarrak. “Amen” hitz hortan dira sendotasuna, iraunkortasuna. Horieri fidantziaz lotzen ahal da. Hebrearrez “egia”, “fedea”, “leialtasuna”, “amen” hitzaren familiakoak dira. Amen erraiten dugularik, gure oldar guzia biltzen dugu, Jainkoaren agintzak fidagarriak direla aitortzeko : ikusten dugu beraz, hitz hori ez daitekela Jainkoari buruz baizik erran : Jainkoa bakarrik baita Egia. “Amen” hitza, betikotz Jainkoaren eta gizadiaren arteko Elkargorakoa egonen da.