Abenduko bigarren igandea
Lehen irakurgaia
( Presta Jaunaren bidea )
Izai profetaren liburutik 40,1-5 . 9-11
1 “ Kontsola zazue, kontsola nere herria, dio zuen Jainkoak.
2 Mintza bihotzera Jerusalemi, egiozue oihu:
Betea duela bere mutilgoa, ordaindua bere hobenen zorra,
Jaunaren eskutik hartua baitu bere bekatu guzien
ordain betea.”
3 Mintzo bat ari da oihuka:
“Presta basamortuan bidea Jaunari.
Ezar zelaiturik eremuan galtzada gure Jainkoari.
4 Bete daitezela erreka guziak, apal mendi eta muno guziak;
xuxen daitezela malkarrak, eta zelai bilaka lur maldak.
5 Orduan Jaunaren aintza agertuko da,
eta guziek batean ikusiko dute Jaunaren ahoa
mintzatu dela.”
9 Igan mendi gainerat, zu Zioni berri ona ekartzen diozuna.
Egin oihu handi, zuek Jerusalemi berri ona
ekartzen diozuenek.
Egin oihu, ez izan beldurrik.
Erran Judako hirieri: “ Huna zuen Jainkoa.”
10 Hara: indarrez jantzia heldu da Jainko Jauna
eta haren besoa nagusi da.
Hara: berekin dakar garaipen saria,
eta bere aitzinean, irabazia.
11 Artzainak bezala , zaintzen du bere artaldea,
bildotsak besoan hartu eta altzoan eremaiten ditu
eta artarekin gidatzen ardi umatu berriak.
Horra hemen Izai profetaren pasarte ederrenetarik bat : “Kontsola... zazue herria.” Herria Babilonian preso dago J.K. aitzineko 6. mendean. Eta horra Izaik oihukatzen diola librantzaren tenorea etorria duela. Jainkoak zigortu baitzuen bere bekatuarengatik – erran nahi baita Jainkoa bazter utzirik- orai baketzeko ordua da. Eta hala gertatu zen. Cyrus errege pertsiarrak, Babilonaz jabeturik, Izrael bere lurrerat igorri zuen.
“Presta basamortuan bidea...” Babilonia eta Juda artean basamortu bat zabala bada. Jadanik, lehenago Jainkoak berak Izraeli bidea prestatu zion basamortuan, Egiptoko esklabotasunetik libratu zuelarik Moisek. Aldi huntan Izraeldarrak ez dira Babiloneko erregearentzat ariko bide egiten, ohi zuten bezala, bainan berentzat eta beren Jainkoarentzat.
Zeren, Egiptotik atera zirenean bezala, orai ere Izraeldarrek Jainkoa berekin dute, hura ere preso egon balitz bezala. Erraiteko manera bat da konpreniarazteko Jainkoa beti berekin ukan dutela, dela, eta izanen dela, hura leiala baita, artzain ona “bildotsak besoan hartu eta altzoan eremaiten dituena eta artarekin gidatzen ardi umatu berriak.”