Abenduko laugarren igandea B
Lehen irakurgaia
( Dabiden seme den Mesiasen agintza )
Zamuelen bigarren liburutik
7,1-5 . 8-12 . 14. 16
1 Dabid erregea bere etxean bizi zen, Jerusalemen.
Jaunak inguruko etsai guziekilako bakea emana zion.
2 Erregeak orduan erran zion Natan profetari:
“ Beha: ni zedrozko etxean bizi naiz,
eta Jainkoaren kutxa oihal-etxolan dago.”
3 Natanek ihardetsi zion erregeari:
“ Zoaz eta egizu gogoan duzuna, Jauna zurekin baita.”
4 Bainan gau hartan berean Jaunaren hitza etorri
zitzaion Natani:
5 “ Zoaz eta errozu Dabid nere zerbitzariari:
Hau dio Jaunak:
Zuk eraiki behar ote dautazu etxea, nere bizileku izan dadin?
8 Nik atera zintudan zure larreetarik, artaldeen gibeletik,
nere herri Izraelen buruzagi izan zintezen.
9 Zurekin izan nauzu ibili ziren alde guzietan,
nik suntsitu dauzkitzut aitzinean jarri zaizkitzun etsai guziak.
10 Nik emanen dautzut lurreko handikiena bezalako izen handia.
11 Leku bat emanen diot nere herri Izraeli,
han landatuko dut, han biziko da,
ez du gehiago hersturarik izanen,
eta gaizkiegileek ez dute apalduko, lehen bezala,
Jujeak nere herriaren gidari ezarri nituenean bezala.
Bakea emanen dautzut etsai guzietarik.
Jaunak jakinarazten dautzu, berak eginen dautzula etxe bat.
12 Zure egunak bete eta zure arbasoekin atseden hartuko duzunean,
ondoko bat emanen dautzut zure ondorean, zureganik sortua,
eta sendotuko dut haren erregetza.
14 Harek aita izanen nau ni, eta seme izanen dut nik hura.
16 Zure etxeak eta zure erregetzak iraunen dute beti nere aitzinean,
eta zure errege-alkia sendo izanen da betikotz.”
Jesu Kristo aitzineko hamargarren mendea. Dabid errege da Jerusalemen, berak eraiki jauregi ederrean. Bainan kezka bat badu : Jainkoari ez ote dio tenplo bat eraiki behar, oihal-etxola batean uzteko partez ordu arte bezala. Natan profetak berehala baietz. Bainan lasterregi mintzatu da. Ondoko gauean Jainkoak hitz egiten dio. Profetak berriz Dabiden ganat joan behar du Jainkoaren bi pundutako mezuarekin :
lehenik “ez”, gero promesa bat.
Zuk, David, ez dautazu tenplorik altxatuko :
Bat : ez baitauzut deusik galdegin. Oihal etxola edo tenplo eder, Jainkoaren handitasunari ez zaio deusik eransten : ”Gizonak Jainkoarentzat egiten duen guzia gizonaren onetan da, ez Jainkoaren” dio San Agustinek. Betleemeko harpeak ez du Jesus batere izitu.
Bi: uste ote duzu nunbait ohatzen ahal dela naizen Jainkoa? Egiptotik atera eta, herria berrogoi urtez basamortuan ibili delarik, Elkargoaren kutxa oihal-etxola batean egona da, herria norat, hura harat. Orai, herria Lur Hitzemanean sartua izanik ere, Jainkoari berdin zaio haren egoitza holakoa edo halakoa izan dadin. Jainkoa libro da, ez da preso sartzen. Harek dauku eskaintzen gure artean bizitzea, hura ukan dezagun lagun gure bidean.
Hiru : Bakotxak bere egitekoa. Nor da ongi-egilea : Jainkoa ala Dabid ? Dabid adixkide, ez zaitela tronpa : Jainkoak du eraikitzen, harek bizia emaiten. Bestela erran : Dabid da Jainkoaren eskuan eta ez alderantziz. Jainkoak nahi duena hau da : bere herria eraiki, ez tenplo bat. Erregea xede horren betetzailea da. Jainkoak erregea sustatzen du, erregea herriaren artzain ona izan dadin.
Horra gero promesa. Jaunak dio : Nik dauzut etxe bat eraikiko. Dabidek Jainkoari eraiki nahi zion etxea harri, zur eta urrezkoa izanen zen, erregearen jauregia bezalako zerbait. Jainkoak Dabidi hitzemaiten dion etxea, errege familia da. Jainkoak dio Dabidi : Zuk bizitegia eskaintzen dautazu. Nik ondokoak emanen dauzkizut, zure familiako errege saila : “Jaunak jakinarazten dauzu berak eginen dauzula etxe bat...ondoko bat emanen dauzut zure ondorean, zureganik sortua...zure etxeak eta zure erregetzak iraunen dute beti...” Ordutik dago Izrael Mesias baten beha, erran nahi baita olioz gantzutu errege baten haiduru.