Abenduko lehen igandea B
Lehen irakurgaia
( Jaunari deia etor dadin )
Izai profetaren liburutik 63,16-17; 64,2-7
16 Zu zira, Jauna, gure Aita, “gure Erosle” duzu izena betidanik.
17 Zergatik utzi gaituzu, Jauna, zure bideetarik baztertzen,
eta gure bihotzak gogortzen, zure beldurrik ez izaiteraino ?
Itzul zakizkigu, zure zerbitzariengatik,
zure ondarea diren leinuengatik.
19 Ai, zeruak urra bazinitza eta jauts bazinte!
Mendiak zure aitzinean urtuko litaizke.
64,2 Jautsi zinen eta mendiak urtu ziren zure aitzinean.
3 Behinere ez da entzun, ez jakin,
nehork ez du zutaz beste jainkorik ikusi
haren baitan sinesten dutenen alde hola egin duenik.
4 Zu ateratzen zira, pozik eta zuzen dabiltzanen,
eta zure bideak gogoan dituztenen bila.
Hasarre egon zinen, bai, bekatu egin baiginuen,
aspaldidanik bekatari baigira, eta halere salbatuko gira.
5 Guziak zikinduak bezala gira,
eta gure egintza onak ere trapu zikina bezala dira.
Hostoak bezala eihartu ginen,
eta gure bekatuek, haizeak bezala, eremaiten gintuzten.
6 Ez zion nehork zure izenari dei egiten,
ez zen nehor zuri hel egitera lehiatzen zenik.
Zure aurpegia gorde baitzinuen guganik,
gure bekatuen menpean utzi baigintutzun.
7 Halere, Jauna, zu zira gure Aita.
Gu, buztina gira, eta zu gure eltzegilea:
zure eskuetako lana gira guziak.
Izairen idatzi hau Jesu Kristo aintzineko bostgarren mendekoa izan daiteke . « Gure Aita » otoitzaren eite badu. Bi aldiz erraiten du Jainkoa Aita dela. Lehen bertseta eta azkena berdinak dira ; lehen bertsetean « gure Aita, ‘gure erosle’ duzu izena betidanik »… azken bertsetean « Jauna, zu zira gure Aita », eta bururatzean, eltzegilearen itxura : « Gu, buztina gira, eta zu eltzegilea : zure eskutako lanak gira guziak. »
Eltzegilearen itxura hunkigarria da : erraiten du Jainkoa nola den gure Aita. Ez da lurreko aitatasuna, eltzegilea ere ez da eltzearen aita biologikoa.
Ardura Izraeleko populuari, « seme » izena emaiten zaio. Hala nola Jalgitza liburuan, testo zaharrenean irakurtzen dugu : « Hunela dio Jaunak : ene Lehen-Semea dut Izrael. » Beraz, Izrael hautatuari pentsatzen dugu. David erregeaz geroztik, « Jainkoaren Seme » izendatua da erregea. Froga : David erregetzeko egunean, bigarren Salmoan irakurtzen dugu : « Nere semea zira, gaur nik sortu zaitut. » Emeki emeki, ulertzen dugu gutarik bakotxa Jainkoaren seme dela, haren amodioaren seme. Hortik ikusten dugu “Gure Aitaren” hitzak , izigarri urrunetik heldu zaizkigula : hitz guziak juduen otoitzetan aurkitzen dira.
Izaik bertze izen bat emaiten dio Jainkoari : « Salbatzailea » edo « Libratzailea ». « Salbatzailea » erraiten dugun aldi guziz « Libratzailea » pentsatu behar dugu, zeren Juduen Kredoa hasten baita erranez : « Sinesten dut Jainko libratzailearen baitan ». Izraelen, gizaldi guzietako errana da : « Jainkoak libratu gaitu eta batasuna egin gurekin. » Horrek egiten du Izrael populu bat, fede berarekin. Jainkoarekin elkargo egin baino lehen, Izraelek esperientzia bat egina zuen : Egiptotik libratzea. Jainkoak gizona libro nahi du, gizonen eta jainko faltsuen esklabotasunik gabe.
Ainitz aldiz, Testamendu Zaharrean, Jainkoa deitua da « Salbatzailea », populuaren « eroslea ». Bixtan da, hitz horrek ez du erran nahi erosten gaituela, bainan Jainkoa gure ahaide hurbilena dela, eta libro nahi gaituela. Zeren Izraelek egin duen lehen esperientzia baita libro izaitea. Izaik Jainkoari erraiten dio : «Zu zira gure Erosle (erran nahi baita libratzaile). Hori da zure betiko izena. »
Jainkoa aitatzat daukalakotz, Izaik otoitz bat egiten dio : « Itzul zakizkigu… Ai, zeruak urra bazinitza. ». « Itzul zakizkigu » zinez bihozberritzearen otoitza da. Badakigu Jainkoa ez dela gutarik urruntzen, ez da irriskurik urrun dadin. Ez ote da populua urrundu ? Beraz otoitz hori eginez aitortzen du huts batzuetan erori dela, bereziki idolatrian. « Ez zion nehork zure izenari dei egiten, ez zen nehor zuri hel egitera lehiatzen zenik. » Alta badaki Jainkoa dela Jainko bakarra. « Behinere ez da entzun, ez jakin, nehork ez du zutaz beste Jainkorik ikusi haren baitan sineste dutenen alde hola egin duenik. »