Ostegun saindu
Kontzilioak egun saindueri beren bazko izaitea eman diotenetik, ortzegun sainduak bere egiazko nortasuna bereganatu du, gure fedearen erdi-erdian denaren ospatzea : heriotzetik pizterat "pasatzea" (Bazkok hori erran nahi du).
Heriotzea, heriotze libratzailea lehen irakurgaian erakutsia da : Juduek ospatzen zuten librantza bildots baten sakrifikatzean zen. Bildots hura kristoren aitziniduria zen, bekatua kentzen duen Jainkoaren bildotsa, bide berez egiazko libertatea emaiten daukuna. Bainan Paulok du agerian ezartzen eukariztiaren eta Kristo kurutzean hiltzearen arteko lokarri hertsia, Jesusen hitzak errepikatzen dituelarik : hau ene gorputza da, zuentzat eman izan den gorputza. Kopa hau Elkargo Berria da, bainan kurutzean ixuri odolean finkatua. Eta Paulok dio aitzina : ogi hau janen eta kopa huntarik edanen duzuen guziz Jaunaren heriotzea mezutuko duzue. Eta hausnarketa zangoen garbitzearen ezohiko kondaira batekin bururatzen da, solasaz kanpokoa iduri duena. Bainan ekintza horrek erakusten du nola Jesusek dena eman duen kurutzean hilez.
Eukariztiak, beraz, kristoren heriotzearekin lokarri zuzena du. Egia erran, arrats hartan, historiaren arabera, Jesus ez zen oraino aintzan sartua. Bainan guk, orai, kristo aintzatsuarekin ospatzen dugu. Kristo piztua gure artean da, eta gure baitarat hartzen dugu, aintzarat altxatu duen Izpiritua baitan. Gure librantza aintzatsuaren apairua dugu hartzen.
Gure librantza ! Bai hori dugu ospatzen gaur arratsadanik, bihar eta Bazko gauean eginen dugun bezala. Horra hor zergatik bihurtzen ditugun eskerrak : heriotzean bururatzen den bizi baten itxuragabekeriatik libratzen zaitu krixtok. Kristoren pizteak zure bizi guziari argi emaiten dio.
Librantza hori Kristok dauzu emaiten. Haatik, onartu behar duzu. Kristo utzi behar duzu zure libratzera. Ez da aise gure segurantzak uztea, gure xede pollitak baztertzea Izpirituaren haizeak altxa gaitzan. Atera zaite zeure baitarik Amodioan sartzeko. Horra Bazkoko liturgia.
Gaurko liturgian hor dugu lehenik Bazkoko Bildotsaren kantua : orai Jesus da lehen irakurgaian aipu den bildotsa, bildots hila, janaritzat emana. Gero apezgoa aipu da : gaur dio Jesusek bere Elizari erraiten : hau egizue nere orroigarri. Hamabiak hautatzen ditu eta heieri emaiten zaintzera fededunak, heieri uzten ere Eukariztia. Azkenik, horra Amodioaren xaramela. Ohartzekoa da liturgiak emaiten daukula irakurtzera zangoen ikuztearen kondaira -eta ez azken afariarena- . Mezaren abiapundua kristoren sakrifizioa da, eta helburua ere dohaina, guhauren buruaren ahaztea gure haurrideen zerbitzurako. Bat eta bestea ederki emaiten ditu argitan zangoen ikuzteak.
Egungo irakurgaiak elgarrekin ontsa doatzinak dira : Testamendu Zaharrak emaiten dauku juduek nola ospatzen zuten Bazko ; Paulok berriz nola ospatzen zen Kristoren Bazkoa ; eta Ebanjelioak nola ospatu behar dugun guhauren Bazkoa.