Ostirale saindu
Irakurgaiak bakarrik Ostirale sainduz
Lehen irakurgaia
Izai profetaren liburutik 52,13 – 53,12
13 Ene zerbitzaria ongi aterako da, dio Jaunak,
handi, ospetsu eta guziz goratua izanen da.
14 Asko harriturik gelditu ziren, hura ikusi eta, hain zagon itxuragabetua, gizona zenik ere ez baitzuen iduri.
15 Halaber, herri asko harrituko dira, haren aitzinean erregeak mutu geldituko, behinere erran ez zitzaiotena ikusiko baitute,
behin ere entzun ez zutena adituko.
53,1 Nork sinetsiko zuen entzun duguna ? Nori agertu zaio Jaunaren besoa ?
2 Jainkoaren aitzinean, zerbitzaria handitu da, erroak lur idorrean dituen zuhamuxka bezala. Ez zuen itxurarik, ez edertasunik, ez gure begientzat deus atsegingarririk.
3 Mespretxatua, jendeak baztertua, oinaze-gizona,
gaitzaren berri dakiena, bazterrerat emaiten den lepraduna iduri, gutietsi dugu,ezdeusendako utzi.
4 Bizkitartean, gure gaitzak zituen ekartzen, gure oinazeak bere gain hartzen. Eta guk, gaztigatua bezala ginaukan, Jainkoak joa, apaldua.
5 Hura aldiz, gure hutsengatik izan da aldean beste zilatua,
gure bekatuengatik porroskatua.
Bakea ekartzen daukun gaztigua haren gainerat erori da :
haren zauriek sendatzen gaituzte.
6 Guziak ardi errebelatuen pare ginabiltzan, bakotxa gure bidetik.
Bainan Jaunak haren gain ezarri ditu gu guzien hobenak.
7 Gaizki erabilia delarik, apaltzen da, ahorik ideki gabe : hiltzera deramaten bildotsa bezala, ile moztaileen aitzinean ixilik dagon ardia bezala, ez du ahorik idekitzen.
8 Hartu eta jujatu dute eta suntsitu. Nork zuen axola haren geroaz ? Bizidunen lurretik kendua izan da, bere herriaren bekatuen gatik joa.
9 Fedegabeen artean ehortzi dute, haren hilobia aberatsen hilobien artean, nahiz eta berak ez zuen behinere zuzengabekeriarik egin, ez eta ezpainetan gezurrik erabili.
10 Oinazeetan lehertua, Jaunaren gogoko izan da.
Bekatuen ordainetan bizia ematen baitu, izanen ditu ondokoak eta bizitze luzea : Jaunaren nahia beteko da haren bitartez.
11 Bere oinazeen sari, argia ikusiko du, eta asea izanen.
Oinazeak ezagutu baiditu, nere zerbitzari zuzenak ainitz eginen ditu zuzen, heien bekatuak bere gain hartuko.
12 Horrengatik, jendetzak emanen diozkat ordainetan, boteredunak izanen dira haren irabazi, bere burua heriotzerat eman duelakotz, eta bekatoreekin ekarria izan delakotz,
guzien bekatuak bere gain hartuak zituelarik,
bekatorosen alde otoitzean ari zelarik.