Bazko eguna
Lehen irakurgaia
( Apostoluak Jesusen Piztearen lekuko)
Apostoluen Egintzetarik 10,34.37-43
Petri Zezarerat etorri zen, ehuntari erromano baten etxerat.
34 Hunela mintzatu zen :
37 “ Badakizue zer gertatu den Galileatik hasi eta Judea osoan,
Joanesek predikatu bataioaren ondotik:
38 Nazareteko Jesus,
Jainkoak kontsekratu zuen Izpiritu Sainduaz,
eta indarrez bete.
Bazabilan ongia eginez,
eta debruak bere meneko zauzkan guziak sendatuz,
Jainkoa berekin baitzuen.
39 Eta gu, Apostoluak,
harek Juduen lurraldean eta Jerusalemen
egin dituen guzien lekuko gira.
Hil dute zur batetik dilindan.
40 Bainan Jainkoak piztu du hirugarren egunean.
41 Eta eman dio agertzeko ahala, ez herri guziari,
bainan Jainkoak aitzinetik hautatu lekukoeri, guri,
hura hiletarik piztu ondoan,
harekin jan eta edan duguneri.
42 Manatu dauku herriari predika diezogun,
eta lekuko izan gaitezen
hura dela Jainkoak bizien eta hilen juje ezarri duena.
43 Profeta guziek aitormen hau egiten dute hartaz :
Haren baitan sinesten duten guziek
haren bitartez bekatuen barkamendua ukaiten dutela.
Hemen kondatua gertatu zelarik, hastapenetako Elizak jadanik lehen pertsekuzionea jasana zuen : Exteberen martirioa. Gero Paulo, Elizaren pertsegitzailea Jesusen dizipulu kartsu bilakatu zen. Apostoluek egun guziz frogatzen zuten Jesusen errana : haren izenean eta harek bezala debruak haizatzen zituzten, eriak sendatzen, hilak pizten. Petrik berak gizon bat piztua zuen Loden, eta emazte bat Jaffan.
Beharbada bi mirakulu horiek eman zioten Petriri beste urrats baten egiteko ausartzia, beste mirakulu bat beharbada aitzinekoak baino handiagoa : Petri, girixtino bilakatu judua, pagano baten etxean sartu da, erromano aitzindari baten etxean, holakorik ez baitzuen egiten egiazko judu kartsu batek, bere burua lohitu gabe. Gertakari horrek erran dezake Ebanjelioa Izraelen muga hertsietarik ateratzen ari dela. Errana da Paulo dela paganoen apostolua, bainan Petri izan da lehena Zezareako kapitain horren etxean sartu dena eta girixtino izaitera bultzatu duena, bera eta familia guzia bataiaraziz. Irakurgaiaren azkenean errana da : “Profeta guziak lekuko ditu (Jesusek) : bekatuen barkamendua hari esker ukaiten dutela haren baitan sinesten duten guziek.”
“Guziek”, ez bakarrik juduek. Paganoak ere bataiatuak izan daitezke, Jesu Kristo baitan sinesten badute.
Fedearen transmititzea, Paulok lasterkaldi betekin parekatzen du : gure korrika bezala. Lehen abiatu direnak lekukoa eskuan, apostoluak dira :”Gu apostoluak lekuko gira.” Jesusekin bizi izanik, badakite zertaz ari diren. Apostoluak gure fedearen zutabeak dira : 2000 urte geroago gure fedea heien gainean finkatua da.
Pasarte hunek erakusten daukun beste ikuspegi bat, jakingarria : Petri erran eta erran ari da Jainkoak duela egiten. Jainkoak kontsekratu du Jesus, Jainkoa harekin zen, Jainkoak piztu du, Jainkoak hautatu bizien eta hilen juje. Ikusi dutenentzat, Jesus gizon bat zen, iduriz besteak bezalakoa, hilkorra eta hil dena, molderik itsusienean. Haren bizian ezohikoa izan dena Jainkoaganik zen. Jesus Jainko zela, apostoluentzat ere, ez zen errex izan sinestea. Hortakotz fermuki aitortzen du Petrik Jesus “Bizien eta hilen juje” dela. Eta nor izan daiteke juje, Jainkoa ez bada ?