Bazko gaua

cierge pascalZazpi irakurgaien erran-nahia.

Liturgiak zazpi irakurgai aurkezten dauzkigu gau-beila huntan. Zer lotura dute elgarren artean ? Gakoa juduek ospatzen zuten Bazko bestan da. Bazkoak, Torah-ren Kaldear itzulpenean, badu olerki bat, “Lau gauena” deitua. Jainkoak gizadiari buruz duen asmoa irudi handieder batean erakusten du. Lau gau horiek dira : munduaren eta gizadiaren kreatzea, Abrahamen frogapena bere seme Izaak eskaini zuelarik, Egiptotik ateratzea, eta munduaren azkena.
Gau huntako gure hiru lehen irakurgaiak hiru lehen gaueri lotuak dira : kreazionea (Has 1), Abrahamen frogapena (Has 22), eta Egiptotik ateratzea (Jal 14). Beste lau irakurgaiak laugarren gauean ohatzen dira : Jainkoaren eta gizadiaren arteko elkargoa betikotz finkatua izanen da. Aro berri hori, Izairentzat, betiko ezteieak izanen dira (4. irakurgaia) edo nasaitasuna (5. irakurgaia) ; Barukentzat, Jainkoaren alderako leialtasuna zorionean (Ba 4) ; Ezekielentzat, gizadi berria izanen da, « harrizko bihotzik » gabekoa (Ez 36).
Jainkoak amestu gizakiarekilako elkargoa Bazko mixterioan bere beterat heldua ikusten dugun gau huntan, Elizak eskaintzen dauku historia luze hori berbizitzea.


 

Lehen irakurgaia

( Munduaren eta gizakiaren kreatzea)

Hasiera liburutik 1,1 – 2,2

1 Haste hastean, Jainkoak egin zituen zerua eta lurra.
2 Lurra nahas-mahas hutsa zen: leizearen gainean ilunbeak zauden,
eta Jainkoaren hatsa uren gainean zabilan.
3 Jainkoak erran zuen: “ Izan bedi argia.”
Eta izan zen argia.
4 Jainkoak ikusi zuen ona zela argia,
eta Jainkoak ilunbeetarik berexi zuen argia.
5 Jainkoak deitu zuen argia “eguna” eta ilunbeak “ gaua”.
Arratsa jin, goiza jin: lehen eguna.
6 Eta Jainkoak erran zuen:
“ Izan bedi ortzia uren artean, eta berex bitza urak uretarik.”
7 Jainkoak egin zuen ortzia,
eta berexi zituen ortzipeko urak ortzi gaineko uretarik.
Eta hala izan zen.
8 Jainkoak deitu zuen ortzia “ zerua ”.
Arratsa jin, goiza jin : bigarren eguna.
9 Eta Jainkoak erran zuen:
“ Bil bitez zerupeko urak leku bakar batean,
eta ager bedi leihorra.”
Eta hala izan zen.
10 Jainkoak deitu zuen leihorra “lur” eta ur bilduak “itsaso”
Eta Jainkoak ikusi zuen ona zela.
11 Jainkoak erran zuen:
“ Eman beza lurrak landare, belar hazidun,
eta fruitu barnean hazia duen zuhaitza,
bakotxari doakion haziarekin.”
Eta hala izan zen.
12 Lurrak eman zuen landare, belar hazidun bakotxa bere haziarekin,
eta zuhaitz fruitudun, bakotxa bere haziarekin.
Eta Jainkoak ikusi zuen ona zela
13 Arratsa jin, goiza jin: hirugarren eguna.
14 Eta Jainkoak erran zuen:
“ Izan bitez argiak zeruko ortzian, eguna gauetik berexteko,
besta, egun eta urteen ezaugarri;
15 argitako daudela zeruko ortzian, lurraren argitzeko.”
Eta hala izan zen.
16 Jainkoak egin zituen bi argi handiak:
argi handiena egunaren jaun, argi ttipiena gauaren jaun,
eta izarrak ere egin zituen.
17 Zeruko ortzian ezarri zituen Jainkoak, lurraren argitzeko,
18 gau egunen jaun izaiteko, eta argia ilunbetarik berexteko.
Eta Jainkoak ikusi zuen ona zela.
19 Arratsa jin, goiza jin: laugarren eguna.
20 Eta Jainkoak erran zuen:
“ Irakin bezate urek hats eta bizidunez,
eta hegalda bitez lurraren gainean hegaztiak,
zeruko ortziaren aitzinean.”
21 Jainkoak arrain handiak egin zituen,
eta uretan purpur dabiltzan mota guzietako bizidunak,
eta mota guzietako hegazti hegaldunak.
Eta Jainkoak ikusi zuen ona zela.
22 Jainkoak benedikatu zituen, erranez :
“ Sor-zkitzue umeak, ugaritu zaitezte, eta bete itsasoko urak;
ugaritu bitez hegaztiak ere lurraren gainean.”
23 Arratsa jin, goiza jin: bosgarren eguna.
24 Eta Jainkoak erran zuen:
“ Sor bitza lurrak mota guzietako bizidunak:
abere, mamutxa eta basihizi, zein bere motakoa.
Eta hala izan zen.
25 Jainkoak egin zituen basihiziak, zein bere motakoak,
abereak zein bere motakoak,
eta lurreko mamutxak zein bere motakoak.
Eta Jainkoak ikusi zuen ona zela.
26 Eta Jainkoak erran zuen:
“ Egin dezagun gizona gure iduriko, gure eiteko.
Izan bedi itsasoko arrainen, zeruko hegaztien, abereen,
basihizi guzien, eta lurrean dabiltzan mamutxa guzien nagusi.”
27 Jainkoak egin zuen gizona bere iduriko,
Jainkoaren iduriko egin zuen; gizon eta emazte egin zituen.
28 Jainkoak benedikatu zituen eta erran zioten:
“ Sor-zkitzue umeak eta ugaritu zaitezte,
bete zazue lurra eta zuen meneko ezar.
Menperazkitzue itsasoko arrainak, zeruko hegaztiak,
eta lurrean harat eta hunat dabiltzan abere guziak.”
29 Eta Jainkoak erran zuen:
“ Emaiten dauzkitzuet
lurraren azalean diren hazidun landare guziak,
eta hazia fruituan daukaten zuhaitz guziak;
horiek izanen dituzue janari.
30 Ihizi guzieri, zeruko hegazti guzieri
eta lurrean dabiltzan bizidun guzieri
belar hezea emanen diotet janari.”
Eta hala izan zen.
31 Berak egin guzia ikusi zuen Jainkoak:
eta huna osoki ona zela.
Arratsa jin, goiza jin: seigarren eguna.
2,1 Hola burutuak izan ziren zeru-lurrak,
eta heietan den guzia.
2 Zazpigarren egunerako bururatu zuen Jainkoak bere lana,
eta zazpigarren egunean, egin zuen lan guziaren ondotik
atseden hartu zuen.

Idazki eder hau ez da historialari batena. Olerki bat da. Ez du nihundik ere zientifikoa izan nahi. Jainkoaren eta gizadiaren arteko loturari buruzko hausnarketa bat egiten du poetak. Hunentzat « Haste hastean » Jainkoa da, gauza guzien egilea.
Delako poeta Babilonen bizi zen, desterratua bere herriarekin, J.K. aintzineko 6.mendean. Han, Babilonarrek urte guziz, Marduk beren jainko nagusiaren ohoretan irakurtzen zuten Enuma Elix, kreazionearen poema. Izraeldarrek ere orduan idatzi zuten beren fedearen araberako olerkia, gai berari buruz, bainan arras desberdina, Jainko bakarrari zoakona.
Olerki huntan lau pundu azpimarra daitezke :
- lehenik eta oroz gainetik Izraeldarren Jainkoa bakarra da, izadi guziaren kreatzailea. Haren hitza eragilea da : erraiten duena egiten du (« Izan bedi argia » eta argia izan zen.) Idoloak, aldiz, mutuak dira, metalezkoak edo zurezkoak baitira.
- Kreazionea amodiozko obra da. Zazpi aldiz irakurtzen dugu : « Eta Jainkoak ikusi zuen ona zela. » Hortan Izraeldarrak beren inguruko jendetarik berexten dira : Babilonar poemaren arabera kreazionea nahasia da, ona eta tzarra aldi berean.
- Gizadia Jainkoaren irudia da, eta irudi horrek bi begitarte baditu : gizonak eta emazteak osatzen duten aurpegia da Jainkoaren irudia : « Jainkoak egin zuen gizona bere iduriko, Jainkoaren iduriko egin zuen ; gizon eta emazte egin zituen. » Horra zergatik Jainkoaren irudi oro debekatua den Izraelen (Jal 20,4). Jendea bakarrik (gizon eta emazte) izaiten ahal da haren irudi. Hola konpreni daiteke jende ororen alderako profeten errespetua.
Zergatik da jendea Jainkoaren irudi ? Kreazionearen nagusi delakotz ? Hala pentsa daiteke :”Egin dezagun gizona gure iduriko, gure eiteko. Izan bedi itsasoko arrainen, zeruko hegaztien, abereen, basihizi guzien...nagusi.” Eta Jainkoak manatzen diote :”Bete zazue lurra eta zuen meneko ezar.”
“Meneko”, bai. Bainan begiratzekotan, hobetzekotan. Alderantziz, jendea ez ote da izadiaren suntsitzen ari? Eta hortan berean ez ote du erakusten “nagusi” dela.

Bigarren irakurgaia

( Jainkoak Abraham frogatzen du
eta agintzak berritzen diozka )


Hasiera liburutik 22, 1-2. 9. 10-13. 15-18

1 Jainkoak frogatu zuen Abraham;
erran zion : “ Abraham! ”
Hunek ihardetsi: “ Hemen nauzu! ”
2 Jainkoak erran zion:
“ Hartzazu Izaak zure semea, hain maite duzun seme bakarra.
Zoazi Moria lurralderat, eta han eskainiko duzu erre-oparitan,
nik erakutsiko dautzutan mendi gainean.”
9 Heldu ziren Jainkoak erakutsi mendirat.
10 Abrahamek eskua hedatu zuen,
eta ganibeta hartu, bere semea oparitan hiltzeko.
11 Bainan Jaunaren Aingeruak oihu egin zion zerutik:
“ Abraham! Abraham! ”
Hunek ihardetsi: “ Hemen nauzu! ”
12 Aingeruak erran zion:
“ Ez heda eskua haurraren gainean! Ez zozula minik egin!
Badakit orai Jainkoaren beldurra baduzula:
ez dautazu zure semea, seme bakarra, errefusatu.”
13 Abrahamek begiak altxatu zituen
eta ikusi ahari bat sasi batean adarretarik lotua.
Joan zen ahariaren hartzera
eta erre-oparitan eskaini zuen bere semearen orde.
15 Jaunaren Aingeruak berriz ere deitu zuen Abraham zerutik:
16 “ Zin egiten dut neure buruaz – Jaunak errana -:
Hori egin duzulakotz,
zure seme bakarra ez dautazulakotz errefusatu,
17 gaindika benedikatuko zaitut,
ugalduko dut zure ondorea zeruko izarrak bezainbat,
itsas bazterreko legarra bezainbat;
eta zure ondokoak etsaien hiriez jabetuko dira.
18 Zure ondokoen bidez lurreko jendalde guziek
elgar benedikatuko dute,
nik erranari obeditu duzulakotz

Irakurgai hau bi moldetan irakur daiteke.
Ikaragarriko molderat: Jainkoak Abrami manu bat emaiten dio, Abramek obedituko dion ikusteko.. eta ondotik da kontrako manua heltzen: « ez heda eskua haurraren gainean ». Abramek obeditu duelakotz, Jainkoak sekulako agintza miresgarriak egiten diozka. Bainan irakurtze molde hau paganoena da. Jainko zigortzaile bat, gure gogoetako Jainkoa, bainan ez egiazko Jainkoa.
Fedezko irakurketa arras bertzelakoa da. Maitasunezko soa baden bezala, fedezko soa ere bada. Bertzalde, irakurgai hau osoki irakurri baginu, soaren garrantzia ikusiko ginuen. « Ikusi, behatu, begiak altxatu » hitz hauek frangotan erabiliak dira. Fedea, begi-lagunak iduri, Jainkoa eta mundua behatzeko.
Fedezko irakurketa bat egin dezagun beraz.
Irakurgai hau idatzi zelarik, Abramek ez zuela Isaak hil eta luzaz bizi izan zela, bazuen bederen 1000 urte denek bazakitela. Ordukotz, jenden hiltzea eta erre-opari egitea, Jainkoak ez dituela onartzen, jakina zen ere. Eta hori aspalditik. Debeku hori errespetatzea, -ondoan bizi ziren herriek jendeak hil eta sakrifiziotan eskaintzen zituztelarik-, ez zen batere errex. Hortako Jainkoaren alderako soa aldatu behar da. Eta hori egin zuen Abrahamek, jainkoak erran balio bezala: « Nola ikusten nauzu Abram? Zure haurraren hiltzea nahi duen Jainkoa ote nauzu asmatzen? Engainatzen zira. Alabainan, zure semearen bitartez ondokoak ukanen ditutzulako nere agintza ez dutela ahantzi, ahal guziak egin ditut zuri oroitarazteko. »
Delako agintza hori Hasiera Liburuaren bidez ezagutzen dugu : « Nazione handi eginen zaitut, benedikatuko zaitut, ospetsu bilakatuko dut zure izena... Zure bitartez benedikatuko ditut lurreko herri guziak... Lurreko errautsa bezain ugari eginen dut zure ondorea.. Beha zerurat eta konda izarrak, ahal baduzu: horiek bezainbat izanen dira zure ondokoak.. zure ganik sortuko dena ukanen duzu ondoko »(Has 12..21). Jainkoak agintza oroitarazten dio eta berak emanikako izenez deitzen du : Abraham, edo « Anitzen aita ».
« Hartzazu Izaak zure semea, hain maite duzun seme bakarra.. » Pagano irakurketan erran ginezake: Jainkoak ikaragarrikoa galdetzen dio. Bertzelakoa da fede irakurketa: Jainkoak diolarik: « Hain maite duzun semea » Jainkoak aitortzen du : nere agintza ez dut ahantzi. Zure semea da gure asmo guzien lokarria. Isaak edo « irriaren haurra »: oroit zaite, Abraham, nik agindu nauzularik, irri egin zinuen eta Sarak ere irri egin zuen. Sortze hortan ez zinuen batere sinesterik, zahartua izanez geroz, eta halere etorri da, nere agintzaren arabera. « Zure bakarra »: haren bidez, eta haren bidez bakarrik da agintza gauzatuko eta zure ondorea sortuko.. Errautsa bezainbeteko ondorea, izar bezainbateko ondokoak.
« Gure itxaropena Isaaken gainean dugu », gira ausartatu erraiterat. Hemen da pagano eta fedezko irakurketaren esberdintasuna: paganoak Jainkoa ez dela jendez interesatzen du susmatzen. Fededunak jendearen itxaropena Jainkoaren itxaropena dela du aurkitzen, bera elkargoan juntatuz geroz. Jainkoaren xedea gure onetan dela beti, hori da sinestea. Eta Abrahamen fedea halakoa da: sinesten du Jainkoak bere agintza gauzatuko duela, jakin gabe nola, eta ondorea Isaaken bidez eta ez bertzela ukanen duela. Hortakotz da bere ondorearendako etsenplu. Hortakotz du Jainkoak haren fedea probatu.
Ondorioz, fede indartsu horren graziaz, historiak bihurgune haundi bat hartu du. « Eskainiko duzu erre-oparitan » erraiten duelarik Jainkoak, ez du « hil azu » erraiten. Jainkoak « eskainiko duzu erre-oparitan » diolarik, « biziaraz zazu eta nik emana dautzutala ez sekulan ahantz » dio Jaunak. Hori du Abrahamek aurkitu. Jainkoak ez duela sekulan jendearen hiltzea nahi geroztik aski jakina da Israelen.
Fidantzia ez duelakotz Abrahamek botatu, zalantzarik gabe onartu zuen agintza berritz entzuten du: « gaindika benedikatuko zaitut, ugalduko dut zure ondorea zeruko izarrak bezainbat, itsas bazterreko legarra bezainbat; eta zure ondokoak etsaien hiriez jabetuko dira. Zure ondokoen bidez lurreko jendalde guziek elgar benedikatuko dute, nik erranari obeditu duzulakotz. »

Hirugarren irakurgaia

( Itsas gorria iraganik, Izrael libratua )

Jalgitza liburutik 14,15 – 15,1

Egiptoarrak ondotik heldu ikusi-ta, Izraeldarrak izitu ziren.
15 Jaunak erran zion Moisi:
“ Zer ari zira neri oihuka? Errozute Izraelen semeeri abiatzeko!
16 Zuk, altxa makila, luza eskua itsas gainerat, bi erdi egizu,
eta Izraelen semeak sartuko dira itsasoan, oinik busti gabe.
17 Eta nik tematsu eginen ditut Egiptoarren bihotzak:
zuen ondotik sartuko dira itsasoan.
Nere aintza agertuko dut
Faraonen eta haren gudaritalde guziaren bizkar,
haren karro eta zaldizkoen bizkar.
18 Eta Egiptoarrek jakinen dute ni naizela Jauna,
nere aintza agertuko dutanean Faraonen bizkar,
haren karro eta zaldizkoen bizkar.”
19 Izraelen aitzinetik zoan Jainkoaren aingerua
tokiz aldatu zen, eta gibeletik jarri.
Lano-habea ere tokiz aldatu zen,eta gibelean kokatu,
20 Egiptoarren eta Izraeldarren kanpamenduen artean.
Lano hori aldiz, ilunbe eta argi zen gauaz,
bi gudaritaldeak, elgar kausitu gabe, joan baitziren gau guzian;
21 Moisek hedatu zuen eskua itsaso gainerat.
Jaunak haizea atera zuen itsasoan, gau guzian,
haize zakarra, eta itsasoa lur idor egin zen.
Urak bi erdi egin ziren,
22 eta Izraelgo semeak itsasoan barna sartu ziren, oinik busti gabe,
ezker eta eskuin urak harresi zituztela.
23 Egiptoarrak ondotik joan zitzaizkoten,
eta Faraonen zaldi guziak, haren karro eta gudariak
sartu ziren itsas erdiraino.

24 Goizaldera, su eta lano habetik,
Jaunak Egiptoarren gudaritaldeari begiratu zion,
eta ohildu zuen gudaritaldea.
25 Gudu-karroen errotak makurtu ziozkaten,
nekez mugitzen zirela.
Egiptoarrek erran zuten:
“ Ihes egin dezagun Izraelenganik,
Jauna ari baita heien alde, gure kontra!”
26 Jaunak erran zion Moisi:
“ Luza eskua itsas gainerat;
urak bihur ditela Egiptoarren gainerat
heien karro eta zaldizkoen gainerat!”
27 Moisek luzatu zuen eskua itsas gainerat.
Argi hastean, itsasoa bere lekurat itzuli zen;
ihesi zoazilarik, Egiptoarrak hartan trabatu ziren,
eta Jaunak itsasondorat amildu zituen Egiptoarrak.
28 Beren lekurat itzultzean, urek estali zituzten
Izraelen ondotik itsasoan sartu ziren Faraonen gudaritalde osoa,
haren karro eta zaldizkoak:
ez zen bat bakarra ere bizirik atera.
29 Izraelen semeak aldiz, oinik busti gabe joan ziren itsas erditik,
ezker eta eskuin urak harresi zituztela.
30 Egun hartan, Jaunak salbatu zuen Izrael Egiptoarren eskuetarik,
eta Izraelek ikusi zituen Egiptoarrak hilak itsas bazterrean.
31 Izraelek ikusi zuen Jaunaren esku indartsuak
Egiptoarren kontra egin zuena.
Herriak ukan zuen Jaunaren beldurra,
eta sineste Jaunaren baitan, eta haren zerbitzari Moisen baitan.
15,1 Orduan Moisek eta Izraeldarrek
kantu hau eman zioten Jaunari :

Biblia osoa gertakari huntaz betea dea. Salmoek kantutan emaiten dute eta profetek noiz-nahi aipatzen herriaren fedea sustatzeko. Jainkoak hor frogatu du behin-betikotz bere amodioa, herriaren alde jokatuz.
Egia erran, kondaira hau bi mirakuluren lekuko da : Jainkoaren ekintza harrigarria, eta herriaren fedea. Irabazlea Jainkoa da, eta hartan fidatu den herria. Galtzaileak : Faraona eta zapatzaile guziak. Gau hartan bazko bildotsa hil zuten Izraeldarrek, eta Jainkoak egiptoarren lehen-semeak. Nahasketaz balia, Izraeldarrek ihes egin zuten. Bainan egiptoarren zalditeria gibeletik zuten. Halere Moisen fedea ez zen kordokatu. Sasia sutan ikusi zuenetik bazakien Jainkoa bere herriaren ondoan zela, etsai guzietarik libratzeko : salbamendua Jainkoaren ganik da, bainan baldintza bat bada : fidantzia hartan ezartzekotan. Jainkoak du salbatzen, bainan sinestekotan.
Salbu zirela ikustearekin Izraeldarrek kantu eta danza egin zuten, bainan basamortuan sartzean berriz beldurrak beretu zituen eta dudak. Moisek eta profetek beharko dituzte behin eta berriz gertakari miresgarri horiek oroitarazi fedearen eta esperantzaren suspertzeko : Jainkoak orduan egin zuena, gaur ere egin nahi du : sinets! atxik! Salmoak eta profetak gertakari hortaz beteak badira, ez ote da fededunen herriak oroimena laburra duelakotz ?

Kantika ( Jalgitza 15)
Leloa : Jaunari kanta, denen jaun eta nausi baita. (10)

Jaunari kanta, denen jaun eta nausi baita :
Zaldi ta karro itsasperaino ditu bota.
Nere indarra, nere kantua, Jainko Jauna :
Hari zor diot salbamendua, osasuna.

Hura dut Jainko, eta kantuz dut aipatuko :
Nere aitaren Jainko Jaunari laudorio.
Gudukatzaile eta garaile dugu Jauna.
Jaunen Jaun eta zeruko Jauna du izena.

Faraon karro eta armadak bota ditu,
Kapitainekin itsas gorrian urperatu.
Itsas uhainek dituzte denak hor iretsi :
Harrien pare itsasperaino dire jautsi.

Zure eskua indarraz, Jauna, miragarri,
Zure eskua nausi da, Jauna, etsaieri.
Nor da nola zu, nor jainkoetan, Jainko Jauna,
Saindutasunez eta egintzez den gorena ?

 

Laugarren irakurgaia

( Jainkoaren amodioa Jerusaleme
bere emaztearentzat)


Izai profetaren liburutik 54,5-14

Jaunaren hitza Jerusalemeri :
5 Zure senarra, zure Egilea duzu,
haren izena: “Zeru-lurren Jauna”.
Zure Salbatzailea, Izraelen Jainko Saindua,
lur osoaren Jainkoa deitua.
6 Emazte baztertu eta atsegabetuari bezala,
Jaunak dei egiten dautzu.
Gaztetako emaztea nork baztertu? dio zure Jainkoak.
7 Apur batez baztertu zintudan,
bainan ene amodio handian, berriz bilduko zaitut.
8 Hasarre aldi batean, apur batez , gorde nautzun aurpegia.
Bainan betiko maitasunez urrikaldu nitzaizu,
dio Jaunak, zure Salbatzaileak.
9 Noeren egunetan, horrela zin egin nuen
uholdeak ez zuela gehiago lurrik estaliko.
Berdin, zin egiten dut orai
ez nitzaizula berriz hasarretuko, ez dautzutala mehatxurik eginen.
10 Mendiak tokiz aldaturik ere, mendixkak kordokaturik ere,
nere maitasuna ez da zureganik aldatuko
nere bake-batasuna ez da kordokatuko,
erran du maite zaituen Jaunak.
11 Dohakabea zu, Jerusaleme, ekaitzak joa, kontsolatu gabea,
huna zure harriak ezarriko ditudala,
zafirozko zimendu gainean jarriko zure oinarriak.
12 Dorreak errubiz eginen dauzkitzut,
ateak harri-berinez, eta harri baliosez harresi guziak.
13 Jauna izanen dute irakasle zure seme-alabek
eta bake osoan biziko dira.
14 Zuzentasuna izanen duzu oinarri sendo.
Zapalkuntzatik urrun egonen zira,
ez duzu beldurrik izanen, ikara ez zaitzu behinere hurbilduko.

Kontsolamenduzko mezu hunek pentsatzera emaiten du Izrael ateka gaixtoan dela :”Dohakabea zu, Jerusalem, ekaitzak joa, kontsolatu gabea...” Ekaitz hori Babiloneko errege Nabukodonosoren armada izan zen. 587an Jerusalem errautsi zuen eta preso ereman herrian norbait ziren guziak. Bainan Izaik poema hau idaztean, gauzak aldatzera doatzi. Iguzkialdetik jin Cyrus errege Mediarra Nabukodonosoren zafratzen ari da. Profetak ikusten du libranza hurbiltzen, zeren Cyrus Jainkoak igorria baita. Bi mendez Asiriaren eta Babiloniaren mehatxu pean egonik, horra esperantzaren argizirrinta. Bainan Izraelek jakin dezala, dio Izaik :”Zure Salbatzailea, Izraelen Jainko Saindua (da), lur osoaren Jainkoa deitua.” Cyrus, aldiz, Jainkoaren tresna da bakarrik, Izraelek gain-gainetik estimatzen duena.
Zeren librantza hori (berrogoita hamar bat urte desterruan egonik) ez da bakarrik presondegiko ateen zabaltzea izanen. Herria, eta bereziki Jerusalem berreraikiak izanen dira, Izraelek berriz bere duintasuna beretuko du. Dena lehen baino ederrago izanen da : “(Jerusalemeko) dorreak errubiz eginen dauzkizut, ateak harri-berinez, eta harri baliosez harresi guziak.”
Gehiago oraino : Jainkoa bere herriaz maitemindua da : “Zure senarra, zure Egilea duzu, haren izena : zeru-lurren Jauna.” Ez daiteke hobeki erran senarraren samurtasuna eta kreatzailearen handitasuna :”Emazte baztertu eta atsegabetuari bezala Jaunak dei egiten dauzu. Gaztetako emaztea nork baztertu? dio zure Jainkoak. Apur batez baztertu zintudan, bainan ene amodio handian berriz bilduko zaitut. Hasarre aldi batean, apur batez, gorde nauzun aurpegia...” “Hasarrea” jenden arteko sendimendua da, ez Jainkoarena : Jesusen hiltzeak eta pizteak dute Jainkoaren egiazko aurpegia erakusten, desitxuratu gabe. “Jaunaren hasarrea apur batekoa, haren onginahia bizi guzikoa. (Sal 29)

Bosgarren Irakurgaia

(Uraren eta hitzaren mixterioa)

Izai profetaren liburutik 55,1-11

1 Egarri zirezten guziak, zatozte uretarat;
dirurik gabe ere, zatozte, eros eta goza,
zatozte arno eta esne erostera, dirurik gabe eta urririk.
2 Zergatik xahu dirua, hazten ez duten gauzetan,
zergatik ibil penatuak asetzen ez duten gauzen ondotik?
Entzun nezazue bada, eta jan gauza onetarik,
janari gozoenez aseko zirezte.
3 Adi zazue! Zatozte nereganat! Entzun eta biziko zirezte.
Betiko batasuna eginen dut zuekin,
Dabidi hitzeman nion maitasunaren finkatzeko.
4 Herrientzat lekuko egin nuen Dabid, herrialdeen gidari eta buru.
5 Eta zuk, ezagutzen ez duzun herriari dei eginen diozu,
eta ezagutzen ez zaituen herria lasterka etorriko zaitzu,
Jauna zure Jainkoagatik,
ospez jantzi zaituen Izraelen Sainduagatik.
6 Bila zazue Jauna, aurki ditakeno; dei egiozue, hurbil deno.
7 Utz beza gaixtoak bere bidea, eta gaixtaginak bere asmo tzarrak!
Itzul bedi Jaunarenganat, eta urrikalduko zaio.
Itzul bedi gure Jainkoaganat, nasaiki barkatzen baitu.
8 Zeren ene gogoetak ez baitira zuen gogoetak,
eta ene bideak ez baitira zuen bideak –dio Jaunak.
9 Zerua lurretik gora da ; berdin gora ene bideak zuen bideetarik,
eta ene gogoetak zuen gogoetetarik.
10 Euria eta elurra zerutik jausten dira,
eta ez dira berriz harat itzultzen
lurra ureztatu eta ondu gabe, hazia hozitu gabe,
ereileari hazia eman dezon, eta jaleari ogia.
11 Berdin berdina ene ahotik ateratzen den hitza:
ez zait hutsik itzuliko,
nik nahi dutana egin gabe, bere egitekoa bete gabe.

Testu huntan hiru pundu azpimarra ditaizke. Lehenik Jainkoaren leialtasuna bere populuaren aldera:“Betiko batasuna eginen dut zurekin, Dabidi hitzeman nion maitasunaren finkatzeko.“ Bigarrenik, hemen agertzen dena da Jainkoak urririk edo dohainik duela emaiten:“dirurik gabe ere, zatozte, eros eta goza.“ Eta azkenik Jainkoak haren entzutea dauku galdatzen, Hari konfiantza egitea : “Entzun nezazue bada, eta jan gauza onetarik.“
Hiru mezu horietarik gutienik entzuten eta onartzen duguna, bigarren hori da. Jainkoak urririk du emaiten. Beti mereximendu hitza dugu mihian, urririk dugularik ukaiten ukaiten dugun guzia.
Jainkoa gure idurikoa egiten dugu, guk denak negurtzen baititugu, emaiten duguna eta ukaiten duguna.Bainan Hura bertzelakoa da:“hau dio Jaunak: nere gogoetak ez dira zuenak bezakoak, ez eta nere joka-moldea zuena bezalakoa.“ (Izai 55, 8-9) Ikus ere zer dion Jesusek etsaieri barkatu behar zaiotela erran ondoan :“…Aitaren seme-alabak izanen zirezte, harek bere iguzkia gaixtoen eta onen gainera ateratzen baitu, eta euria zuzenen eta zuzengabeen gainera ixurtzen.“ (Mt.5,4)
Zergatik elkor gaude Jainkoak urririk emaiten duelako mezu horri? Merkatuaren munduan baigira bizi, dena diru truke erosten eta saltzen den munduan.Ondorioz hizkuntza hori arrotza da guretzat.
Dena emana bada, zergatik bizi Jainkoaren legea errespetatuz, amodioz. Ikusiz zein ona den guretzat, ordainez Haren nahia egin dadien dugu galdatuko eta lehenik gu bakotxaren urratsetan.
Eliza, lur huntako gizonen eskuetan emana du Jainkoak. Ez da lan errexa gizon horientzat, komerzioa lege den ingurumen huntan, urririk ari den Jainkoaren mezua aldarrikatzea.
Izai profetak lerro hauek idazten dituelarik, seigarren mendean J.K.aitzin, Izraeldar anitz bada Babilonen desterraturik. Eta arrunt deskuraituak dira. Jainkoak beren ber utziko ote ditu? Barkatuko ote diote, hari jarraiki ez direlakotz baitira orai herritik urrun eta lan gogorretan. Profetak erraiten diote : ideia horiek makurrak dira, gaixtoak. Jainkoaganik urruntzen gaituzte; Jainkoa ez da holakoa, barkakorra da, gutarik hurbil dagona. Jainkoa ixilik dago, bai, bainan horrek ez du erran nahi gutarik urrun dela.
Eta horra Izaik “bidea” aipu duela, Biblian ardura bezala : “Utz beza gaixtoak bere bidea.” Jainkoaz dudatzea, gogorra, gaixtoa, aiherkorra dela pentsatzea, hori kontrako bidearen hartzea da, Jainkoaganik urruntzea. Izairen predikua hau da : itzul zaitezte gure Jainkoaren ganat, eta ikusiko duzue urrikalkorra eta barkakorra dela.
Bihotz on eta samurreko Jainkoa noiz-nahi aipu da Testamendu Zaharrean, Jesu Kristo aitzin. Oze profetak, adibidez, hunela mintzarazten du Jainkoa : “Ikaran daukat bihotza, urrikalmenduz betea. Ez dut haserrea piztera utziko...Jainkoa bainaiz, ni, eta ez gizona. saindua naiz zuen artean, eta ez natorkizue haserre-suminez” (11, 8-9). “Saindu” hitzak “arrunt bestelakoa” erran nahi du. Gizonaz bestelakoa : erran nahi baita urrikalkorra, barkakorra. Jonasen liburuan ikusten dugu hori garbiki. Jonasek ez du konprenitzen Jainkoaren urrikalmendua Ninibeko jendeen alderat. Hauek Izraelen etsai amorratuak izanki-eta, Jainkoaren bihotz ona gaitzitzen zaio : “Jonasek biziki gaizki hartu zuen Jaunaren erabakia (barkatzekoa)”. Onartu behar du halere eta aitortu :”Banakien Jainko bihotzbera eta urrikalkorra zirela, berant-haserre eta onginahiz betea...”

Seigarren irakurgaia

(Jainkoak gizoneri eskaintzen egiazko zuhurtzia)

Baruk profetaren liburutik 3,9-15.32-4,4

9 Adi, Izrael, bizirat daramaten manamenduak;
entzun, jakitatearen ikasteko.
10 Zergatik, Izrael, zergatik bada zaude etsaien lurraldean,
Lur arrotzean zahartzen ari, gorputz hilekin kutsaturik,
herio-leizean daudenen lerroan emana?
12 Zeren utzi baituzu Zuhurtziaren Iturria.
13 Jainkoaren bideetan ibili bazine,
bakean bizi zintezkeen betikotz.
14 Ikas non dagon jakitatea, non indarra, non adimendua,
ikas ere non dagon bizitze luzea, non begietako argia, non bakea.
15 Bainan nork aurkitu du Zuhurtziaren egoitza,
nor bada sartu da haren ontasunetaraino?
32 Gauza guziak dakizkienak ezagutzen du haren bidea,
aurkitua du bere adimenduz.
Harek dio lurrari eman betiko apaindura,
bai eta artaldez bete.
33 Harek du argia igortzen, eta badoa,
deitzen du, eta ikaraz obeditzen dio.
34 Izarrek beren zeleta-tokietan pozik dirdiratzen dute;
35 deitzen ditu, eta heiek ihardesten: “ Hemen gaituzu ”,
eta pozik distiratzen beren Egilearentzat.
36 Hura dugu Jainko,
ez da besterik hura bezalakorik.
37 Harek aurkitu ditu jakitatearen bideak,
eta erakutsi diozka Jakobe bere zerbitzariari,
hain maite duen Izraeli.
38 Hola agertu zen Zuhurtzia lurrean,
eta gizakien artean bizi izan zen.
4,1 Hura da Jainkoaren manamenduen liburua,
betikotzat irauten duen Legea:
Hura begiratzen dutenak biziko dira,
bazterrerat uzten dutenak aldiz, hilen.
2 Itzul harenganat, Jakobe, onar zazu:
ibil haren argiaren distiran;
3 ez utz bertze bati zure aintza,
ez eta jende arrotzari zure ontasunak.
4 Dohatsu gu, Izrael, baitakigu Jainkoari zer zaion atsegin .

Biblilari zenbaitek pentsatzen dute pasarte hau homilia bat dela, berantean idatzia, J.K. aitzineko bigarren edo lehen mendean. Entzuleak herstura eta ateka gaixto zenbaitetan dira eta predikariak nahi luke paradaz balia diten Jainkoaren ganat itzultzeko.
“Adi, Izrael!” Izraelen fedezko aitormenaren lehen hitzak dira (Dt 6,4). “Adi, Izrael, bizirat deramaten manamenduak...” Horrek du herria makurretik begiratuko, horrek emanen zoriona eta bakea. Jainkoaren ganik urruntzeak dio ekarri zorigaitza, Moisen legeak, aldiz, emanen bizia.
“Ikas nun dagon jakitatea, nun indarra, nun adimendua.” Erakasle bat baizik ez da, Jainkoa bera. Eta bere baitarik hautatu du segeretu hori bere herriari agertzea : « Harek aurkitu ditu jakitatearen bideak, eta erakutsi diozka Jakobe bere zerbitzariari, hain maite duen Izraeli. »
« Zerbitzari », « hain maite » : horra bi hitz Elkargoaren herriari hurbildik lotuak zaizkonak. Erran nahi dute Jainkoak herri hori hautatu badu, herri horrek mundu guziaren ardura baduela. Haatik, misione horren betetzeko, berak Jainkoaren arabera bizi behar du. Eta hortako, predikariaren hitzetan, Moisen Legea bete dezala Izraelek : « Hura betetzen dutenak biziko dira, hura uzten dutenak, aldiz, hilen. » Bi bide horien artean, hautua badu herriak.
« Hola agertu zen Zuhurtzia lurrean, eta gizakien artean bizi izan da » entzuten dugularik, berehala heldu zauku gogorat Jondoni Joanik idatzia : « Eta Hitza gizon egin da, eta gure artean bizi izan da. » (Jn 1,14)
Oro har, Barukek emaiten dauku hemen Jainkoaren asmo osoaren irudia : kreazionea, Legearen emaitza, herriaren hautu makurrak eta haren zorigaitzak, Legea ahazten duelarik. Bazko gauean Jesusen piztearen Ebanjelioak emanen dio irudiari bere azken hunkia : Jesu kristo baitan gizadi osoa da bizian sartzen.

Zazpigarren irakurgaia

( Bihotz berria eta izpiritu berria )

Ezekiel profetaren liburutik 36,16-17. 18-28

16 Hunela mintzatu zitzaitan Jauna:
17 “ Gizaseme, Izrael herriak, bere lurraldean bizi zelarik,
lohitu zuen lurraldea bere jokamolde eta egitateez.
18 Orduan, heien gainerat ixuri dut nere hasarrea,
lurraldean ixuri duten odolarengatik,
lurra zikindu duten jainkoaizunengatik.
19 Atzerrietan barreiatu ditut, eta lurraldeetan sakabanatu.
Jujatu ditut beren jokamolde eta egitateen arabera.
20 Eta joan ziren herrietan, nere izen saindua desohoratu zuten,
heietaz erraiten baitzen:
“ Jaunaren populua dira horiek,
eta haren lurraldea utzi behar izan dute.”
21 Orduan, nere izen saindua garbitu nahi izan dut,
zikindua baitzuen Izrael herriak, joan ziren herrietan.
22 Beraz errozu Izraelen etxeari: Hunela mintzo da Jauna:
Ez naiz zuengatik ari, Izraelen etxea,
bainan joan zirezten herrietan desohoratu duzuen
nere izen sainduarengatik.
23 Saindu agertuko dut nere izen handia,
jendaldeen artean desohoratua dena,
heien artean zuek desohoratu duzuen nere izena.
Jendaldeek jakinen dute ni naizela Jauna – dio Jainko Jaunak -
heien bixtan, zuen bidez, saindu agertuko naizenean.
24 Jendaldeen artetik hartuko zaituztet,
lurralde guzietarik bilduko, eta zuen lurralderat erakarriko.
25 Ur garbia ixuriko dautzuet gainerat,
eta garbi geldituko zirezte.
Zuen kutsadura eta idolatria guzietarik garbituko zaituztet.
26 Bihotz berria emanen dautzuet,
eta zuen baitan izpiritu berria ezarriko.
Harrizko bihotza kenduko dautzuet, eta haragizkoa emanen.
27 Nere izpiritua ezarriko dut zuen baitan:
nere legeen arabera ibiliko zirezte,
nere manamenduak beteko dituzue, eta leialki zainduko.
28 Zuen arbasoeri eman nioten lurraldean biziko zirezte.
Nere herria izanen zirezte, eta ni zuen Jainkoa. ”

Jainkoaren nahia da gizaki oro salbatua izan dadin. Horra hor Biblia guziaren mezua. Eta hori bera du
erraiten hemen Ezekielek.
Huna nola finkatzen duen bere arrazoina : Asmo miragarri horren betetzeko Jainkoak herri bat hautatu du haren lekuko izan dadin beste herri guzien aitzinean : herri saindu bat, lur saindu batean, sainduki bizi dadin. Bainan herri hautatua ez da sainduki bizi izan. Lur Saindua profanatu du odol hobengabea ixuriz, pobrea zapatuz eta bereziki idolatrian eroriz. Lurraren galtzea izan da lurraren profanatzearen saria. Eta horra Izrael atzerrirat deportatua.
Bainan herri hautatua atzerrian izaitea, hori bera ez ote da Jainkoaren kontra itzultzen ? Atzerritarrek ez ote dute pensatuko Izraeldar herresta horien Jainkoak ez duela indar handirik bere herria holakatzera uzteko ? Atzerritarrak nola joanen dira egiazko Jainkoaren ganat, holako itxura hitsa emaiten badu bere buruaz ? Bere herria hortik atera behar du beraz : « Jendaldeek jakinen dute ni naizela Jauna -dio Jainko Jaunak- heien bixtan, zuen bidez saindu agertuko naizenean. Jendaldeen artetik hartuko zaituztet, lurralde guzietarik bilduko, eta zuen lurralderat erakarriko. » Hori eta gehiago ere eginen du Jainkoak : « Zuen kutsadura eta idolatria guzietarik garbituko zaituztet. » « Garbitu », « bihotz garbia ukan », Biblian, idoloen esklabotasunetik ateratzea da. Jainkoak, beraz, bere herria bietan libratzen du : Babilonarren nausigotik eta idoloen esklabotasunetik. Bainan Jainkoak ez daki izariaren atxikitzen. Konduaren gainerat oraino beste zerbait ere eginen du. Ez du bakarrik bihotza “garbituko”, aldatuko ere du. Eta zer irudi eder eta hunkigarria : “Harrizko bihotza kenduko dauzuet, eta haragizkoa emanen.” Harrizko bihotza maitatzen ahal ez duen bihotza da, jelosiak estekatua Kain bezala, arrazakeriak, diruak, beldurrak beretua. Zenbat estekagailu mota! Aldiz, “haragizko bihotza”, maitatzeko bihotza. Bihotz samurra, Jainkoarena bezalakoa. 50.salmoak “bihotz hautsia” aipu du. Kuskua hautsi eta, barnekoa zer fruitu ezti eta goxoa : bihotzaren bihotza. Jainkoaren bihotza iduria. Hain xuxen egun hauetan -bereziki bazko gau huntan- ospatzen dugun Jesusen bihotza.

Epixtola

( Bataioak emaiten dauku hil
eta piztua den Kristoren bizia )


Jondoni Paulok Erromanoeri 6,3-11

Haurrideak,
3 Jesu Kristo baitan bataiatuak giren guziak,
haren heriotzean gira bataiatuak izan.
4 Bataioaren bidez Harekin heriotzean hilobiratuak izan gira,
Aitaren aintzari esker Kristo hilen artetik piztu den bezala,
guk ere bizi berria bizi dezagun.
5 Harena bezalako heriotzean harekin bat egin bagira,
harekin bat eginen gira harena bezalako piztean ere.
6 Badakigu , lehen ginen gizaki hura
Kristorekin gurutzean ezarria izan dela,
bekatuzko gizaki hura suntsitua izan zadin
eta bekatuaren esklabo izan ez gintezen gehiago.
7 Alabainan, hila dena, bekatutik libratua da.
8 Kristorekin hil bagira,
sinesten dugu harekin biziko ere girela.
9 Badakigu: Kristo hilen artetik piztuz geroz, ez da berriz hilen;
herioak ez du gehiago eskurik haren gainean.
10 Hil da, eta bekatuari zaio hil behin betiko.
Bizi da, eta Jainkoarentzat da bizi.
11 Berdin zuek ere: har gogoan bekatuarentzat hilak zireztela,
bainan Jainkoarentzat bizi Jesu Kristoren baitan.

Erromanoeri epixtolaren mamia hau da : nor nahi izan gaiten, Jainkoak bere graziaz salbatzen gaitu: salbamendu hori fedean onartzea aski zauku. Salbamendua kitorik ukaite horren kontrakoak izan dira eta badira orain ere, erraiten dutenak: salbamendua kitorik dugula errepikatzean bekatu egitera sustatzen duzue. Bainan Paulok ez du holakorik: ez du bekatua deuseztatzen Jainkoaren graziaren aitzakiaz; bataioaz geroz, kreatura berriak gira eta bekatuak ez du hartzerik : « Norbait Kristorena bada kreatura berri da. » (2 Ko 5,17)
Pauloren erantzuna ez da moralan oinarritzen, bainan salbamenduaren misterioan. Paulok bataioa hain du barnatzen nun ez zaukun errex haren segitzea. Kreatura berria aipatzen duelarik, bere buruaz mintzo da: Damaseko bidean gertatu zitzaionaren ondotik egiaz gizon berri zen. Bere lehengo biziari, lehengo ikus molde, egitate, sinesteeri hila zen : « Jesu Kristo baitan bataiatuak giren guziak, haren heriotzean gira bataiatuak izan...Harekin hilobiratuak izan gira… hil da, eta bekatuari zaio hil behin betiko… har gogoan bekatuarentzat hilak zireztela. »
Bataioa, Paulorentzat, bekatuaren hiltzea da : « Jakin behar duzue, gure arbasoak denak egon zirela hodeiaren gerizan eta denek iragan zutela Itsas Gorria. Denak bataiatuak izan ziren hodeian eta itsasoan, Moisekin bat eginez. » (1 Ko 10,1-2) Izrael Herriaren gertakari sortzaileak dira hauek: Jainkoak bere Herria esklabotasunetik libratzen du eta bizi berri batera sortzen, urak zeiharkatuz. Hori du Paulok Izraelen bataioa deitzen. Moisek esklabotasunaren kateak hautsi ditu eta itsasoaren zeiharkatzeak hauste hori du ospatu. Jesusek bertze hauste bat egin du. Gizona Jainkoaren kontra zagon, bere duda, ustekeria, bere bekatuan preso.
Jesus, alta, « apaldu da, hiltzeraino obedituz, gurutzean hiltzeraino » (Flp 2,8); Jainkoari doakion konfiantxak (obeditzeak), bere Aitarekin daukan gozotasunak, gizadiaren bekatuaren loturak hausten ditu : « Hil da, eta bekatuari zaio hil behin betiko; bizi da, eta Jainkoarentzat da bizi. » Jesusen ondotik direneri erraiten diote: « Berdin zuek ere: har gogoan bekatuarentzat hilak zireztela, bainan Jainkoarentzat bizi Jesu Kristo baitan. » Erranen du ere bataiatua dena « kreatura berri » dela : « Beraz, norbait Kristorena bada kreatura berri da; zaharrarenak egin du, berria sortu da. Hau guzia Jainkoarenganik dator, Kristoren bitartez berekin baketu gaitu » (2 Ko 5,17-18) Aldakuntza hori egina da eta ber denboran egitekoa: gure bizia bataioarekin berritua da; gure egun guzietako egintzak berritzea guri da.
Girixtino bizia ez da beraz errextasun bizia : «Berdin zuek ere: har gogoan bekatuarentzat hilak zireztela, bainan Jainkoarentzat bizi Jesu Kristo baitan ». Salbamenduan sartzea, errex da: sinestea aski, bainan horrek berea dakar : bide berri bat hartu behar baitugu, Kristoren Izpirituaren araberakoa.
Efesako jendeeri idatzi epixtolak errepikatzen du: « Zuen lehengo bizi moldeari uko egin eta jite zaharra, gutizia tzar lilluragarriz usteldua, erantzi behar duzue; eta bestetik, zuen gogo-bihotzak berritu eta jite berria, Jainkoaren irudirat kreatua jantzi behar duzue, Jesusen egiaren arabera zuzen eta sainduki bizitzeko. » (Ef 4, 22-24) Osoki berritzeko, sekretu bat bada: Kristoren gurutzeari so egon, obeditzearen etsenpluak baitu indarkeriaren gatea hausten: « Nerekin bat egon zaitezte ni zuekin bezala! Adarrak, mahatsondoarekin bat egoiten ez bada, fruiturik eman ez dezakeen bezala, zuek ere berdin, nerekin bat egoiten ez bazirezte. » (Jn 15,4)

Salmoa 117

Leloa : Alleluia, alleluia, alleluia.

Jaunari kanta, ona baita:
Amodioa betiko baitu betikoa.
Jainkozaleek, gora kanta:
Amodioa betikoa du betikoa;

Jainko eskua, esku gaitza:
Jainko eskuak, esku azkarrak, zer laguntza!
Joan zait hiltzeko oren beltza:
Biziko naiz bai, Jaunak eginez nadin mintza.

Egilek utzi harri hori
Bilakatu da denak datxizkan ezkin-harri.
Jainko Jaunak du hau egina,
Gure begien, gure bihotzen miragarri.

Salmo hau ez da lehenik Jesusentzat idatzia izan. Salmo guziak Jesu Kristo baino zenbait mende lehenagokoak dira. Bereziki tenpluan kantatzen ziren. Salmo guziek bezala Izraelen historia kondatzen du, Elkargoaren historia. Esperientziak erranarazten dio Izraeli : Bai, Jainkoaren amodioa betikoa da. Izraelek, bere ibilaldian, Jainkoa beti bere ondoan zuen, bere nekeetan laguntzeko.
Egiptotik libraturik Izraeldarrek Itsaso Gorria pasatu zutelarik, esker onezko kantu bat egin zuten : « Ene indarra eta kantua, Jauna da ; ene salbamendua da. » Gaurko salmo hau kantu haren oihartzuna da. « Jaunak egina » edo « miragarriak », Biblian, beti, Egiptotik ateratzearen ezaugarriak dira, edo oroigarriak. Halaber “Jainko eskua esku gaitza, Jainko eskuak esku azkarrak.” Ez zen behin betiko librantza izan, Jainkoa beti libratzen ari da. Horra zergatik kanta daiteken :"Jainkozaleek, gora kanta : amodioa betikoa du, betikoa." Badakigu orai Jainkoaren “beldurra”, Biblian, Jainkoaren alderako “amodioa” dela.
Eta hori da esperantzaren oinarria : Jainkoak Mesias igorriko du eta ikusiko dugu, azkenean, hitzeman zoriona. Izraelek, eta harekin gizadi guziak, bakea eta justizia jastatuko dute. Urrun ziren bat ala bestea, salmo hau egin zelarik...eta gaur egun oraino. Bainan Jainkoak heriotzetik bizia ateratzen du.
“Egileek utzi harri hori, bilakatu da denak datxizkion izkin-harri”. Salmo hau idatzi zelarik Jerusalemen gezurra, ustelkeria, injustizia, Jainkoaren mespretxua ziren nausi. Profetak oihu egin zuen holako gizartea errekara zoala. Zimenduen finkatzeko harririk tzarrenak hautatzen zituzten harginak zirela zioten jende heiek. Hargin horiek baztertu harria hautatu du Jainkoak izkin-harritzat. Basa-hargin horiek gaizki eraikia, Jainkoak berak berriz eraikiko du; zuzentasuna eta justizia oinarri. Gizarte berria izanen da, Jainkoak ttipiekin, umilekin, mespretxatuekin, altxatuko duena.
Salmo huntako pasarte hau : “Egileek utzi harri hori, bilakatu da denak datxizkion izkin-harri…” Jesusek beretzat hartu du : “Harri utzia” Jesus bera da. Fededunen gizarte berria izkin-harri horren gainean eraikia da. Ez da indarrik eraikin hori lurrerat aurtikiko duenik.

Ebanjelioa ( B urtean )

(Aingeruak emazteeri erraiten Jesus bizi dela)

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 16,1-8

1 Larunbata iragan zenean,
Maria Madalenak, Maria Jakoben amak eta Zalomek
usain gozoak erosi zituzten
Jesusen gorputzaren gantzutzera joaiteko.
2 Goizean goizik astearen lehen egunean
hilobirat joan ziren, iguzkia atera orduko.
3 Elgarri zioten :
“Nork aldaratuko dauku harria hilobiaren ahotik ?”
4 Behatu eta ohartu ziren aldaratua zela harria;
alta biziki handia zen.
5 Hilobian sarturik,
mutiko gazte bat ikusi zuten eskuinaldean jarria,
soineko xuriz jantzia,
eta izitu ziren.
6 Harek erran zioten :
“Ez ikara !
Nazareteko Jesus gurutzefikatua bilatzen duzue ?
Piztu da, ez da hemen.
Huna non ezarria zuten.
7 Eta orai, zoazte haren dizipulueri eta bereziki Petriri erraitera :
Zuen aitzinean doa Galilearat.
Han ikusiko duzue, erran dautzuen bezala.”
8 Emazteak atera ziren hilobitik eta ihes egin,
izituak eta ikaratuak baitziren.
Ez zioten nehori deusik erran, beldur baitziren.

Ororen buru, Jesusen pizteaz eta itsas Gorriaren zeharkatzeaz deus guti dakigu. Bat ala bestea ezin ukatuak dira : miliunka jenden fedea hazi dute. Bainan testoak, bi kasuetan, kontrajarriak dira pundu batean edo bestean. Egiptotik ateratzearen tradizione bat baino gehiago bada, eta Jesusen pizteari buruz lau Ebanjelioak ez dira osoki akort.
Akort diren pasarte horien azpimarratzea jakingarri da :

Matiu, Mark eta Lukek diote emazteek ikusi zutela Jesus non ehortzia izan zen. Eta emazteak dira, hain xuxen, hilobi hutsaren lekuko, asteko “ lehen egunean”, sabatoa bururatu ondoan. Asteko lehen egun horrentzat, igandearentzat, errespetu handia zuten lehen girixtinoek. Igande girixtinoa hor sortu da : aro berriaren lehen eguna da, kreazione berriaren lehen eguna.
Hilobia idekia da, harria birikatua. Ezekielen profezia bete da, harek pentsatu baino askoz barnakiago : “Zuen hilobiak idekiko ditut, hilobietarik aterako zaituztet, oi ene herri.” (Ez 37,12)
Hiru kondairak akort dira oraino aitorpen garrantzitsuenaren finkatzeko : “Piztu da”.
Hiru Ebanjelio horien arabera, hilobia hutsik ikustearen ondorioa, Berrionaren zabaltzea da, misionea. Emazteak joan dira berehala berriaren hedatzera.