Bazkoko bigarren igandea
Lehen irakurgaia
( Lehen girixtinoek denak elkarrekin partekatzen )
Apostoluen Egintzetarik 4, 32-35
32 Fededun guziak bat ziren bihotzez eta gogoz, eta nehork ez zuen erraiten zaukan ontasuna berea zuela, bainan guzia guziena zuten.
33 Apostoluak indar handiz lekuko agertzen ziren Jesus Jauna piztu zela, eta graziaren indarra heien guzien baitan zagon.
34 Ez zen behartsurik heien artean: alabainan, lurrik edo etxerik bazutenek saltzen zituzten,
35 eta saldu zutenaren saria ekartzen, Apostoluen esku uzteko ;
eta bakotxari behar zuena emaiten zitzaion.
Apostoluen Egintzak deitu liburuak Elizaren hastapeneri buruzko gertakari batzu emaiten ditu, lehen girixtino taldearen bizia zer izan zen kondatuz.
Lehenik, batasuna. « Fededun guziak bat ziren bihotzez eta gogoz .» Fedeak hain du fededunen bizia argitzen nun bihotz eta gogo bat daukaten. Fedea bihotzarena da adimenduarena baino gehiago. Gauza batzuentzat sukar bera daukatenak, eman dezagun musikarena, edo ikerketa lanarena, edo mendiarena, nola sukar horrek batetaratzen dituen eta zorionez betetzen, ongi dakite. Lehen giristinoak fede suhar batean bizi ziren. Heien batasuna egiten zuen, Jesusek erran bezala: Elgarrentzat ukanen duzuen maitasunetik ezagutuko zaituztete ene dizipulutzat.
Bigarrenekorik: batasun hori, partekatzean da egiazki agertzen. Testo hunen lehen lerrotik, biak lotuak dira : « Fededun guziak bat ziren bihotzez eta gogoz, eta nehork ez zuen erraiten zaukan ontasuna berea zuela, bainan guzia guziena zuten. » Eta urruntxago Lukek dio: « Ez zen behartsurik heien artean: alabainan, lurrik edo etxerik bazutenek saltzen zituzten, eta saldu zutenaren saria ekartzen, apostoluen esku uzteko; eta bakotxari behar zuena emaiten zitzaion. »
Lukek ez du ekonomiako erakaspenik emaiten ez eta sozial mailako helburu ederrik erakusten. Bertzerik dio : bere barne barnekoa erraiteko, bi erranaldi berdinen artean hirugarren bat ezartzen du. Lehen erranaldia: « Fededun guziak bat ziren bihotzez eta gogoz, eta nehork ez zuen erraiten zaukan ontasuna berea zuela, bainan guzia guziena zuten. » Hirugarren erranaldia: « Ez zen behartsurik heien artean: alabainan, lurrik edo etxerik bazutenek saltzen zituzten, eta saldu zutenaren saria ekartzen, Apostoluen esku uzteko; eta bakotxari behar zuena emaiten zitzaion. » Eta bi erranaldi horien artean, erranaldi nausia : « Apostoluak indar handiz lekuko agertzen ziren Jesus Jauna piztu zela, eta graziaren indarra heien guzien baitan zagon. » Lukentzat, Jesusen piztea aitortzeak ontasunen parteka tzera derama. Dugun guzia Jainkoaren oparia da eta aldeko laguna haurridea dugu. Elkargo Berrian bizi direlarik, orduan fededunak egiazki haurride dira, egiazko familiako bizi bat sortzen da, eta haurride artean, den guzia guziena da.