Bazkoko bosgarren igandea
Lehen irakurgaia
( Paulo Apostoluekin batean Kristoren lekuko)
Apostoluen Egintzetarik 9,26-31
Konbertitu-eta,
26 Paulo Jerusalemerat etorri zen, eta dizipuluekin elkarretaratu nahiz zabilan,
bainan denak haren beldur ziren, ez baitzuten sinesten Kristoren dizipulu zela.
27 Orduan Barnabek berekin hartu eta apostolueri ereman zioten. Kondatu zioten nola Damaserateko bidean Paulok Jauna ikusi zuen, nola Jauna mintzatu zitzaion, eta nolako ausartziarekin Jesusen izenean mintzatu zen Damasen.
28 Ordutik, apostoluekin ibili ohi zen Jerusalemen, Jaunaren izenean ausartziarekin mintzatuz.
29 Greko-hizkuntzako Juduekin hizketan eta eztabadan ari zen;
bainan hauek Paulo hil nahi zuten.
30 Haurrideek, hori jakitean Zezarearat ereman zuten,
eta handik Tarzorat igorri.
31 Eliza bakean bizi zen Judea osoan, Galilean eta Zamarian.
Jaunaren beldurrean, eraikitzen ari zen, eta handitzen, eta Izpiritu Sainduaren laguntzari esker emendatuz zoan.
Konbertitu aitzin, Paulo giristinoen kontra ari zen gaitzeko karrarekin. Huna zer irakur daitekeen Apostoluen Egintzak liburuan : “Paulok eliz elkartea xehatzen zuen : etxeetan sartu, gizon eta emazteak arrastatu eta presondegirat herrestatzen zituen.” (Eg 8,3) Ez da harritzeko, konbertitu eta, dizipuluak hartaz mesfidatzen baziren ere.
Barnabe ararteko harturik, Paulo sartzen ahalko da apostoluen elkartean. Barnabe hunek zuen bere alorra saldu eta bildu dirua sortu berria zen Elizari emana. Eta hunek zuen entzuna Paulo Damas-en ausartziarekin Jesusen izenean mintzatzen.
Elizaren kontra erakutsi kar bera emanen du orai Elizaren alde. Bat batean haren begiak ideki dira, Jesus bera agertu zaiolarik. Ez du gehiago dudatzen, eta hori judua delakotz, hainbertze urte hartan igurikatzen zutena Jesus baitan bete baita.
Bainan lehengo bere lagunek, juduek, ez dakote barkatuko : « ...Bainan hauek Paulo hil nahi zuten...Eliza bakean bizi zen Judea osoan galilean eta Zamarian, Jaunaren beldurrean, eraikitzen ari zen, eta handitzen...” Beldurra hitzak, hemen, Biblia guzian bezala, ez du lotsagarri den zerbait erran nahi, bainan bai bere burua, Jainkoaren aitzinean errespetuz betea izaitea, Jainkoaz maitatua eta beiratua.