Bazkoko hirugarren igandea
Lehen irakurgaia
( Jainkoak eman dio bere aintza Jesus bere zerbitzariari )
Apostoluen Egintzetarik 3, 13-15. 17-19
Herri guziaren aitzinean, Petri mintzatu zen :
“ Izraeldarrak,
13 Abrahamen, Izaaken eta Jakoben Jainkoak, gure arbasoen Jainkoak aintzaz bete du Jesus bere zerbitzaria,
zuek buruzagien eskuetarat eman duzuena :
Pilatoren aitzinean ukatu duzue, Pilatok libratu nahi zuelarik.
14 Saindua eta zuzena zena , zuek ukatu duzue eta hiltzaile baten libratzea eskatu
15 Biziaren sorburua hil duzue ; bainan Jainkoak hilen artetik piztu du: gu gira horren lekuko.
17 Badakit, haurrideak, ezjakinean ari izan zireztela, zuen buruzagiak bezala.
18 Bainan horrela bete du Jainkoak profeta guzien ahoz aitzinetik iragarria, haren Mesiasek sofritu beharko zuela.
19 Bihozberri zaitezte, beraz, eta itzul Jainkoaganat, zuen bekatuak ezeztatuak izan ditezen.
Egun hartan Petri eta Joani tenplorat sartzen ari ziren. Horra enbaldi bat, eske dagona, ate aitzinean. Petrik erraiten dio : « Urrerik edo zilarrik ez dut ; dutana emaiten dauzut : Jesu Kristo Nazaretarraren izenean, ibil zaite ! » Jauzian gizona xutitu zen, eta tenploan sartu, Jainkoa goresten zuela.
Hori ikusi eta, jendeak erne daude zer den holakorik. Petrik erraiten diote ez duela hori bere baitarik, bere ahalaren bidez egin : Jesusek sendatu du enbaldia. Entzuleak Mesiasen beha zauden aspaldian. Profeziak ezagutzen zituzten. Bainan nola sinetsaraz profezia horiek Jesusi buruz idatziak izan zirela.
Hutsa, Petriren arabera, Jesus hobengabea hiltzea izan da. Ezjakinean, egia erran : « Badakit, haurrideak, ezjakinean ari izan zireztela, zuen buruzagiak bezala. » Nola behar zuten jakin ? Mesias izan balitz, erakutsiko zuen. Bainan frogarik ez zuen eman. Hoin itsuski hiltzea bera ere kontra zuen. Jainkoak igorria izan balitz, nola behar zuen bere-ber utzi bere etsaien eskuetan ?
Hor ziren bai, Izairen liburuan « Zerbitzariaren kantak ». Bainan nork sinets Mesias « zerbitzari » izanen zela, eta ez errege ? Nola onar sofritu behar zuela ? Izai beste norbaitez ari zen, hain segur : « Ez zuen molderik ez edertasunik, ez begientzat itxura erakargarririk, maita ginezan. Mespretxatua zen, eta jendeek baztertua, oinaze-gizona, sofritzen ikasia, bere aurpegia estaltzen duena iduria. Mespretxatua, kasurik ere ez diogu egin. » (Is 53,2-3) Bainan kanta horrek berak dio : « Handienen artean ezarriko dut, eta boteretsuekin ukanen du garaipen-saria, bere burua heriotzeari eman baitio, eta hobenduntzat utzia izan baita, guzien bekatuak bere gain hartu eta bekatarien alde ari zelarik. » (53,12)
Ez da harritzeko testo hau biziki argigarri izan balinbazen lehen girixtinoentzat. Gertakariak iragan ondoan juduek konpreni zezaketen. Nola-nahi ere, Jainkoak barkatzen diote beren itsumendua : “Aita, barka zozute, ez baitakite zer ari diren.” Itzul ditela orai Jainkoari buruz, hortako beti ordu baita: Petriren predikua dena hortan da.