Jaunaren zerurat altxatzea Salbatore
Lehen irakurgaia
( Jesus zerurat altxatzen )
Apostoluen Egintzetarik 1,1-11
1 Teofilo maitea, nere lehen liburuan, hastetik zerurat altxatua izan zen egunera arte Jesusek egin eta irakatsi zuen guzia izkiriatu dut.
2 Zerurat igan aitzin, Izpiritu Saindua baitan, bere manuak eman ziozkaten berak hautatu Apostolueri.
3 Heieri agertu zitzaioten bizirik, Pasione ondoan : horren froga ainitz eman zioten, berrogoi egunez bere burua ikustera emanez, eta Jainkoaren erreinuaz mintzatuz.
4 Heiekin jaten ari zen batean, manatu zioten ez zitezen Jerusalemetik urrunt, bainan igurika zezaten Aitak hitzemana.
Erran zioten : “ Hori da nere ahotik entzun duzuena.
5 Joanesek urez bataiatu zuen, bainan zuek Izpiritu Sainduan bataiatuak izanen zirezte egun guti barne.”
6 Harekin bildurik zaudela, Apostoluek galdatu zioten:
“ Jauna, orai altxatuko ote duzu berriz Izraelgo erreinua? ”
7 Jesusek ihardetsi zioten : “ Ez duzue jakiterik noiz izanen den aldia eta tenorea. Aitak bakarrik du horren erabakitzeko ahala.
8 Bainan hartuko duzue zuen gainerat jautsiko den Izpiritu Sainduaren indarra. Eta nere lekuko izanen zirezte
Jerusalemen, Judea osoan, Zamarian eta lurraren azken mugetaraino.”
9 Horiek erran eta, heiek so zaudela, Jesus altxatu zen, eta hedoi batek begietarik itzali zioten.
10 Han baitzauden zeruari so, Jesus bazoalarik, huna bi gizon soineko xuritan ondoan zituztela, baitzioten:
11 “ Galilearrak, zertan zaudezte hor zerurat beha ? Zuen artetik zerurat altxatua izan den Jesus hori, zerurat joaiten ikusi duzuen bezala, berriz etorriko da.”
Apostoluen Egintzen hastapenean gaude. San Luken lerroek berek egiten dute lokarri San Luken Ebanjelioarekin, liburu hau ere eskaintzen baitzaio delako Theofilo bati, eta beraz Apostoluen Egintzek eta San Luken Ebanjelioak egile bera dute. Bat bururatzen delarik, hasten da bestea. Lehen liburuak, hots Ebanjelioak, kondatu du Jesusen misioa eta predikaldia, bigarrenak aldiz Apostoluen misioa eta predikaldia, horra zergatik hau deitzen den Apostoluen Egintzak.
Jerusalemen hasten eta bururatzen da Ebanjelioa, hor baita Juduen eta lehen hitzarmenaren hiri nagusia. Apostoluen Egintzak aldiz, hasten dira Jerusalemen, zeren lehen hitzarmenaren ondotik heldu baita hitzarmen berria, geroago bururatuko dena Erroman, orduan munduko bide guziak gurutzatzen ziren hirian. Dudarik ez da san Luken arabera hedamen hori Izpiritu Sainduaren lana dela; Jesusen beraren Izpiritua da alabainan izan, mendekostez geroz Apostoluen gidaria, horren gatik deitzen baitira batzuetan Egintza horiek Izpiritu Sainduaren Ebanjelioa .
Eta nola Jesusek bere bataioaren ondotik bere misioa prestatu baitzuen berrogoi egunez basamortuan, halaber bere Elizaren prestazen berrogoi egun iragan zituen: berrogoi egunez agertu zitzaien eta mintzatu Jainkoaren Erreinuaz, eta azken apairu batean bere manuak eman zizkien, hau da : Ordena, Promesa eta Misioa.
Lehen manua aski bitxia zen : Igurikatu eta ez higitu, ezen erran zien ez zitezen Jerusalemetik atera bainan igurika zezaten Aitak hitzemana. Aitaren promesak, Jerusalemen berean betetzeak, ez zituen neholaz ere hameka gizonak batere harritu, guziak juduak baitziren; profeten prediku guziek alabainan, Jainkoaren promesa bete zadin Jerusalemeri emana zioten parte hartzerik handiena : oroit, adibidez, Izaien oihua : Zuti hadi Jerusaleme! Pitz hadi! Etorri duk hire argia eta, Jaunaren loria altxatu hire alde!
San Lukek gero zehazten du zer den promesaren edukia : Joanesek urez bataiatzen zuen bainan zuek Izpiritu Sainduan bataiatuak izanen zarete, egun guti barne. Apostoluek galdatu zioten :Jauna, orain altxatuko ote duzu berriz Izraelgo Erresuma ? Ez da harritzeko jendeak galde hori egitea, horrek erakusten baitu ongi konprenitu duela Jainkoaren Egun Handi hura etorria dela.
Jainkoak ordea, gizonen beharra badu bere promesaren betetzeko; Jainkoaren salbamendua Jesu Krixtori esker etorria da, bainan gizonei gelditzen zaie salbamendu horren onartzeko edo ez egiteko libertatea. Horra zertako gizonek berek behar duten hori jakin; hortik baitator Apostoluen Misioa eta egitekoa.
Izpiritu Saindua emana zaie beraz: hartuko duzue zuen gainerat jautsiko den Izpiritu Sainduaren indarra eta nere lekuko izanen zarete. Erran nahi du Izpiritu Sainduaren jaustearen eta Jainkoaren Erreinuaren betetzearen artean badela tarte bat, hau da lekukotasunaren aroa . Eta ephe hori hain da luzea nun Berri Ona helarazi behar baitzaio gizadi osoari :...Eta ene lekuko izanen zarete Jerusalemen, Judea osoan, Zamarian eta lurraren azken mugetaraino. Hori da, hain zuzen, Apostoluen Ekintzak deitu liburuaren plana.
Eta Bazko goizean bi gizonek, soineko xuritan, erran baitzioten emazteeri : zertan zaudete hor zerurat beha ? Zuen artetik zerurat altxatua izan den Jesus hori, zerurat joaiten ikusi duzuen bezala berriz etorriko da... Berriz etorriko da segur gara, horra zergatik errepikatzen dugun Eukaristia bakoitzean: Igurikatzen dugu hitzeman diguzun Zoriona, hau da, Jesu Kristo Gure Salbatzailearen etortzea .