Mendekoste eguna

Matiuk eta Lukek ez bezala, Joaniren ebanjelioa “Gure Aita”-rik gabea da, bainan hemen irakurtzen duguna giro berekoa da : “Aita guziz saindua, begira nere dizipuluak eman dautazun zure izenari leial” eta “Gure Aita zeruetan zirena, saindu izan bedi zure izena” elgarren kide dira. Halaber “ez dautzut eskatzen mundutik atera ditzazun, bainan gaixtoarenganik begira” eta “ez gaitzazula tentaldirat ereman” erranaldiek gauza bera diote. Ez dugu hemen “egin bedi zure nahia”-rik, bainan Jesusek ez du besterik gogoan, Jainkoaren asmoa bete dadin baizik.
Jainkoaren asmoa da mundu guzia amodioaren eta egiaren toki bilaka dadin. Fededun guziak hortarat gomitatuak dira. Ez dira mundutik ateratzen, mundua barnetik lantzen dute. Ez dute beste bizi bat bizitzen bainan bestela bizi dute egun guzietako bizia.
Jesusek azken otoitz hau egiten duelarik badaki harenak egina duela. Ez du beretzat otoitz egiten, bainan lekukoa uzten diotenen alde : “Zuk mundurat igorri nauzun bezala, nik ere mundurat igorri ditut.” Gauza bat bakarra da konda : mundua salbatua izan dadin. Jondoni Joani, bere ebanjelioan, ardura ideia hortarat doa : “Jainkoak ez du Semea mundurat igorri munduaren kondenatzeko, baizik haren bidez munduaren salbatzeko.” (Jn 3,17)
Biblia guzikoa da : Abrahametik haste, Mois eta profetak barne, gizon bat edo talde bat (Izrael, adibidez) Jainkoaz hautatua delarik, ez da sekula bere onetan bakarrik, bainan besteen zerbitzurat igorria da. Eta Elizak ez du izaiteko beste arrazoinik, munduari “igorria” izaitea baizik.
Dizipuluentzat Jesusek egiten duen otoitz luze huntan, hiru hitz nagusi badira : leialtasuna, batasuna, egia.
- Leialtasuna : “Aita guziz saindua, begira nere dizipuluak eman dautazun zure izenari leial.” Leialtasun hori, Jesusentzat, Aitaren iduria izaitea zen. Jesus joanez geroz fededunak dira deituak Aitaren iduri leialak izaitera.
- Batasuna : “Begira nere dizipuluak...bat izan daitezen, gu bat giren bezala.” Eta beste pasarte hau ere : “Egizu guziak bat izan daitezen, Aita, zuk nerekin eta nik zurekin bat egiten dugun bezala...Hola munduak sinetsiko du zuk igorri nauzula.” (Jn 17, 21) Horrek erran nahi du batasuna ez dela, berez, helburu bat. Helburua da munduak sinets dezan. Gure arteko berexkuntza eta kasailek indarrak jaten dauzkigute. Nola izan maitasunaren lekuko, elgar maite ez badugu?
- Egia : “Sagara itzazu egiaren bidez : zure hitza egia da.” “Sagara” hitzak “Jainkoaren saindutasunean parte hartzea” erran nahi du. Eta hori emana zaio fededunari, ez ihes egin dezan, bainan mundu zabalean bizi dadin Jesus bera bizi izan zen bezala.
Jesusen azken hitza : bozkarioa! Berak berehala gorriak ikusi behar ditu -gero dizipuluek bezala- Oren izigarriak bizi aitzin, hala eta guziz ere, alaitasuna du Jesusek ahoan : “Hau guzia, oraino munduan nagola erraiten dut, nere bozkarioa beren baitan izan dezaten, bozkario betea.”

Salmoa 103

Leloa: Jainkoa, zure Izpiritua igor guri,
Mundu guzia dadin berri !

Begitartea zuk gordetzean, denen lotsa,
Zuk hatsa kenduz, heien gorputza zer errautsa !
Berpizten dira zuk igortzean zure hatsa,
Eta betbetan berritua da mundu hitsa.

Jainko Jaunari betiereko laudorio,
Moldatu hoitan duela beti bozkario.
Nik diotana izan bekio laketgarri :
Jainkoa baitan duket nik beti boz-iturri.

Egungo salmoa, laudoriozko salmo bat da. Ez da harrigarri Mendekostez irakurtzea. Lukek Apostoluen Egintzetan kondatzen du apostoluek, Mendekoste goizean, Izpiritu Saindua beren baitan zutela, Jainkoaren miragarriak goresten zituztela, hizkuntza guzietan. Ez da fededun izaite beharrik kreazionearen aintzinean miretsia egoiteko. Hizkuntza guzietan badira olerki ederrak naturaren edertasuna goraipatzen dutenak. Egipton bereziki, faraon baten hobian, olerki bat aurkitu da Akh-en-Aton edo Amenofis laugarrenak idatzia, jainko den Iduzkiaren ohoretan. Faraonaren olerkia eta salmo hunen artean badira berdintasunak: mirestearen hizkuntza berdina da mundu guzian. Bainan desberdintasunak dira interesgarriak: horiek dira Elkargoaren populuari egin goiargiaren herrestoak.
Lehen desberdintasuna, baitezpadakoa Izraelen fedearentzat : Jainkoa Jainko da, ez da bertze jainkorik, eta iduzkia ez da jainko. Hasiera liburuan Bibliak iduzkia eta ilargia beren lekuan ezartzen ditu. Ez dira jainko; argiak dira, bertzerik ez. Kreaturak dira heiek ere, bertset batek dion bezala : “Zuk Jauna, egunak seinalatzen dituen ilargia egin zinuen eta ere iduzkia, ilargiaren sartzea dakiena.” Jainkoa da egiazki denen egile : “handi zare zu handi, Jainkoa, izigarri“.
Bigarren desberdintasuna: Kreazionea ona da. Hasiera liburuan errepikatzen da : „eta Jainkoak ikusi zuen ongi zela.“ 103. salmo hau Hasierako historia bezala egina da: kreazioneko sei egunak aipatzen ditu, bat bertzearen ondotik, lerro lerro, gizakia emanez buru, Jainkoaren hatsarekin.
Hirugarren desberdintasuna: kreazionea ez da lehengo denborakoa. Jainkoak ez du mundua egin eta bere gisa utzi. Lokarri bat bada beti Jainkoa eta kreaturen artean. Erraiten dugularik, „sinesten dut Jainkoa baitan , zeruaren eta lurraren kreatzailean“, ez dugu bakarrik lehengoa aitortzen, bainan Haren menpean girela beti onartzen. „Begitartea zuk gordetzean, denen lotsa, zuk hatsa kenduz , heien gorputza zer errautsa! Berpizten dira zuk igortzean zure hatsa, eta betbetan berritua da mundu hitsa.“

Bigarren irakurgaia

(Ibil gaitezen Izpirituak gidaturik)

Jondoni Paulok Galaziarreri 5, 16-25

Haurrideak,
16 hau diozuet : ibil zaitezte Jainkoaren Izpirituak gidaturik,
eta ez zirezte giza-haragiaren gutizieri jarraikiko.
17 Haragiaren gutiziak Izpirituaren kontrakoak dira, eta Izpirituarenak aldiz, haragiaren kontrakoak. Alabainan bi indar horiek elgarren kontrakoak dira ; horrengatik ez duzue nahi zinuketena egiten.
18 Bainan Izpirituak gidatzen bazaituzte, ez zaudezte legearen menpean.
19 Haragiaren egintzak ezagunak dira : lizunkeria, lohikeria, likiskeria,
20 idolatria, sorginkeria, herra, eztabadak, bekaizgo, hasarre, aharra, tirabira, alderdikeria,
21 bekaizkeria, mozkorkeria, sabelkeria, eta holakoak. Eta lehen erran nautzuena diozuet berriz ere :
horrela dabiltzanek ez dute Jainkoaren erreinua ondoretasunez ukanen.
22 Izpirituaren fruitua, berriz, hau da : maitasuna, bozkarioa, bakea, pazientzia, bihotz ona, onginahia, leialtasuna,
23 eztitasuna, bere buruaren jabe izaitea. Holakoen aitzinean ez da legerik.
24 Kristo Jesusenak direnek beren baitan gurutzefikatua dute haragia bere jaidura eta gutiziekin.
25 Bizia Izpirituak emaiten daukunaz geroz, ibil gaitezela Izpirituaren arabera.

Pauloren arabera, mundua mundu denetik, izpirituaren eta haragiaren artean beti guduak badira. Kain eta Abelen historiak argitzen ahal gaitu. Abel, artzaina zen, Kain laboraria. Primaderan usaia zen bakotxak opari baten egin zezan. Artzainak eskaintzen zuen lehen-bildotsa, eta laborariak, uztaren lehen fruituak. Testoak aditzera emaiten dauku Kainek bortxaz egin zuela oparia. Menturaz Kainek ez du kontzientzia lasai eta ikusten du haren oparia ez dela Abelena bezala onartua : «Jaunak onartu zituen Abel eta haren emaitza, ez, ordea, Kain eta haren emaitza. Kain biziki haserretu zen, eta aurpegia ilun zabilan. Jaunak erran zion: Zergatik zaude haserre? Zergatik aurpegia ilun ?Zuzen jokatzen baduzu, argituko zaizu aurpegia; bainan makur jokatzen baduzu, atean duzu bekatua barrandan. Halere, menpera dezakezu. »
«Barrandan » ! Ardura abere batendako erraiten da, barrandan dagola. Kain zatikatua da bere baitan duen bortizkeriaren eta Jainkoaren amodioaren artean : «atean duzu bekatua, barrandan… menpera dezakezu. » Bixtan dena, Kainenzat libertate osoa izanen zen menperatu balu bere bortizkeria. Hil duelarik anaia, lilluratu du bere burua erakutsiz azkarrena zela, bainan bere bortizkeriaren esklabo izan da. Kainen ondokoak gira eta gizadiaren historia beti gudua izan da, bainan gero, emeki emeki, bere bortizkeria nola menpera nola menpera ikasten ari da. Aitamek badakite luze dela haurren heztea, luze da gure baitan diren gaixtakerieri nausitzea, beti barrandan baitaude gu baitan : « lizunkeria, lohikeria, likiskeria, idolatria, sorginkeria, mozkorkeria, sabelkeria eta holakoak. »
Aprendizgo horren errexteko badira bideak : « ez nehor hil, ez ebats, ez egin adulteriorik, ez egin gezurrezko lekukotasunik » Hori, leialtasunaren aprendizgoa da. Bortxaz egiten den aprendizgoa, bai, bainan esperientziak frogatzen dauku, aprendizgo horri esker, gizonen artean bortizkeria menperatzen ahal dela.
Zer erran nahi du « haragia » hitz horrek ? Ez da bakarrik gorputza, eta gutiago sexua. Haragia gizon guzia da, osoki. Gizon horrek behar du legea, barnean dituen bortizkerieri buru egiteko. Egun bat jinen da, legea bazterrerat utzirik, amodioak erabiliko baitu gizadia, zeren Jainkoaren amodioak beteko baititu gizon guzien bihotzak : « Nere Izpiritua ixuriko diot jende orori. » Gizadi guziak ukanen du Izpiritu berri bat, Ezekielek erraiten duen bezala: «Emanen dauzuet bihotz berri bat eta ezarriko Izpiritu berri bat, kenduko dut zure bihotzetik harrizko bihotza, eta emanen haragizko bihotza, ezarriko dut zuen baitan ene izpiritua, eta ibiliko zirezte ene legeen arabera, atxikiz eta jarraikiz usaiak. »
Zer berri miresgarria erraiten dugularik : « egun bat jinen da » ! Paulok erraiten dauku egun hori hemen dela. Mendekosteko testo guziek gauza bera erraiten daukute. Eguna jina da, Jainkoak bere Izpiritua gure gainerat hedatua du. Orai lege bakar bat da, ez borxatz begiratzen dena, bainan amodiozko legea : « Maitatuko duzu Jainkoa eta aldeko laguna zeure burua bezala. » Erraiten ahal dugu egun hori jina dela zeren baitira jendeak beren bihotza uzten baitute Jainkoaren Izpirituaz gainditzerat. Huna Paulok emaiten daukula Izpirituaren fruituen zerrenda : «Maitasuna, bozkarioa, bakea, pazientzia, bihotz ona, onginahia, leialtasuna. »

Ebanjelioa

 Jesu Kristoren Ebanjelioa 

jondoni Joaniren liburutik 15,26-27; 16,12-15

Mundu huntarik bere Aitarenganat zoanean, Jesusek bere dizipulueri erran zioten :
26 “ Etorriko denean Laguntzailea, nik Aitaren ondotik igorriko dautzuetana, Aitaganik den egiaren Izpiritua, Harek lekukotasun emanen du nere alde.
27 Eta zuek ere lekukotasun emanen dautazue, hastetik nerekin baitzirezte.
16,12 Banuke oraino ainitz gauza erraiteko, bainan ez duzue jasaiten ahal orai.
13 Etorriko denean egiaren Izpiritua, egia osorat gidatuko zaituzte. Alabainan, ez da bere burutarik mintzatuko, entzunen duen guzia erranen du, eta gertatu beharra iragarriko dautzue.
14 Nere Jainko-aintza agertuko du,  jakinaraziko dautzuena nereganik hartuko baitu ;
15 Aitak duen guzia nerea da; horrengatik erran dautzuet
nereganik hartuko duena jakinaraziko dautzuela.

Ainitz aldiz, azken solasaldietan, Jesusek dizipulueri hitzeman diote Izpirituak lagunduko dituela. Ainitz aldiz aipatu du Laguntzailea.  Erran nahi du Izpiritu horrek ez dituela sekulan debalde utziko : «Etorriko denean Laguntzailea...harek lekukotasun emanen du nere alde.”    Jesusek aipu baditu behin eta berriz Izpirituaren dohainak, dizipuluen sustatzeko da, zeren bakarrik direla sendituko baitute : « Hau guzia, zuen fedeak huts egin ez dezan erran dauzuet. Zinagogetarik kanpo ezarriko zaituztete ; are gehiago, badator ordua, zuek hilen zaituztenak Jainkoa zerbizatzen duela usteko baitu. Eta hola ariko dira ez Aita, ez ni, ezagutu ez gaituztelakotz. Aitzinetik erraiten dauzuet hori, heien ordua etorriko denean oroit zaitezten erran nauzuela » (Jn 16,1-4)

            Beti harrituko gira :  Jainkoaren defendatzaileek dute hilarazi Jainkoaren Semea!  Semearen dizipuluak pertsegituak, suntsituak izanen dira egiazko erlisionearen izenean. Joanik erraiten du Laguntzailearen beharra izanen dutela jujatuak izanen direlarik gizonen tribunaletan. Izpiritua ez zaiote berenzat emana izanen, bainan Jesu Kristoren lekuko izaiteko. Pasionean Jesusek erran zion Pilatusi : « Ni sortu eta mundurat etorri naiz egiaren lekuko izan nadin. » Dizipuluek ez dezakete bertzela egin, munduari agertaraztekotz Aitaren egia.

            Behin betiko Elkargoa Jainkoaren eta gizadiaren artean ez da finkatuko, gizadiak Jainkoa onartu artio. Gizakia beti mesfidatu da Jainkoaz,  Bibliaren arabera  : lehenik Adam, Jainkoaz jelos izan zelarik, Zinaiko basamortuan  populuak  Jainkoari aurpegiratu ziolarik zergatik atera zuen Egiptotik, eta azkenean Jainkoaren Semea kurutzefikatu zutelarik.

            Bainan, Jainkoa beti leial izan da, badaki gizonak bere indarrez ez duela Jainkoa aurkitzen ahal, Bertzelakoa delakotz. Entzun dezagun Jeremias : « Adimendua emanen diotet ni Jauna naizela ezagut dezaten ; nere herri ukanen ditut eta ni beren Jainko ukanen naute, bihotz osoz itzuliko baitira nereganat. » (Jr 24,7) Eta oraino Jeremias : « Jauna, zu nere indar eta geriza, hirriskutan ihesleku ! Zure ganat etorriko dira herriak lurreko azken mugetarik, eta erranen dauzute : arbasoek utzi dauzkiguten jainkoak gezur huts dira, zentzugabekeria deusetako ez dena. Jendeak egin jainkoak nola izan egiazko jainko ? Jaunak dio :hara nere esku ahaltsua erakutsiko diotet behin betiko, eta ikasiko dute Jauna naizela ni. » (Jr 16,19-21)

            Jainkoa bertzelakoa delakotz, guhauren indarrez ez dugu ezagutzen ahal, bera jinen da gure ganat. Haren ezagutzeko, Izpiritua emanen dauku gure lekukotasunari esker gizadia hel dadin Jainkoaren egiarat.