Erramu eta pasioneko igandea B

Lehen irakurgaia
                
( Jainkoaren zerbitzariak bere oinazeak onartzen ditu )

 Izai  profetaren  liburutik    50,4-7
 
4 Jainko Jaunak ikasle onaren mintzoa eman daut, jakin dezadan nik ere akituari hitz pizgarria emaiten. Hitzak iratzartzen nau goiz guziez,
goiz guziez iratzartzen, ikasle onak bezala entzun dezadan.
5 Jainko Jaunak beharria ideki daut : eta nik ez diot kontra egin,ez dut gibelerat jo.
6 Bizkarra eskaini diotet jotzen ninduteneri, eta matelak , bizarretik tiraka ari zitzaizkidaneri. Begitartea ez dut zaindu laido eta tuetarik.
7 Jauna dut laguntzaile;  horrengatik ez naiz laztu ; horrengatik begitartea harria  bezala gogor egin dut, eta badakit ez naizela ahalgetuko.

Pasaia hau irakurtzean, hitz bat heldu da mihira: "konfiantxa" hitza. "Jauna dut laguntzaile; horrengatik ez naiz laztu." Adam bertzela jokatu zen, Jainkoaz mesfidatu baitzen. Horrela zen biziaren iturria den Jainkotik berexi eta heriotzera deraman bidean sartu.
 "Hitzak iratzartzen nau goiz guziez...Ikasle onak bezala entzun dezadan." Entzuten duenak konfiantza  egiten du.Eta"Jauna du laguntzaile", horrela gai naiz "jakin dezadan nik ere akituari pitzgarria emaiten." Dena Jainkotik heldu da : "Jainko Jaunak beharria ideki daut."
  Profetaren hitzak jendea inarrosten du. Eta ordainez hau kontra jartzen zaio :"Bizkarra eskaini diotet jotzen ninduteneri..." Bere indarra profetak Jainkoan du aurkitzen, hunen ganik heldu zaizkion solasetan: "Hitzak iratzartzen nau goiz guziez" eta "badakit ez naizela ahalgetuko."

Salmoa 21     

 Leloa :      Nere Jainkoa, nun zaude nun ?
                Nitaz urrikal, otoi, entzun !

 
Ikus orduko, guziek neri trufa, irri,
Ezpain muturrez eta buruaz keinuz ari :
“ Jaunari zagon, libra dezala, bego hari ;
Ken dezala, ken, maite duenez hor ageri.”
 
 Zakur salbaiak ni nolaz irets badabilzka, 
Gaizki egile osteak dauzkat inguruka.
Esku zangotan egin dautate zilo neri,
Hezurrak ditut guziak oro nik ageri.
 
Jauntzi zatiak hartu dauzkitet beren sari,
Egina dute soingainekoaz: “Ea , nori ? “
Nitarik, otoi, ez egon, Jauna, beti urrun !
Nere laguntza, zatozkit laster nere lagun !


Zure izena aipatuko dut anaieri,
Bil egunean  emanez dener zure berri.
Jainkozaleek, eskerrak eman Jainkoari,
zraeldarrek, beldurrez, maitez has kantari!

Salmo hau desterrutik, Babilonetik, itzuli eta egina da. Han Izraeldarrek ainitz sofritu dute, bainan azkenean libratuak izan dira eta hemen beren bozkarioa kantatzen dute. Bai eta ere salmo huntan ikus ditaike sofritzen duenaren oihua, Izrael esklabo zeneko garrasia bai eta ere, geroago, Kristok, bere pasionean, Aitari buruz atera auhena, galdatuz zergatik zuen abandonatu.
 "Zure izena aipatuko dut." Biblian horrek erran nahi du Jainkoa beti arras hurbil dugula gure mundu huntako bideetan, estekan gauzkaten esklabotasun guzietarik gu libratu nahiz. Bai salmo hau esker onezko otoitz bat da.
 Azkenik ikusten dugu lau ebanjelistek salmo huntako hitzekin aipatzen dutela nola, Golgotan, soldadoek Jesusen soin-gainekoa partekatu zuten : “Jantzi zatiak hartu dauzkitet beren sari, egina dute soingainekoaz : “Ea,nori ?” (Sal 21,19).

Bigarren irakurgaia                    

 ( Jesus Jauna apaldua eta goratua )

Jondoni  Paulok  Filipeko  girixtinoeri 2, 6-11

 6  Jesu Kristo, Jainkogoa ukanki eta, ez da gogor lotu Jainkoaren berdina izaiteari.
7 Aitzitik, bere nahitara hustu da, esklabogoa hartu, eta gizakien iduriko bilakatu. Gizaki bezala agertuz,
8 apaldu da, hiltzeraino obedituz, gurutzean hiltzeraino.
9 Hortakotz, denen gainetik goratu du Jainkoak eta izen guzietan gorena eman dio,
10 Jesusen izenaren ohoretan, zeruan, lurrean eta lurpean, guziak belaunika daitezen,
11 eta mihi orok aitor dezan Jaun dela Jesu Kristo Jainko Aitaren aintzarako.

"Hortakotz, denen gainetik goratu du Jainkoak..." Hortakotz, iduri luke Jainko Aitak sari bat bezala eman diola Jesusi goratze hori, apaldu delakotz. Ez, Jainkoak emaiten duen guzia urririk emaiten du, ez zerbaiten ordain, mereximenduen ordain, bainan bai, grazia hutsez.
"Jainkogoa ukanki eta". Ez dakigu xuxen Paulok letra hau noiz idatzi duen, bainan dudarik ez da ebanjelioak baino lehenago idatzia izana dela. Horrek erran nahi du haste hastetik, garbiki predikatua izan dela Jesus Jainko zela eta beraz betidanikakoa zela.
 "Jainkogoa ukanki eta, ez da gogor lotu Jainkoaren berdina izaiteari". Justuki, Jainko delakotz badaki Amodioa zer den, Amodioak urririk duela emaiten, Amodioaren mundu hortan ez duela balio bere dretxo edo eskubideak aipatzea! Nahiz Jainko izan, ez da "gogor lotu Jainkoaren berdina izaiteari."
"Eta izen guzietan gorena eman dio." Bai, Jainko izena ! " Jauna da Jesus" erran nahi baita Jainko dela Jesus."Zeruan, lurrean eta lurpean, guziak belaunika daitezen." Izaik idatzia zuen : " Belaun oro nere aitzinean makurtuko da, eta mihi orok nere izenean zin eginen..." (Is.45,23)
 "Hiltzeraino obedituz" dio Paulok. Jesusek bere lurreko bizia umilki eta konfiantxaz beterik ereman du."Obeditu" horrek erran nahi du beharri eman diola bere Aitak erraiten zionari, beharri eman konfiantxa osoan, baitzakien entzuten zuen guzia Amodioaren iturritik zetorrela!
 "Eta mihi orok aitor dezan Jaun dela Jesu kristo Aitaren aintzarako." Aintza, mugagabeko Amodioaren adierazpena da, Jesusek lur huntan ereman duen biziaren aintza !

Jesu  Kristo  gure  Jaunaren  Pasionea 
san Marken  liburutik     14,1-15,47

                                                                                                                  
Ohart huni : 3 seinale hauek diote nor den mintzo :
+: Kristo ; K : kondalaria ; S : besteak.

1   K  Handik bi egunen buruan, Bazkoa eta Altxagarrrigabeko besta zen. Apezburu eta lege-irakasleak Jesus maltzurkeriaz nola arrasta zabiltzan, hiltzeko.
2 Erraiten zuten :
S “ Ez gero besta egunean, herrian nahasmendurik ez dadin izan.”
3  K   Jesus Betanian zen, Simun lepradunaren etxean. Mahainean zagolarik, emazte bat etorri zen,
harri xurizko untzi batean nardo garbizko usain gozo baliosa berekin zuela. Untzia hautsi eta Jesusi buru gainerat  ixuri zion.
4 Batzuek, hasarre, elkarri zioten :
S “ Zertako gal usain gozo hori?
5 Hiru ehun denarioz goiti sal zitaken eta dirua behartsueri eman.”
K Eta marmar ari ziren emaztearen kontra.
6 Bainan Jesusek erran zioten :
+  “ Utzazue! Zergatik nardatzen duzue ? Egintza ona egin du nerekin.
7 Alabainan behartsuak beti zuekin ditutzue
eta nahi duzuenean , ongia egiten ahal diozuete. Bainan ni, ez nauzue betiko.
8 Hunek ahal zuena egin du : aitzinetik gantzutu du nere gorputza hilobirako.
9 Egiaz diozuet: mundu guzian barna, Berri ona kridatuko den toki guzietan aipatuko  da hunek egin duena, hunen oroitgarri.”
10  K  Judas Izkariot, Hamabietarik bat, apezburuenganat joan zen,
 Jesus heien eskuetarat eman nahiz.
11 Hori entzutean boztu ziren, eta dirua agindu zioten.
 Eta Judas, Jesus heien eskuetarat emaiteko paradaren bila zabilan.
12 Altxagarrigabeko Ogien bestako lehen eguna zen, Bazko bildotsaren hiltzeko eguna.
 Dizipuluek Jesusi erraiten diote :            
13  K    “ Non nahi duzu prestaketak egin ditzagun zure bazko afarirako ?” Bere dizipuluetarik biga igortzen ditu, erranez :
+   “ Zoazte hirirat,eta pegar bat ur deraman gizon bat  etorriko zaitzue biderat : jarraik hari.
14 Eta sartuko den etxeko nagusiari errozue : ‘ Hau dio Irakasle jaunak : non da nere dizipuluekin Bazkoa jateko tokia ?’
15 Harek gaineko gela handi bat erakutsiko dautzue, apaindua eta prest. Presta zazue han behar dena.”
16  K  Joan ziren dizipuluak, eta hirirat heltzean, Jesusek erran bezala aurkitu zuten dena ; eta Bazko-afaria prestatu  zuten.
17 Arratsean, Jesus Hamabiekin etorri zen.
18 Mahainean jaten ari zirelarik, Jesusek erran zioten :
+  “ Egiaz diozuet: zuetarik batek,
 nerekin jaten ari den batek, salduko nau.”
19  K  Iluntzen hasi ziren eta bat bestearen ondotik galdezka :
S “ Nik ote ?”
20  K Jesusek ihardets i:
21  +   ” Hamabietarik batek, nerekin untzi beretik jaten ari denak.
Gizonaren Semea badoa, Liburu Sainduek hartaz dioten bezala ; bainan dohakabea  hura saltzen duena!
Hobe zukeen gizon harek sortu izan ez balitz.”
22   K  Jaten ari zirela, Jesusek ogia hartu zuen, eta benedizione otoitza eginez, zatitu zuen eta eman zioten, erranez :
+  “ Har zazue, hau nere gorputza da.”
23   K  Gero, kalitza hartu eta eskerrak erranik, eman zioten, eta guziek  hartarik edan zuten.
24 Eta erran zioten :
+  “ Hau nere odola da, Batasunaren odola, guzientzat ixuria.
25 Egiaz diozuet : ez dut gehiago arnorik edanen, Jainkoaren erreinuan arno berria  edanen dutan egun hura arte.”
26  K  Salmoak kantatu ondoan, Olibetako mendirat atera ziren.
27 Jesusek erraiten diote:
28 “ Guziak behaztopatuko zirezte, izkiriatua baita : Joko dut artzaina, eta ardiak barreiatuko dira.
Bainan piztu ondoan, aitzinetik joanen nitzaizue Galilearat.”
29  K     Petrik orduan :
     S “Denak erortzen badira ere, ni ez.”
30 K Jesusek erraiten dio :
    +    “ Egiaz diozut, egun, gau huntan berean, oilarrak bietan kantatu aitzin, zuk hiruetan ukatuko nauzu.”
31 K Bainan Petrik gero eta areago :
S “ Zurekin hil behar badut ere, ez zaitut ukatuko.”
K Eta denek berdin zioten.
32 Getsemani deitu baratze baterat etorri ziren. esusek bere dizipulueri erran zioten :
 +   “ Zaudezte hemen, nik otoitz egin artean.”
33  K Petri, Jakobe eta Joani berekin hartu zituen.Izialdura eta laztura senditzen hasi zen,
34 Eta erran zioten :
+ “ Hil zorian nago tristuraz. Egon hemen eta zaudezte atzarririk.”
35  K Haratxago joanik, lurrerat erori zen, eta otoitzean ari zen,
ordu hura urrun zakion, ahal bazen.
36 Erraiten zuen :
+ “ Abba... Aita!  Zuk ezin eginik ez da. Urrun zazu niganik kalitza hau. Bainan ez nik nahi dutana, zuk nahi duzuna baizik. ”
37 K Gero itzultzen da, eta dizipuluak lo aurkitzen ditu.
Petriri erraiten dio :
+ “ Zimun, lo zaude ? Ez duzu oren bat atzarririk egoiteko indarrik izan ?
38 Zaudezte atzarririk eta otoitz egizue, tentaldian ez erortzeko :
gogoz kartsu izanik ere, ahula baita gizakia.”
39 K Berriz urrundurik, otoitz egin zuen hitz berak erranez.
40 Itzuli zenean, lo aurkitu zituen, begiak eroriak baitzituzten,
eta ez zakiten zer erran.
41 Hirugarren aldikotz etorri zen eta erran zioten :
+ “ Egizue lo, eta pausa zaitezte! Hortan bego! Ordua etorria da :
horra Gizonaren Semea bekatarien eskuetarat emana !
42 Jeiki, goazen! Hurbil da saltzen nauena.” 
43  K Jesus mintzo zelarik oraino, han agertu zen Judas, Hamabietarik bat, eta jendalde bat harekin, ezpata eta makilak eskuetan, apezburu, lege-irakasle eta zaharrek igorririk.
44 Saltzaileak seinale hau emana zioten:
S “ Nik musu emanen diotana, hura da:
arrasta zazue eta ereman artoski.”
45   K Etorri orduko, Jesusenganat hurbildu eta erran zion :
S “ Irakasle jauna ! ”
K Eta musu eman zion.
46 Besteek eskua gainean ezarri eta arrastatu zuten.
47 Han zagon batek ezpata atera, apez nagusiaren mutila jo
eta beharria moztu zion.
48 Orduan Jesusek erran zioten :
+ “ Gaixtagin batentzat bezala,
ezpata eta makilak eskuan atera zirezte, nitaz jabetzeko !
49 Egun guziez zuen artean nintzen Tenpluan irakasten, eta ez nauzue arrastatu. Bainan Liburu Sainduetan izkiriatuak bete behar du. ”
50  K Dizipuluek Jesus utzi eta ihes egin zuten.
51 Mutiko gazte bat jarraiki zitzaion, soinean mihise bat baizik ez zuela ;  lotu zitzaizkion.
52 Bainan harek mihisea utzi eta ihes egin zuen biluzgorri.
53 Jesus apez nagusiaren etxerat ereman zuten,
eta han bildu ziren apezburu, herriko zahar eta lege-irakasleak.
54 Petri jarraiki zitzaion urrundik, apez nagusiaren jauregi barneraino. Eta mutilekin jarririk zagon, su ondoan berotzen.
55 Apezburuak eta Biltzar Nagusi guzia Jesusen kontrako lekukotasun bila zabiltzan,
heriotzera kondenatzeko, bainan  ez zuten aurkitzen.
56 Ainitzek Jesusen kontra gezurrezko lekukotasunak
egiten bazituzten ere, heien lekukotasunak ez ziren berdinak.
57 Batzuek xutitu eta gezurrezko lekukotasun hau egin zuten Jesusen kontra :
58  S “ Entzun diogu erraiten : Giza eskuz egin tenplu hori suntsituko dut nik, eta hiru egun barne beste bat eraikiko, giza eskuz egina izanen ez dena.”
59   K Bainan hortan ere heien lekukotasunak ez ziren berdinak. 
Orduan apez nagusiak, biltzarraren edian xutik, galdegin zion Jesusi :
S “ Ez duzu deusik ihardesten jende horiek zure kontra ateratzen dituzten  salaketeri ?”
61  K Bainan Jesus ixilik zagon eta deusik ez zuen ihardesten. Apez nagusiak berriz galdegin zion:
S “ Zu ote zira Mesias, Jainko benedikatuaren Semea ? ”
62  K Jesusek ihardetsi :
+ “ Ni naiz, eta Gizonaren Semea ikusiko duzue Ahalguzidunaren eskuinean jarria, zeruko hedoi artean etortzen.”
63  K Orduan, apez nagusiak bere soinekoak urratu zituen erranez:
S “ Ba ote dugu oraino lekuko beharrik ?
64 Entzun duzue blasfemioa. Zer zaitzue ? ”
K Denek hiltzea merezi zuela erabaki zuten.
65 Batzu tuka hasi zitzaizkion, eta, aurpegia estalirik, ukaldika erabili zuten, erranez :
S “ Asma zak, profeta ! ”
K Guardiek ere mazelakoak emaiten ziozkaten.
66 Petri beherean zagola, ezkaratzean, apez nagusiaren neskato bat etorri zen.
67 Petri berotzen ikusirik, behatu zion eta erran:
S “ Zu ere Nazareteko Jesusekin zinen.”
68   K Bainan ukatu zuen, erranez:
S “ Ez dakit, ez dut konprenitzen zer diozun.”
K Gero atera zen etxaitzinerat.
69 Neskatoak ikusi zuen, eta han zaudeneri berriz erraiten hasi zen :
S “ Hau heietarik da.”
70  K Petrik berriz ukatu zuen. Geroxeago, han zaudenek erraiten zioten
S “ Bai zinez heietarik zira! Galilearra baitzira.”
71  K Orduan , Petri madarikazioka  zin egiten hasi zen :
S “ Ez dut ezagutzen zuek diozuen gizon hori.”
72  K Eta berehala, bigarren aldikotz kantu egin zuen oilarrak.
 Orduan Petri oroitu zen Jesusek erran zion hitzaz :
 Oilarrak bietan kantatu aitzin, hiruetan ukatuko nauzu. Eta nigarrez hasi zen.
15,1 Argitu bezain laster, apezburu, zahar eta lege- irakasleak
bildu ziren, Biltzar osoa. Jesus estekaturik ereman zuten, Pilatoren eskuetarat emaiteko.
2 Pilatok galdegin zion :
S “ Juduen erregea zira ?”
K Jesusek ihardetsi zion :
+ “ Zuk erraiten duzu .”
3   K Apezburuek salaketa ainitz egiten zuten haren kontra.
4 Pilatok galdegin zion berriz :
S “ Ez duzu deusik ihardesten ? Beha zenbat salaketa egiten duten zure kontra.”
5 Bainan Jesusek ez zuen deusik gehiago ihardetsi, Pilato harritu baitzen.
6 Bazko-besta guziz preso bat libratzen zuen Pilatok, jendeak eskatzen zuena.
7 Bazen orduan Barrabas deitu bat, nahasmendu batean gizon bat hil zuten beste batzuekin batean preso zena.
8 Igan zen jendea Pilatoren jauregirat, eta emaiten ohi ziotena galdatzen hasi.
9 Pilatok ihardetsi zioten :
S “ Nahi duzue Juduen erregea libratzea ? ”
10   K Bazakien, alabainan, apezburuek Jesus bekaizkeriaz emana ziotela eskuetarat.
11 Bainan apezburuek jendea berotu zuten , Barrabas libra zezoten.
12 Pilato berriz mintzatu zitzaioten :
 S “ Eta zer eginen dut Juduen erregea deitzen duzuen huntaz?”
13   K Heiek orduan oihuka :
S “ Gurutzefika zazu!”
14   K Eta Pilatok :
 S “ Zer gaizki egin du, bada ?”
 K Heiek gero ta oihu handiagoz :
S “ Gurutzefika zazu !”
15   K Pilatok, orduan, jendeari atsegin emaiteagatik Barrabas libratu zioten, eta  Jesus, azotarazi ondoan, heien eskuetarat eman zuen, gurutzefika zezaten.
16 Soldaduek auzitegirat ereman zuten, erran nahi baita gobernadorearen jauregirat, eta soldadu talde guzia bildu.
17 Jantzi gorri bat eman zioten soinean.  Eta elorrizko korona bat bihurdikaturik buruan ezarri. 
18 Eta agurka hasi zitzaizkion:
S “ Agur, Juduen erregea !”
19    K Kanaberaz buruan jotzen zuten, tu egiten zioten eta, belaunikatuz, aitzinean ahuspez emaiten.
20 Trufatu ondoan, jantzi gorria kendu zioten, eta bere soinekoak jantzi ziozkaten. Gero, kanporat ereman zuten, gurutzefikatzeko.
21 Landetarik etxerat zoan gizon bat, Simun Zirenekoa, Alexandro eta Ruforen aita, Jesusen gurutzearen eremaitera bortxatu zuten.
22 Golgota deitu tokirat ereman zuten Jesus. ( Golgotak “Buru-hezur” erran nahi du.)
23 Mirraz nahasi arnoa emaiten zioten, bainan ez zuen hartu.
24 Gero gurutzefikatu zuten, eta haren soinekoak partekatu, xotxak ateratuz zer norentzat.
25 Bederatziak ziren gurutzefikatu zutenean.
26 Eta zergatik kondenatua zen izkirioak zion: Juduen erregea .
27 Jesusekin batean bi gaixtagin gurutzefikatu zituzten,
bat eskuinean eta bestea ezkerrean.
29 Handik iragaiten zirenek laido egiten zioten, burua higika erranez :
S “ Ea, tenplua suntsitu eta hiru egunez eraikitzen baituk,
30 salba zak heure burua! Jauts hadi gurutzetik !”
31   K Halaber, apezburu eta lege-irakasleek ere trufatzen zuten,
elkarri ziotela :
S “ Besteak salbatu ditu, eta bere burua ezin salba!
32 Mesias, Izraelgo erregea jauts dadila orai gurutzetik,
ikus eta sinets dezagun.”
K Harekin gurutzefikatuak zirenek ere laido egiten zioten.
33 Eguerditan, ilundu zuen lur osoan hiruak arte.
34 Hiru orenetan, Jesusek oihu handiz erran zuen:
+ “ Eloi, Eloi, lama sabaktani ?”
K Horrek erran nahi baitu:
+ “ Ene Jainkoa, ene Jainkoa, zergatik utzi nauzu?”
35   K Hori entzutearekin, han zauden batzuek erran zuten:
S “ Horra Eli profetari  deika ari zaiola.”
36   K Orduan norbait lasterka joan zen, mustuka bat ozpinean busti eta kanabera baten muturrean ezarririk, edatera emaiten zion, erranez :
S  “ Bego ! Ea Eli etorriko zaion, gurutzetik jaustera ? ”
37   K  Bainan Jesusek, oihu handi bat eginez, azken hatsa eman zuen.
Orduan, Tenpluko oihala bi pusketan urratu zen, gainetik behereraino.
38  Jesusen aitzinean zagon ehuntariak,
nola hil zen ikustean erran zuen :
39  “ Zinez, gizon hau Jainkoaren Semea zen.”
40  K   Baziren han emazte batzu ere, urrunetik beha zaudenak ;
heien artean, Maria Magdalena, Jakobe gaztearen  eta Joseren ama Maria, eta Salome,
41 Jesusi jarraikitzen zitzaizkionak, haren zerbitzari Galilean zelarik, bai eta beste emazte ainitz, Jesusekin Jerusalemerat iganak.
42 Ilunabarrean, larunbat-bezpera baitzen, bestarako prestaketen egiteko eguna,
43 Arimateako Josep etorri zen. Gizon ospetsua zen kontseiluko kidea, Jainkoaren Erreinuaren beha zagona hura ere.
Pilatorenganat joaitera ausartatu zen, Jesusen gorputzaren eskatzera.na.
44 Pilato harritu zen Jesus jadanik hila izaiteaz.
 Ehuntariari dei egin eta galdatu zion noizdanik hila zen.
45 Ehuntariak berri emanik, gorputza eremaiteko baimena eman zion Josepi.
46 Hunek hil-mihise bat erosi zuen, Jesus gurutzetik jautsi,
hil-mihiseaz inguratu, eta harrokan zilatu hilobi batean ezarri.
Gero, harri bat itzulikatu zuen hilobiko sartzearen hesteko.
47 Maria Magdalena eta Maria, Josepen ama, non ezartzen zuten beha zauden.

Markek  kondatzen  daukun Pasionean bi berezitasun : Jesusen bakartasuna eta ixiltasuna.

- Jesusen bakartasuna : Marken arabera, Jesus bakartasun handian da : Petrik arnegatu duenetik, adixkiderik ez du bere inguruan. Emazteak aipu dira, bainan hil ondoan.

- Ixiltasuna, harrigarria da : auzian zenbait hitz, eta gero, dio Markek, “Jesusek ez zuen gehiago deusik ihardetsi”. Pilato bera ere harritzen da : « Ez duzu deusik ihardesten ? » (15,4) Gero, kurutzean hitz bakar bat : « Eloi, Eloi, lama sabactani ? » Erromatar soldado baten gogoan, etsipenaren oihua da. Bainan Judu batentzat ez : garaipen kantu baten lehen hitzak dira, 21.salmoarenak. Eta salmo hori ez da etsipenarena, ez eta dudarena ere.

- Jesusen bakartasun eta ixiltasunaren aitzinean, nolaz ez galdegin : « Zer du segeretu hori ? » Gizon hori jendearen estimu gorenetik peko errekarat erortzen da ; errege bezala sartzen hirian, eta gero hiritik kanpo gaizkile bat bezala kurutzetik dilindan ; Jainkoak igorria bezala onartua (« Benedikatua Jaunaren izenean datorrena ») eta gero blasfematzaile bezala kondenatua, legearen izenean, horrek erran nahi baitu Jainkoak madarikatzen duela ; Mesias bezala, erran nahi baita Izraelen errege, libratzaile, eta salbatzaile bezala goraipatua jendeen ahotan, eta zaku eta trapuzko auzi baten ondotik xahutua.

- Osperik handiena onartu du, eta berdin ahalgerik lotsagarriena. Hortan ere, bizi guzian atxiki duen segeretua golkoan dauka. Piztuko delarik dute konprenituko dizipuluek.

- Iduriz, Marken kondaira murritzak Jesusen mixterioaren bi alderdi  argitan ezartzen ditu : Mesias-Errege eta Mesias-Apez.

- Mesias-Errege : galde, trufa edo baieztapen itxuran, Jesusen erregegoa kondairaren erdigunean da. Pilatoren lehen galdea, gizon horri, hau da : « Juduen erregea zirea ? »  Jesusek ez du errepostu garbirik emaiten : “Zuk hala erraiten duzu.” (15,2) Pilatok berak, geroago, titulu hori bietan emaiten dio Jesusi : “Nahi duzue juduen erregea libra  dezazuetan?” (15,9) eta “Zer eginen dut juduen errege  deitzen duzuen huntaz?”  (15,12) Eta bitxi dena : nehork ez du kontrakorik erraiten! Gero horra soldadoen trufak, jauntzia, korona eta oihuak : “Agur, juduen erregea !” Apezburu eta lege irakasleek Jesus trufatzen dute : “Mesias, Izraelgo erregea, jauts dadila orai kurutzetik” (15,32).

- Jesusen mixterioaren bigarren alderdia : Mesias-Apeza. Markek apezburuen eta bakarrik heien bizkar ezartzen du Jesusen heriotzea : heiek deramate Jesus Pilatoren etxerat, heiek kudeatzen auzia Golgotaraino. Pilatok Jesus galdekatzen duenean : “Apezburuek salaketa anitz egiten zuten haren kontra.” (15,3) Heiek dituzte jendeak axikatzen Pilatok Barrabas libra dezan (15,11). Pilato ez da petzero : “Bazakien apezburuek Jesus bekaizkeriaz emana ziotela eskuetarat.” (15,10) Markek dio (Joanirekin) soldadoek Jesus gorriz jauntzi zutela, trufatzeko. Gorria  erregeen eta apezburuen kolorea zen. Trufari trufa : jauntzi gorria berena zutenek ez dute deusik nabaritu : pagano batek eginen du lehen fede-aitormena : “Zinez, gizon hau Jainkoaren seme zen.” (15,39).