Garizumako bosgarren igandea - B
Lehen irakurgaia
( Batasun berria )
Jeremi profetaren liburutik 31, 31-34
31 Hau dio Jaunak : huna heldu egunak, Izrael etxearekin eta Juda etxearekin Batasun berria eginen baitut.
32 Ez heien arbasoekin egin nuen Batasuna bezalakoa, Egiptotik ateratzeko eskutik hartu nituenean : nere Batasuna, heiek hautsi zuten, ni heien nagusia izanik ere.
33 Bainan huna Izrael etxearekin eginen dutan Batasuna,
egun horien ondotik, dio Jaunak. Nere Legea barne barnean ezarriko diotet, bihotzean idatziko. Ni heien Jainkoa izanen naiz, eta heiek nere herria izanen dira.
34 Ez dute elkarri irakaste beharrik izanen, elkarri diote :“ Ezagutazu Jauna!” Denek, ttipi ala handi, ezagutuko bainaute, dio Jaunak. Barkatuko diozkatet beren hobenak,
eta heien bekaturik ez dut gehiago gogoan izanen.
Izrael ez dabil bide xuxenetik, Egiptotik atera eta Jainkoarekin egin Batasuna hautsia du. Bainan profeta ez da etsitua: denak galduak direla iduri duenean, orduan du Jainkoak zerbait aurkitzen gizonaren bihotza hunkitzeko. Profetaren berezitasuna, alabainan, hori da: ikustea nun muskil berriak sortzen ari diren : “Huna heldu egunak, Izrael etxearekin eta Juda etxearekin batasun berria eginen baitut.” Batasuna, erran nahi baita, gizonak , berez, Jainkoa ez dezakeela ezagut, Jainkoa arras bertzelakoa delakotz. Orduan Jainkoak berak dauku erranen nor den: Aita, gizonarekin maitasunezko harremanetan sartu nahi duen aita.“Batasun berria“ eginen du.“Ez heien arbasoekin egin nuen batasuna bezalakoa, Egiptotik ateratzeko eskutik hartu nituenean…” Orduan Jainkoak Moisi eman legea harrian finkatua zen, eta lege hura Izraelek ez zuen begiratu.
Orai Batasun berri huntan :“ Nere legea barne barnean ezarriko diotet, bihotzean idatziko.“ Jainkoaren legea gizonak berea egin dezan, lege horrek gizonaren bihotzean idatzia izan behar du. Erran nahi baita gizonaren bihotza behar dela aldatu.
“Ni heien Jainkoa izanen naiz, eta heiek nere herria izanen dira… denek ttipi ala handi ezagutuko bainaute...” “Ezagutu” hitz horrek, biblian, erran-nahi berezi bat badu; ez du bakarrik adimenduz ezagutzen dena adiarazten. Bihotzak bakarrik ezagut dezakena adierazi nahi du. Eta Jainkoa bere herriari bihotzaren mintzaira hortan mintzo zaio.