Garizumako hirugarren igandea B
Lehen irakurgaia
( Jainkoak bere Legea emaiten Moisen bidez )
Jalgitza liburutik 20, 1-17
Zinai mendian,
1 Jaunak hitz hauek guziak erran zituen:
2 “ Ni naiz Jauna, zure Jainkoa, Egiptoko lurraldetik,
esklabutza etxetik atera zaitudana.
3 Ez duzu izanen nitaz beste jainkorik.
4 Ez duzu eginen idolorik, ez itxurarik, goiko zeruan,
behereko lurrean edo lurpeko uretan direnetarik.
5 Ez zira ahuspez emanen itxura horien aitzinean,
heien adoratzeko. Ni, Jauna,zure Jainkoa, Jainko
jeloskorra bainaiz. Hastio nauten aiten gaixtakeria
haurren baitan gaztigatzen dut hirugarren eta
laugarren gizaldiraino ;
6 bainan milagarren gizaldiraino agertzen diotet
urrikalmendua ni maite nauteneri eta nere
manamenduak begiratzen dituzteneri.
7 Ez duzu Jaunaren, zure Jainkoaren izena erabiliko
gaizkirako, Jaunak ez baitu gaztigurik gabe utziko haren
izena gaizkirako erabiltzen duenik.
8 Izan gogoan larunbat eguna, Jaunari sagaratzeko.
9 Sei egunez ariko zira lanean, eta eginen zure lan guziak ;
10 bainan zazpigarren eguna atseden eguna duzu, Jaunari,
zure Jainkoari, eskainia: ez duzu egun hortan batere
lanik eginen, ez zuk, ez zure semeak, ez zure alabak, ez
zure mutilak, ez zure neskatoak, ez zure abereek, ez eta
zure etxean bizi den etorkinak ere.
11 Alabainan, Jaunak sei egunez egin ditu zeru-lurrak,
itsasoa eta horietan diren guziak, eta atseden hartu
zuen zazpigarren egunean. Horra zergatik Jaunak benedikatu zuen larunbata, eta saindu egin.
12 Ohora aitamak, luzaz bizi zaitezen, Jaunak, zure
Jainkoak, emaiten dautzun lurraldean.
13 Ez nehor hil.
14 Ez egin adulteriorik.
15 Ez ebats.
16 Ez egin gezurrezko lekukotasunik hurko lagunaren kontra.
17 Ez gutizia hurko lagunaren etxerik, ez haren emazterik,
ez mutilik, ez neskatorik, ez idirik, ez astorik, ez eta
deus harena denik.
“Zinai mendian” gertatua kondatzen da hemen. Bainan lehenago Izrael Egipton egona zen esklabo. Moisek handik atera zuen. Basamortuan barna Lur-Hitzemanerat zoala, herria behin baino gehiagotan mintzatu zen Moisen eta Jainkoaren beraren kontra : zergatik hainbeste sofrikario, egarria, gosea (mana ukanagatik), sugeak... Azkenean horra Sinai mendia, han eman baitzitzaizkion Izraeli ‘manamenduak” gaur hemen irakurri ditugunak. Geroztik, urte guziz, gizaldiz gizaldi, Izraelek Bazko besta ospatzen du, Egiptotik ateratzearen oroigarri, eta Mendekoste, Jainkoak Legea emaitearen oroigarri. Bigarren bertseta da gainerateko guziaren gakoa : “Ni naiz Jauna, zure Jainkoa, Egiptoko lurraldetik, esklabutza etxetik atera zaitudana.” Horra hor Jainkoaren lehen “manamendua” nahiz ez den manu bat bezala emana, baizik nortasun aitortza bat bezala. Ondotik haatik zinez manamenduak dira bertset hauetan lerrokatuak : 3,7,8,12, 14, 15, 16,17. Izraelen, Legearen berezitasuna ez da haren edukia; haren oinarria da lehen : Egiptotikako librantza. Izraelek badaki Jainko libratzaileak legea emaiten diola librantzazko bide bat bezala, zorion bide bat bezala. Huna Deuteronomak nola aurkezten duen Jainkoarekilako Elkargoa : “ Begira gaur emaiten dauzkizuetan lege eta manamenduak, zoriontsu izan zaitezten zuek eta zuen ondokoak, eta luzaz bizi, Jaunak zuen Jainkoak betiko emaiten dauzuen lurraldean” (Dt 4,40). Jainkoaren manamendu bakotxa irakur daiteke beraz librantzazko ibilbide batean sartzea bezala. Librantza, lehenik, idoloetarik : “Ez duzu izanen nitaz beste jainkorik.” Oro har, profetek ez dute besterik predikatu, idolatria baitzen Izraelen tentazionerik handiena. Gaur egun ez zuten besterik erranen gure gizarteari. Ezen idoloa zer da, esklabotzen gaituen zerbait baizik : dirua, sexoa, droga, berdin telebista, edo...lana, hunek ere beretzen ahal baigaitu, bertutearen itxurak hartuz. Bainan horra, Jainkoa gure libertateaz minbera da, maite gaituelakotz. Libre nahi gaitu ez beretzat, baizik guhaurentzat. “Ez duzu eginen idolorik...” Jainkoaren itxura oro debekatua da, gezurrezkoa baizik ez baidaiteke izan : ez gira Jainkoaz jabetzen ahal, begiez ere. “Hastio nauten aiten gaixtakeria haurren baitan gaztigatzen dut hirugarren eta laugarren gizaldiraino; bainan milagarren gizaldiraino agertzen diotet urrikamendua ni maite nauteneri eta nere manamenduak begiratzen dituzteneri.” Orduko pentsa-moldean ez zitaken asma zigortzen, gaztigatzen ez zuen jainkorik. Bainan hemen berean aitortzen da Jainkoaren leialtasuna aise urrunago doala hari atxikiak direnen alderat (milagarren gizaldiraino, erran nahi baita betiko). “Zazpigarren eguna pausu eguna duzu...” Sabatoa Jainkoari osoki kontsekratu eguna da. Nehork ez du lanik eginen, ez eta kabalek ere. Jainkoak eman librantza osoa ospatuko da. Aitzinamendu harrigarria, dakigularik Frantzian, hogoigarren mende hastean oraino, urte guzian, pausu-egun bakar bat ere ez zela legeztaturik langileentzat, ez eta igandea bera ere. Azken manamenduak (13.bertsetetik 17.ra) debekuak dira : “Ez hil, ez egin adulteriorik, ez ebats...” gizarte guzietan elgarrekin bizitzeak eskatzen dituenak. Manamendu horiek ere libertate-bide dira, guhaurentzat eta besteentzat. Lege ororen helburua (zuzena delarik) ez ote da, preseski, bakotxari eta deneri, libertatearen segurtatzea ?