Garizumako laugarren igandea B
Lehen irakurgaia
( Gaztigua eta barkamendua: desterrua eta itzultzea )
Kronikak bigarren liburutik 36, 14-16. 19-23
Zedeziaz erregearen denboran,
14 apezburu guziek eta herriak gaixtakeria gaixtakeriaren gainean egiten zuten atzerritarren ohidura higuingarrieri jarraikiz, eta Jaunak Jerusalemen sagaratua zuen tenplua zikindu zuten.
15 Heien arbasoen Jainkoak, behin baino gehiagotan abisuak igorri ziozkaten bere mezularien bidez bere Egoitzaz eta bere herriaz urrikaldu baitzen.
16 Bainan heiek Jainkoaren mezulariak trufatu zituzten, haren hitzak gutietsi eta haren profetak irriz hartu. Azkenik, Jaunak bere herriaren kontra zuen hasarreak gaindi egin zuen, eta ez zensalbabiderik izan. 19 Babiloniarrek Jainkoaren etxea erre zuten, Jerusalemeko harresiak bota, haren jauregieri su eman, eta hiriko gauza eder guziak hondatu.
20 Ezpatari ihes egin zuten guziak Babiloniarat ereman zituen Nabukodonozorek desterrurat; eta han erregearen eta haren semeen esklabo izan ziren, Perziarrak nagusi jarri ziren arte.
21 Horrela bete zen Jaunak Jeremi profetaren ahoz errana : Lurra hondatua izanen da eta atseden hartuko du hiruetan hogeita hamar urtez, horrela ordaindu arte larunbat-lege hausteak.
22 Perziako errege Ziroren lehen urtean, Jeremiren ahoz Jaunak erran hitza bete zadin, Jaunak Ziro Perziako erregeren izpiritua argitu zuen. Eta Zirok manu hau zabaldu zuen hitzez eta izkirioz bere erresuma osoan :
23 Hunela dio Perziako errege Zirok : “ Lurreko erresuma guziak eman dauzkit Jaunak, zeruko Jainkoak,
eta manatu daut hari tenplu baten eraikitzeko Judako Jerusalemen. Beraz, zuen artean haren herriko diren guziek
izan bezate Jainkoa berekin eta igan bitez Jerusalemerat.”
Izraelen ixtoria bildumatua bezala da Kroniketako bi liburuetan, David erregearen denboratik Babiloneko desherriratze arte. 3 mende Jesu Kristo aitzin idatziak izanak dira. Liburu horien xedea teologikoa da : idazleak ez ditu idatzi gertakariengatik, bainan hauiek emaiten dituzten erakaspenengatik.
Erregeen bizialdia jujatua da Jainkoari eta profeteri buruz izan zuten leialtasunaren arabera. Testo hauietako gertakari guziak hertsiki egiak dira. Josias erregea ezagutua zen legearen alde leial eta otoitz-egile zelakotz. Harek zuen egin juduen erlisionearen berrikuntza. Haren ondotik, bi semeek debalde utzi zuten berrikuntza hori. Historia idazleak erraiten du : « Jainkoaren begietan gaizki zena egin zuten. » Anartean, Egiptoko faraona eta Nabukodonosor erregea aharran arizan ziren, biek nahi zutelakotz eskualde heietako nausitasuna. Nabukodonosorek irabazi zuen eta Judako erresuma suntsitua izan zen.
Jesu Kristo aitzineko 587an, Nabukodonosorek errautsi zuen Josiasen seme Zedeziasen jazarpena eta setiatu Jerusaleme. Kasik populu guzia desterratua izan zen Babilonerat, eta desterru horrek iraun zuen Nabukodonosor Babiloneko erregea, bere aldian, Perziako errgeak (oraiko Iran) suntsitu zuen arte. Ziro, Perziako erregea, ona izan zen Jerusalemeko populuarentzat eta beren herrietarat igorri zituen desterratu guziak. Populuak pentsatu zuen gertakari handi hori Jainkoari esker gertatu zela.
Jeremias profetak ardura erraiten zuen populuari ez bazen bihozberritzen gaztigatua izanen zela, eta ondikotz, gertakariek erakutsi zuten arrazoin zuela. Kroniken idazleak erraiten du : Jainkoak pazientzia hartzen duela, populua eta erregea abisatuz leizerat eror ez ziten, bainan batek ez besteak ez zuten nahi ukan entzun. Populuari egiten dion erasiarik handiena da Sabato eguna bazterrerat uztea, eroriz idolatriarat eta itxuraz aldatuz Batasunaren erlisionea, Jainkoaren manamenduak eta hurko lagunaren aldekoak bazterrerat utziz.
Jainkoak ez du ahanzten bere herriarekin egin Batasuna, zeren hura « heien arbasoen Jainkoa baita », Abraham, Isaak eta Jakoben ondotik : « Abisuak igortzen ziozkaten mezularien bidez. » Bainan gaizki erabiltzen zituzten profetak : « Heiek Jainkoaren mezulariak trufatu zituzten, haren hitzak gutietsi eta haren profetak irriz hartu. » Jainkoak populuari zoriona hitzeman zion, obeditzen bazuen, eta zorigaitza, ez bazen leial egoiten Jainkoaren hitzari : «Azkenean, Jaunak bere herriaren kontra zuen hasarreak gaindi egin zuen, eta ez zen salbabiderik izan.» Kronika egileak finkatzen ditu bi gauza: lehenik, Jainkoa arbasoen Aita dela, populua ez izanik ere leiala ez duela leizerat igorriko, eta bigarrenekorik, populua leizerat erortzen bada, handik ateratuko duela, Jainkoak denak egiten ahal baititu.