urteko hamabosgarren igandea B
Lehen irakurgaia
( Profetak Jainkoaren ganik duen kargua )
Amoz profetaren liburutik 7, 12-15
12 Amaziaz, Beteleko apezak, Amozi erran zion:
“ Ikusle, zoaz hemendik, ihes egizu Judako lurralderat ;
egin han profeta, eta han irabaz zure ogia.
13 Bainan hemen, Betelen, ez egin gehiago profeta ;
hau errege-saindutegia da, erreinuko tenplua.”
14 Amozek ihardetsi zion Amaziazi :
“Ni ez naiz profeta, ez eta profeta-semea ;
abeltzaina naiz, eta basapiku artatzailea.
15 Abeltzain nabilala, hartu ninduen Jaunak, eta erran zautan :
“ Zoaz, eta egizu profeta Izrael nere herriarentzat.”
« Betel » edo « Jainkoaren etxea », Betleem « Ogiaren etxea » den bezala, egitarau bat daiteke. Abramek han zuen kanpatu eta Jainkoa agertu zitzaion : aldare bat altxatu zuen, orroigarritzat. Jakoben orroitzapena ere han zen: bere anaia desjabetu ondoan, eta desohorez, ihes zoala, Jainkoaren laguntzaren agintza aurkitu zuen. Bi aldiz, Jainkoa agertu zitzaion. Lehen aldian, lo zagolarik, harri bat burupeko, amets bat egin zuen. Zurubi bat ikusi zuen lurra eta zerua lotzen zituena, eta aingeruak hartan goiti eta beheiti zabiltzan. « Zeruko atea » deitu zuen. Eta bi aldietan, Abrameri egin agintzak, Jainkoak erreberritu ziozkan : « Jauna naiz, zure arbaso Abrahamen eta Isaaken Jainkoa. Etzanik zauden lurra zuri eta zure ondokoeri emanen dauzuet. Zure ondokoak lurreko errautsa bezain ugari izanen dira... Zure eta zure ondokoen bitartez lurreko herri guziak benedikatuko ditut. » (Has 28)... « Zuri eta zure ondokoeri emanen dauzuet Abrahami eta Isaaki eman nioten lurraldea. » (Has 35)
Mende zenbaiten buruan, 931an, Iparraldeko eskualde ttikiaren errege Jeroboam Lehenak bere erresumari saindutegi bat eman nahiz ibili zelarik, Beteleko leku hain famatua behar bezalakoa iduritu zitzaion. Berrehun urte geroago, 750ean, Jeroboam Bigarrena erregearen denboran, Amozek bere profeta lan laburra han egin zuen. Haren predikuak profeten lehen liburuan aurkitzen dira, eta Amaziazek ixilarazi profetaren erranak han ditugu, liburua laburra izanagatik, sakon eta bixi-bixia .
Profeten predikuen ohiko solasak aurkitzen dira hemen ere: esperantzaz beteko hitzak, nekez bizi direneri laguntzaren agintza, eta Elkargoa sobera aise ahanzten duteneri, zigor eta mehatxu. Badu zer egitekorik hortan : denetan okerkeria, dirua nagusi, pobreen menperatzea, ustelkeria... Jainkoaren partez, Betelen erran zezakeen: « Hastio eta higuin ditut zuen bestak, ez ditut atsegin zuen kultu-batzarrak. Ekartzen dauzkidazuen erre-opari eta bihi-opariak ez ditut atsegin, eta zezenko gizenen elkartasun-oparieri ez diotet behatzen ere. Ken nere ondotik zure kantuen arrabotsa, zuen zitara-soinurik ez dut entzun nahi. » (Am 5,21-23). Denbora berean, Jerusalemen, Izai profetak hitz berak erabiltzen zituen.
Bizkitartean, bertze profetak bezala, Amozek ez ditu ez kultu ez bestak kendu nahi. Erre-opariak Betelen eskaint zitezkeen, bainan norberak bere burua aldatu ondoren. « Datorrela, bai, zuzenbidea ura bezala, eta justizia ezin agortuzko erreka bezala », erran nahi baita : ez uste izan hori aski dela; Jainkoaren nahian bizi zaitezte lehenik, justizia erabiliz. Ustelkeria hain zen zabaldua nun Amozek zion: « Samindura bilakatzen dute justizia, eta zuzenbidea zangopean erabiltzen. » (Am 5,7) « Badakit neurrigabea dela zuen bihurrikeria eta pisuak zuen bekatuak: zapaltzen duzue hobengabea, ixilka kentzen dirua, auzitegian behartsuen eskubidea baztertzen. » (Am 5,12) Profeta guziek bezala, zorigaitz ikaragarriak mezutzen ditu. Oze profetak, geroxago, hitz hunekin bazterrak harrotuko ditu : « Haizea erein eta ekaitza bilduko dute » (Os 8,7)
Apezek ez dute Amoz jasaiten ahal. Urrunt dadin, nahasletzat salatzen dute erregearen aitzinean. Egungo irakurgaia. Arbuio horrek dauku Hego aldeko abeltzainaren bokazionea erakusten. Ez zuen holakorik batere asmatzen. Bainan Jainkoak « hartu » du, berak dionez. Eta nola gogor egin ? « Lehoinak orro egitean, nor ez beldur izan? Jauna mintzatzean, nork ez haren mezua eman? » (Am 3,8)