Urteko hamahirugarren igandea B
Lehen irakurgaia
( Herioa ez du Jainkoak egin )
Zuhurtzia liburutik 1, 13-15 ; 2, 23-24
13 Jainkoak ez du herioa egin, ez du atsegin bizidunak hil daitezen.
14 Gauza guziak irauteko kreatu ditu; munduko izakiak osasungarri dira, ez dute beren baitan pozoin hilgarririk, eta ez da herioa nagusi lurraren gainean.
15 Ezin hila baita zuzentasuna.
2,23 Jainkoak gizakia ez-hilkor izaiteko kreatu du, eta bere izaitearen idurira egin du.
24 Bainan debruaren bekaizkeriaz sartu da herioa munduan,
eta harenak direnek jasanen dute.
Hasiera eta Zuhurtzia liburuek hastapen bera dute : gogoetak gizadiaz. Biek arrangura berak dituzte : bizia, hiltzea eta gizonen loturak Jainkoarekin.
Liburu horien egileak juduak dira, Elkargoaren esperientziaz haziak, bainan beti paganoen kotsuaren ondoan baitira, arranguran daude, fedearen zintzotasuna eta baikortasuna atxiki nahiz. Huna zer dion Zuhurtzia liburuak : « Eta egin zuen guzia biziki ona zela ikusi zuen Jainkoak…Jainkoak jendea bere izaitearen idurira egin zuen. » Bai eta ere : « Jainkoak, bere iduriko kreatu zuen jendea, Jainkoaren idurira kreatu zuen. »
Erranaldi aipatua bai, bainan ulertzen dituguia horren ondorioak. Zinez, Jainkoak, bere idurira eginak bagitu, betiere bizitzeko eginak gira : « Jainkoak gizakia ez-hilkor izaiteko kreatu du, eta bere izaitearen idurira egin du. »
Orduan, Jainkoak huts egin ote du? Ez. Gizona libro egiteko irriskua hartu du. Gorputza hiltzen da, bainan bestelakatzeko, pinpirina har batetarik bestelakatzen den bezala. Bainan, hemen, Liburu Sainduak aipatzen duen herioa izpirituarena da, Jainkoarenganik urruntzea : « Bainan debruaren bekaizkeriaz sartu da herioa munduan eta harenak direnek jasanen dute. »
Zuhurtzia liburuan, lehenbiziko bost kapituluetan, justuak eta fedegabeak elgarren kontra dira ; justuak dira, hemen berean Jainkoaren biziaz bizi direnak. Aldiz, fedegabeak dira, Jainkoarenganik urrun direnak.
Zuhurtzia liburuaren egileak ezagutzen zuen Salmo hau. Egia horiek erraitearekin, bere garaikideak sustengatu nahi zituen, zeren paganoak buruaren altxatzen ari baitziren. Zuhurtzia liburua juduentzat izkiriatua izan zen, Alexandria hirian, 50 edo 30 Jesu Kristo aitzin, fededunek paganoeri buru egin behar zutelakotz. Liburuaren titulua da : « Salomonen zuhurtziaren liburua », Salomon hila zelarik 900 urte hartan. Horra hor froga, juduentzat egina zela, paganoen arrazoineri ihardokitzeko.
Pasarte huntan gaia heriotzea da. Juduek ala grekoek badakite denek hil behar dutela, bainan, heriotzearen aitzinean badire bi jokabide : paganoarena : egin dezagun nahi duguna, plazer osoa har dezagun, denak ahantziko baitira laster. Heien gogoetak hauek dira : « Arrazoin makurrez elkarri diote : « Laburra eta trixtea da gure bizitza ; azkenerat heltzean ez da ihesbiderik eta guk dakigula, nehor ez da itzuli Hilen Egoitzatik…Beraz, goza gaitezen oraiko ontasunez ; goza gaitezen mundu huntaz, gazte eta suhar. » (Zu 2, 1...6)
Juduarena bertzelakoa da. Harentzat, oraidanik, gure bizia eternitate-hazia da : « Jainkoak gizakia ez-hilkor izaiteko kreatu du eta bere izaitearen idurira egin du. » Menturaz, lur huntan ongi bizi direnak ez dira behar den bezala saristatuak, bainan Jainkoak justizia eginen du. Zuzengabekeriaren aitzinean, fedea duenak dio: « justizia betierekoa da. » Bai, paganoak tronpatzen dira: « Ez dituzte ezagutzen Jainkoaren asmo gordeak, ez dute Jainkozaletasunari dagokion saririk espero, ez dute sinesten bizitza estakurugabeari dagokion ohorean. »
Huna azken erranaldia: « Debruaren bekaizkeriaz sartu da herioa munduan eta harenak direnek jasanen dute. » Hemen ez da gorputzeko heriotzea aipu. Heriotze izpirituala da aipu, Jainkoa gabe izaitea. Zuhurtzia liburuaren arabera justuak baizik ez dira piztuko, paganoak aldiz ez. Jesu Kristoren etortzea igurikatu beharko da sinets ahal dezagun denak piztuko girela, ezen : « Jainkoa, gure bihotza baino handiagoa da. »