urteko hamalaugarren igandea B
Lehen irakurgaia
( Profeta, jende bihurriari igorria )
Ezekiel profetaren liburutik 2, 2-5
2 Izpiritua sartu zitzaitan barnera, xutik ezarri ninduen,
eta entzun nuen Jauna neri mintzo, erranez :
3 “ Gizaseme, Izraelen semeenganat igortzen zaitut, nere kontra altxatu jende bihurri horrenganat. Horiek eta horien arbasoak nere kontra altxatu dira gaurdaino, eta semeek aurpegi zakarra dute eta bihotz gogorra.
4 Horienganat igortzen zaitut, eta erranen diozute : Hunela mintzo da Jainko Jauna.
5 Orduan, heiek, entzun ala ez entzun, - herri bihurria baitira -
jakinen dute profeta bat badutela beren artean. ”
Ezekielek testu hau idatzi zuenean, juduak Babilonian ziren, desterruan, 597az geroz. Beren aberri eta tenplotik urrun beraz. Ezekielek ikuskari harrigarri bat ukan zuen, ezin erranezkoa, hain zituen gauza ederrak ikusi profetak. Jainkoaren tronutik jalgi suak hartu zuen eta emana izan zitzaion eginkizunari buruz indarrean ezarri.
Alabainan Jainkoak Ezekieli galdatzen zioena ez zen zerbait errex. Testu huntan senditzen da bertze populuen sinesteetarat lerratzerat ekarriak zitezkeela izraeldarrak. Hitzak dorpeak dira : “…Igortzen zaitut nere kontra altxatu jende bihurri horrenganat…horiek eta horien arbasoak nere kontra altxatu dira gaurdaino, eta semeek aurpegi zakarra dute eta bihotz gogorra…Orduan, heiek, entzun ala ez entzun- herri bihurria baitira… » Lehenago ere Mois bera populu hortaz pleinitu zen . “Ez ahantz, Jauna, zuen Jainkoa basamortuan sumindu zinutela, Egiptotik atera eta hunat heldu arte bihurriak izan zirezte Jaunaren kontra. Jaunak zuen suntsitzea ere erabaki baitzuen… » (Dt 9,7-8)
Bainan profeta ez da bakarrik. Jainkoa berekin du : “Izpiritua sartu zitzaitan barnera, xutik ezarri ninduen.„ Beraz zabaltzen duen mezua ez du berea, Jainkoaren mezua da. Eta Goikoak kuraia emaiten dio : “Zu, gizon, ez horien beldur izan; erraiten dutena erran, ez beldur izan, nahiz eta horiek zure kontra lahar eta elorri izanen diren, ezkorpionen gainean jarririk bazina bezala; horiek erranaren beldur ez izan, ez ikara horien aitzinean, herri bihurria baita…“ (Ez 2,6)
Bai herri bihurria da Izrael herria, bainan Jainkoak ez du bere batasuna hausten. Beti leial dago.“ Heiek entzun ala ez entzun- herri bihurria baitira- jakinen dute profeta bat badutela beren artean.“ Erran nahi baita Jainkoa beti mintzo zaiotela, aitzina deitzen dituela.