Urteko hamaseigarren igandea B
Lehen irakurgaia
( Zein diren Jainkoaren herriaren artzain onak )
Jeremi profetaren liburutik 23, 1-6
1 Hau dio Jaunak:
Dohakabeak nere larreko ardiak galtzera eta barreiatzera uzten dituzten artzainak !
2 Beraz, hunela mintzo zaiote Jauna, Izraelen Jainkoa, nere herria gidatzen duten artzaineri : Zuek barreiatu eta galarazi dituzue nere ardiak, eta ez duzue heietaz artarik izan.
Nik bai, zuetaz arta izanen dut, zuen gaixtakeriengatik, dio Jaunak.
3 Gero, nihaurek bilduko ditut nere artaldearen ondarrak,
barreiatu nituen lurralde guzietarik. Beren larreetarat ekarriko ditut berriz, haziko dira eta ugarituko.
4 Ongi zainduko dituzten artzainak sortuko diozkatet;
ez dira nehoiz beldurtuko, ez izituko, eta ez da bat ere galduko, dio Jaunak.
5 Horra egunak, dio Jaunak, Dabidi muskil zuzen bat sortuko baitiot. Egiazko errege izanen da, zentzuz ariko da, zuzentasuna eta justizia ezarriko ditu lurrean.
6 Haren egunetan Juda salbatuko da, eta Izrael segurtasunean biziko. Eta izen hau emanen diote : “ Jauna gure justizia.”
Erregeaz mintzatzeko, artzainaren irudia erabiltzen ohi zen Iguzkialde Hurbilean. Errege-makila artzain-makila makoduna zen. Eta Izraelen are gehiago : David ez ote zen artzain xoil bat errege tronuan jarri aitzin ? Errege onari artzain ona erraiten zitzaion, bere artaldea, erran nahi baita bere herria, ontsa zerabilena.
Zorigaitzez Izraelgo erregeen historia ez da artzain on zerrenda batena. On baino gehiago tzar izan zen. Beren herriaren zurgatzaile, anitzak. Profetek berenak erraiten ziozkaten. Hala nola Jeremik, egungo irakurgaian. J.K. aitzineko 6.mende hasteko gertakarietaz ari da. Jerusalem babiloniarrek hartua eta xehatua izanen da, herria desterratua Babiloniarat, eta Judako erregeak behin betikotz xahutuak. Jainkoak herria segurtatzen du bera izanen dela geroan Izraelgo errege. Ezen nor da, azkenean, Izrael herriaren erregea, Jainkoa bera ez bada, 22.salmoak dion bezala :
“Jauna dut artzain, ez naiz egonen beharrean...” Izraelen esperantza zen, noizbait, azkenean, bere artetik errege on bat aterako zela. Luzaz amestu errege hura Mesias izan behar zen. Hari hortarik doa gaurko irakurgaia : “Gero, nihaurek bilduko ditut neure artaldearen ondarrak...beren larreetarat ekarriko ditut berriz, haziko dira eta ugarituko.”
Gero ideia bera beste irudi baten bidez emaiten dauku Jeremik : “Davidi muskil (edo ozi) zuzen bat sortuko (diot). Egiazko errege izanen da, zentzuz ariko da, zuzentasuna eta justizia ezarriko ditu lurrean. “Emeki-emeki, “ozi” edo "Daviden ozi” Mesiasen izen-orde bilakatuko da. Profeten bidez, ideia hori herriaren gogoan eta sinestean sartuko da : “Harek baizik ez zezaken ekar “zuzentasuna eta justizia.”
Trufatzekorik ez da, bainan Judako azken errege zorigaitzekoak 587an Babilonerat burdinetan joan behar zuenak, Zedeziaz zuen izena, erran-nahi baita “Jauna ene justizia”. Bainan “izena izana”, erran zaharra, gezurtatu zuen, Jainkoaren alderat leialtasungabea izan baitzen. Ironiaz, Jeremik Mesiasi izen hori bera emaiten dio : “Jauna gure justizia”, jakinik harek egiaztatuko duela.