Urteko hamazazpigarren igandea B
Lehen irakurgaia
( Elizeok ogiak ugaltzen )
Erregeen bigarren liburutik 4, 42-44
Gosetea zen orduan herrian.
42 Uzta berritik, norbaitek ekarri ziozkan Elizeo, Jainkoaren gizonari, hogei garagar-opil eta bihi berria zaku batean.
Elizeok erran zuen: “ Eman jendeari, jan dezaten. ”
43 Mutilak ihardetsi zuen: “ Nola huntarik eman ehun gizoneri ?” Elizeok berriz: “ Eman jendeari, jan dezaten, hau baitio Jaunak: Janen dute , eta ondarrak geldituko dira.”
44 Orduan eman zioten, jan zuten, eta ondarrak gelditu ziren,
Jaunak erran bezala.
Elizeo profeta Iparraldeko erresuman bizi izan zen 850 eta 800 Jesu Kristo aitzin. Haren ixtoria irakurtzen da goxoki ipuin pollit bat bezala. Eli profet handiaren dizipulua izana zen. Huna zer dion Ben Siraken liburuak, 200 urte Jesu Kristo aitzin : « Eli zirimolan desagertu zenean, haren izpirituaz bete zen Elizeo. Bere bizitzan ez zuten buruzagiek ikaratu, nehork ere ez menpean hartu. Deus ezinezkorik ez zen harentzat, heriotzeko loaldian ere profeta izan zen. »
Elizeok ez du bizkitartean idatzirik utzi, bainan egin zituen mirakuiluek eta erran zituen suzko hitzek Izrael hunkitu zuten. Izraeleko erregeak ezagutzen zituen eta beldurrik gabe egiak erraiten ziozkaten, eta haren hitzak onartzen zituzten, baitzakiten « Jainkoaren gizona » zela. Ardura erasiak egiten ziozkaten, zeren Iparraldeko erresuma idolatrian bizi baitzen. Politikan ere sartzen zen. Egun batez ausartatu zen, Akazias erregea bidaian zelarik eta Elkargoa ez zuelakotz errespetatzen, haren partez bertze errege baten, Jehuren, sakratzera.
« Jainkoaren gizon » bezala ezagutua zen mirakuilu ainitz egiten zuelakotz. Hemen biga aipatuko ditugu : Xunamiten familiako haur bat piztu zuen.
Bada ere ixtoria pollit bat, olioarena. Alarguntsa bat zorrez itoa zen eta han zituen hartzedunak ondotik, sosaren galdez; nahi ziozkaten bi semeak hartu esklabotako, sosik ez zuelakotz. Elizeori dei egin zuen, laguntza eske. Hunek erran zion : « Zer egiten ahal dut ? Zer ontasun duzu ? » harek errepostu : « Ez dut etxean olio xorta bat baizik nere buruaren gantzutzeko. » Zinez pobrea zen, eta alarguntsa zelakotz ez zuen gehiago usain onik ezartzen eta olioa ontzitegian zagon. Elizeok erran zion : « Zoazi, eska auzoeri ontzi hutsak, ahal dituzun guziak. Sar zaite gero etxean zure semeekin eta hets atea. Ixur olioa ontzi guzietarat eta, bete ahala, ezar denak bazter. Ontzi guziak bete ondoan gelditu zen olio-jarioa. »
Aipa dezagun igande huntako ogien ugaltzearen mirakuilua. Eliseok mirakuilua egin zuen jende pobren fagoretan, zeren Izrael herriak ardura idorteak jasaiten baitzituen. Ez dakigu garagar hogoi ogiek zer handitasun zuten; ez zitaken segurrenik aski denendako, zeren mutilak, bizpahiru aldiz, asmo hori burutik kendu nahi baitzion : « Nola huntarik eman ehun gizoneri ? » Elizeok errepostu egin zion : « Eman jendeari, jan dezaten, hau baitio Jaunak : janen dute eta ondarrak geldituko dira. » Mutilak aski zuen obeditzea, zeren Elizeok ausartzia ez zuen bere baitarik jalgitzen : « Hurbil da Jauna dei egiten diotenenganik, egiaz dei egiten dioten guzienganik. »