Urteko hamekagarren igandea B

Lehen irakurgaia

( Jainkoak landatu zuhaitza )

Ezekiel profetaren liburutik 17, 22-24

22 Hunela mintzo da Jainko Jauna : Zedro haundiaren gain gainetik,  bere adar muturretik, kenduko diot muskil bat,
eta nihaurek landatuko mendi gora baten gainean.
23 Izraelgo mendi handiaren gainean landatuko dut ; adarrak zabalduko ditu eta fruitua emanen; zedro guziz ederra eginen da. Etxe-xori guziak han biziko dira, mota guzietako hegaztiek kafia haren itzalpean eginen dute.
24 Eta lurreko zuhaitz guziek jakinen dute ni naizela Jauna :
zuhaitz gora aurtikitzen dut, eta aurtikia goratzen, zuhaitz hezea eihartzen, eta eiharra hostatzen. Nik, Jaunak erran dut, eta eginen.

Ezekielen parabola hunen konprenitzeko, historiari so bat egin behar zaio : J.K. aitzineko 597an Babiloneko errege Nabukodonosor Jerusalemez jabetu da. Erregea eta herriko jende anitz deportatuak izan dira Babilonerat. Horien artean Ezekiel profeta ere. Hamar urte geroago berriz haste : Jerusalem suntsitua izan da. Juduek dena galdu dute : lurra, erregea, Jainkoaren egoitza zaukaten tenploa. Jainkoak bere herria bere gisa utzi ote du ?
Bainan fedea, hain zuzen, ez ote da frogapenean garbitzen eta sendotzen ? Izrael, desterruan, berebaitaratu da, fedean azkartu. Bihozberritze horren sustatzailea Ezekiel izan zen. Herri zanpatuari esperantza ekarri zion. Besteak beste zedro ondoaren parabola hau kondatu zion. Zergatik zedroa, zuhaitz handi eta ospetsua ? Erregetzaren ezaugarri delakotz. Izraelgo erregea, atzerrian, zedro eroria da, eihartzen ari dena, bainan Jainkoak adar ttipi bat kenduko dio eta “landatuko mendi gora baten gainean...Izraelgo mendi handiaren gainean.” Mendi hori Jerusalem da. Eta “zedro guziz ederra eginen da”, hainbestetaraino nun gisa guzietako xoriak harat bilduko baitira, erran nahi baita mundu guziko herrialdeek han ukanen dutela bizi-leku eta salbamendu. Bai zinez, Jainkoak “ zuhaitz aurtikia goratzen du...eta eiharra hostatzen.”

Salmoa 91

Leloa: Hain ona baita, aipa Jauna !


On da Jaunaren aipatzea,
Jainkoa, zuri kantatzea.
Goizetan diot: zu zoin ona,
Eta gauez gau: zoin zuzena.

Zuzena nola palmondoa,
Nola zedroa, goiti doa.
Jainkoarenak palmen pare,
Hek betiere dena lore.

Fruitu badute, zahar ere:
Beti pitz eta gotor dire.
Dioten Jauna zoin den zuzen :
Nere harroka ez mugitzen.

“Nere harroka ez mugitzen.” Jainkoa harroka dela, Biblian ardura erraiten da. Harroka berezia. Izraeldarrak Egiptotik atera zirenean intzirika arizan ziren, egarri basamortuan. Jainkoaren erranetik, Moisek makilaz harroka jo zuen, eta ura jauzi zen burrustan. Ordutik Jainkoa “gure Harroka” ditu zuten Izraeldarrek.
Izraelek Harrokan aurkitu du bizirautekoa, Harrokan ezarri bere fedea eta konfiantza. Gauza bera da erraitea Jauna “nere Harroka”, eta salmo hastean : “Zu zoin ona, eta gauez gau zoin zuzena.” Harroka aipatzea Jainkoaren leialtasuna goraipatzea da. Eta zorion ala zorigaitz, Jaunaren goraipatzeak zer ongia egiten daukun ! San Agustinek zion : “ Gizakiak Jainkoarentzat egiten duen guzia, gizakiaren onetan da, eta ez Jainkoaren.”

Bigarren irakurgaia

( Jaunaren ondoan bizitzeko eginak gira )

Jondoni Paulok Korintiarreri 5,6-10

Haurrideak,
6 fidantziaz beteak gira beti,  nahiz eta badakigun, gorputz huntan gaudeno,  Jaunarenganik urrun gaudela desterruan.
7 Alabainan, sinestearen argiak gidatzen gaitu,  eta ez ikusten dugunak.
8 Bai, fidantziaz beterik gira, eta nahiago ginuke gorputz huntarik urrun desterratuak izan, Jaunarekin bizitzera joaiteko.
9 Nolanahi ere, gorputzean nahiz gorputzetik kanpo, Jaunari atsegingarri izaitera lehiatzen gira.
10 Zeren guziek Kristoren auzitegian agertu behar baitugu,
nork bere ordaina ukan dezan, saria ala gaztigua,  gorputzean bizi zelarik egin duenaren arabera.

 

Paulorentzat heriotzea sortze bat da. Orai, haurra amaren sabelean bezala gira, ilunpean : “Sinestearen argiak gidatzen gaitu, eta ez ikusten dugunak.” Bainan bizirat aterako girelarik argi betean izanen gira.
Ilunpe huntan beharrik argi zirrinta bat badugu : fedea. Hunek gaitu laguntzen bidean, hunek sortzera prestatzen. Nahiz ez dugun ikusten, bidean gira. Fedeak emaiten dauku gure biziaren eta heriotzearen sentsua. Eta hortakotz “fidantziaz beterik gira.” Paulok Filipeko girixtinoeri idazten zioten : “Neretzat bizitzea Kristo da, eta hiltzea irabazi bat. Bainan bizirik nagola, nere lanak fruiturik emaiten ahal badu, ez dakit zer hauta. Bi aldetarat tirakatua naiz : batetik, joan nahi nuke, Kristorekin izaiteko, hau anitzez hobea bailitaike; bainan bestetik, bizirik egon nadin beharragoa da zuentzat.” (Flp 1,21-23) Ageri da Paulok heriotzearen beldurra gainditua duela. Bainan ez da batere biziaz okaztatua : bakarrik, harentzat helburua da konda oroz gainetik, eta ez baitezpada harateko bidea, nahiz hau egin behar den hartarat heltzekotan. Bainan Paulo bezalako berri onaren hedatzaile batentzat zenbat traba bidean : ereiten bai, bainan zein guti hozitzen ! Guk ere ez ote dugu ardura “desertuan predikatzen” ? Hala ere Paulo bezala “fidantziaz beterik gira”, baitakigu ereile xoil girela, eta beste bat dela hoziarazle.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 4, 26-34

Jesusek parabolaka erran zuen:
26 “ Jainkoaren erreinua hazia lurrerat botatzen duen gizonaren idurikoa da:
27 gau eta egun, lo ala atzarririk dagoen, hazia sortzen eta handitzen da, harek nola ez dakiela.
28 Lurrak berez emaiten du fruitu: lehenik ondoa, gero burua , azkenean buruaren bete bihi.
29 Bihia zohitu orduko, igitaia emaiten zaio, uztaroa baita.”
30 Jesusek erran zuen oraino : “ Zeren iduriko egin ginezake Jainkoaren erreinua ? Edo zein parabolaren bidez adiaraz ginezake ?
31 Mustarda bihia bezalakoa da : lurrean ereitean, munduko hazi guzietarik ttipiena da.
32 Erein eta gero, goiti egiten du, eta beste baratzekari guziak baino handiagoa bilakatzen da.  Adar handiak zabaltzen ditu,
zeruko xoriek kafia egin baitezakete haren itzalpean.”
33 Holako parabola ainitzen bidez, Jesusek Jainkoaren Hitza iragartzen zioten, konpreni zezaketen heinean.
34 Ez zioten deus erraiten parabolaz baizik,  bainan bere dizipulueri, berex, denak argitzen ziozkaten.

Jesus, gehienetan, jende xeheari mintzo zen. Hemen ere “Jesusek parabolaka erran zuen”, jendeen egun guzietako esperientzieri dei eginez. Hala ere zein nekez konprenitzen zuten Jesusen erakaspena. Adibidez gaurko Ebanjelio zati huntan Jesusek Jainkoaren erreinua zer den konpreniarazi nahi lieke.
Orduko jendearen gogoan “Jainkoaren erreinua” lur huntako erregeen erreinua bezalako zerbait zen, Biblia bera ere bide hortarik ari baitzen : “Jaunak zeruan ezarri du bere tronua, eta mundu osorat zabaltzen da haren erregetza.” (Sal 103,19) “Izigarria da Jauna, Goi-goikoa, mundu osoaren errege handia.” (Sal 47,3) Hots, Jainkoa beldurgarria da. Adibidez Mois herriari mintzo zaio ortzantz, ximixta, su eta lurrikaren erdian, mendi gora baten gainean. Hori bai zinezko Jainkoa ! Zer da burrunbarik gabeko Jainkoa ? Eli lehen profetak berak ez zuen Jainkoa bestela asmatzen. Apez pagano batzuren gainerat ihurtzuria deitu zuen, eta Jainkoak apez andana guzia han berean erre !
Bainan bestaldi batez Jainkoak erakutsi zion nolakoa den, egiaz, Jainko guziahalduna : “Jaunak Eliri erran zion : Atera zaite eta zaude mendian, Jaunaren aitzinean; Jauna pasatuko da.
Jaunaren aitzinean haize zakar batek indarrez jotzen zuen. Mendiak urratzen eta harrokak zartarazten zituen; bainan Jauna ez zen haizean. Haizearen ondotik lurrikara; bainan Jauna ez zen lurrikaran. Lurrikararen ondotik, sua; bainan Jauna ez zen suan. Suaren ondotik haize firfira bat...” ( 1 Erg 19,11-12) Elik konprenitu zuen Jainkoaren ahal handia ez dela ihurtzuri karrasketan, bainan haize leun goxoan. Hala ez balitz, Jainkoak zergatik hautatuko zuen Izrael bezalako herri ttipi ahul bat mundu guziari bere mezuaren helarazteko ? Zergatik hautatuko Mois bezalako ahomotel bat Egiptoko faraonari manatzeko ? Zergatik hautatuko Betlemeko artzain ttipi bat Goliat erraldoiaren aurtikitzeko ? Eta beste zenbat holako Biblian, erakusteko Jainkoak gauza handi eta miragarriak baliapide apalekin egiten dituela.
Horra parabolen irakaspena : Konfiantza osoa Jainkoa baitan. Hazi ttipitik uzta oparoak ateratzen ditu. Ereitea gure; uzta Jainkoaren.