Urteko hemeretzigarren igandea B
Lehen irakurgaia
( Eli profetari Jainkoaren ogiak indar emaiten )
Erregeen lehen liburutik 19, 4-8
Eli profeta ihes zoan Jezabel erreginaren beldurrez.
4 Egun bateko bidea egin ondoan basamortuan barna,
sasi baten itzalean jarri zen, eta heriotzea eskatu beretzat, erranez : “ Aski, Jauna ! Harrazu nere bizia, ez bainaiz nere arbasoak baino hobea.”
5 Gero, sasiaren itzalean etzan eta lokartu zen.
Bainan huna non aingeru batek hunki eta erraiten dion:
6 “Jeiki zaite eta jan !” Behatu zuen eta buru ondoan ikusi opil erre berria eta pitxer bat ur. Jan zuen, edan eta berriz etzan.
7 Bigarren aldikotz Jaunaren aingeruak hunkitu zuen, eta erran zion : “ Jeiki zaite eta jan ! Bestela bidea luzeegi liteke zuretzat.”
8 Jeiki zen Eli, jan eta edan zuen; gero, janari horrek azkarturik,
bide egin zuen berrogoi egun eta berrogoi gau Horeberaino, Jainkoaren mendiraino.
Huna hitz laburrez Eli profetaren historia. GalaadekoTixbe-koa, Tixbeko Eli zuen izen goitia, bainan bere izena Eliyyah zuen, edo « Nere Jainkoa Yah da », eta egiaz, bere bizia aski ongi biltzen duen izena, Kanako jendeen jainko, Baal borrokatu baitzuen.
Jezabel erreginak Akab bere senarraren jauregian idolatria hori sarrarazi zuen. Jesu Kristo aitzineko 875-850 urteetan gira irakurgai hunekin. Eliren historia, Erregeen lehen liburuan kondatua da. Egungo irakurgaiaren aitzineko bi gertakizun nagusiak hauek dira.
Lehena: idortea. Bederatzigarren mendean izigarriko idortea izan zen Ekialde Hurbilean. Laborantzatik bizi den zibilizazione batean, idorteak gosea eta heriotzea dakar. Gosete baten ondotik, lehengo zenbat herri ez da desagertu ! Jainkoak argiturik, Eli profetak goraki dio: « Jaunaren, Izraelen Jainkoaren biziaz haren zerbitzaria bainaiz: ez du ez ihintzik ez euririk eginen ondoko urteetan, ene hitzean baizik. » Bertzela erraiteko: Jainkoa da nagusi bakarra, Baal delakoak deusik ez dezake. Gero gerizan jartzen da, Jainkoak erran baitio: « Abia zaite hemendik, zoazi eguzkialderat eta gorde zaite Jordan ibaiaz bestaldean den Kerit errekaren ondoan. Errekatik edanen duzu, eta beleeri manatu diotet zuri harat jatera ekartzeko. » (1Erg 17,3-4) Idorteak iraunik, erreka agortzen da eta Jainkoak Eli urruntxago igortzen du, Sidonetik hurbil den Sarepta-rat. Han, alarguntsa pobre batek Eli laguntzen du, eta haren eskertzeko Elik mirakuiluak egiten ditu.
Bigarrena: Karmeleko sakrifizioa. Idortea hasi eta bi urteren buruan, euria eroriko dela jakinarazten du Jainkoak eta Akab erregeari hori mezutzerat Eli igortzen du. Bainan berri on hori mezutzea ez askiz, Elik bere Jainkoaren alde egoera nahi du baliatu. Baal sasi-jainkoaren profeteri erronka botatzen diote: zeruko sua, Baalen ala Izraelen Jainkoak igor dezake? Hordago beraz, Eli alde batetik eta Baalen lau ehun profetak bertzetik. Karmel mendian, aldare haundi bat eta erre-opariak antolatzen dituzte, bakotxak berea. Egun guzia Baalen profetak beren jainkoa deitzen dute, alferretan. Orduan, Eli otoitzean hasten da : « Jauna, Abrahamen, Isaaken eta Izraelen Jainkoa, adiaraz zazu gaur zu zirela Izraelen Jainkoa. » Eta berehala Jaunaren suak kizkaltzen ditu haren erre-oparigaiak. Jendea harriturik dago. Herri guzia alegrantzia osoan izanik, Elik Baalen profeta guzieri lepoa mozten diote. Jezabel erregina hasarre gorrian sartzen da eta Eli hil nahiz baitabil, hunek ihes egin behar du.
Hemen da igande huntako irakurgaiaren hastapena. « Eli profeta ihes zoan Jezabel erreginaren beldurrez. Egun bateko bidea egin ondoan basamortuan barna.. » Bere mutila Beer-Xeban utzi eta basamortuan sartzen da. Nekatua da, etsitua, eta bere buruaz lotsatua : « ez bainaiz neure arbasoak baino hobea. » Zergatik?
Bere bizia irriskuan du, bainan gehiago oraino : bere ezgaitasunaz ohartzen da. Ikara emaiten duen Jainko bat mezutu du eta kontra zituen guziak garbitu. Gehiago dena, bere Jainkoaren izaitearen frogak galdetu ditu: ez ote da Jalgitza liburuko arbasoen idurikoa, heiek beti Jainkoaren kontra marmarika ari baitziren, zerbait egin zezan ? Horra nun, bere ihesaldian, Jainko urrikalkorra aurkitzen duen. Bide luzearen egiteko behar duen janaria Jainkoaren aingeruak ekartzen dio eta erraiten: « Jeiki zaite eta jan! Bertzela bidea luzeegi liteke zuretzat. » Azkarturik, bide egin zuen berrogoi egun eta berrogoi gauez Horeberaino.
Ez da ustegabetarik joaiten harat : Jainkoa han agertu zitzaion Moisi. Sutan zen sasitik bere izena erran zuen eta bere herriaren alderako maitasuna agertu (Jal 3). Indarrean, haizean, ekaitzan, lur ikaran, Legearen harlauzak eman ziozkan Miosi (Jal 19); Jainkoaren aintza iragaitean, harroka-ziloan gerizatu zuen (Jal 33,21-23). Harroka-zilo hari buruz doa Eli : han du Jainkoaren egiazko aurpegia aurkituko, etorria baita Jainkoaren ezagutzan urrats bat gehiagoren egiteko tenorea.
Jainkoa guziahalduna da, bainan bere ahal guzia maitasunarena da, haize firfiran dagoena. Berrogoi egun eta berrogoi gau beharrezkoak ditu Elik bere buruaren prestatzeko. Bide luze hortan, bere bihozberritzearen epea, Jainkoaren aingeruak (erran nahi bait Jainkoak) dio jaterat emaiten. Mahain saindurat hurbiltzen giren guziz, Jainkoak berak gaitu gomitatzen: « Jeiki zaite eta jan, bidea luzea izanen baita. »