Urteko hemezortzigarren igandea B
Lehen irakurgaia
( Mana desertuko janaria )
Jalgitza liburutik 16, 2-4. 12-15
2 Basamortuan, Izraeldarren elkarte osoa marmarikan hasi zen
Moisen eta Aaronen kontra, erranez :
3 “ Ai, hobeko zen, Jaunaren eskuz hil bagine Egiptoko lurrean,
eltze beteka haragiak aitzinean jartzen ginenean, ogia asetzeraino jaten ginuenean ! Zuek basamortu huntarat ekarri gaituzue, elkarte osoa gosez hiltzera.”
4 Jaunak erran zion Moisi :
“ Huna, zerutik ogi-erauntsi bat eginaraziko dutala. Herria egunean egunekoa biltzera aterako da, eta horrela frogatuko dut, ea nere legearen arabera dabilan, ala ez.
12 Entzun ditut Izraeldarren erasiak. Erranen diozute : Arratsaldean haragia janen duzue, eta bihar goizean ogiz aseko zirezte.
Orduan jakinen duzue ni Jauna, zuen Jainkoa naizela.”
13 Arratsaldean kailak etorri ziren, eta kanpaleku osoa estali zuten ; eta biharamun-goizean ihintzez estalia zagon inguru guzia.
14 Ihintza airatu zenean, bazen lur gainean azal mehe bat, izotza bezalakoa.
15 Hura ikustean, elkarri galdezka hasi ziren Izraeldarrak :
“ Man hu ? ( erran nahi baita: Zer da hau? ) ”, ez baitzakiten zer zen. Moisek erran zioten : “ Hori da Jaunak janaritzat emaiten dautzuen ogia.”
« Zuek basamortu huntarat ekarri gaituzue, elkarte osoa gosez hiltzerat. » Pentsatzea ere holako itsuskeria bat Jainkoak bere populuarentzat asma eta egin dezakeela ezin sinetsia da. Alabainan murmurikak ez dira Moiseri buruz eginak, bainan bai Jainkoaren beraren alderat :
« Jaunaren kontra dira zuen marmarak » (Jal 16, 8). Moisek ez du Egiptotik ateratzea bere eginkizun bat bezala kontsideratzen, bainan dio Jainkoa dela hor arizan, beti eta denetan Jainkoa dela ari.
Marmarikak. Egiptotik atera eta libertatea eskuraturik izraeldarrak Jainkoaren goresten eta eskertzen ikusten dira : « Nere indar eta kantua Jauna !Hura nere salbamena. Nere Jainkoa da, hura dut ospatuko. » (Jal 15,2) . Bainan laster, desertuan urik ez baitute aurkitzen edo aurkitzen dutena ezin edana baita « Karatsa baitzen ! » (Jal 15,24) Kantuak utzirik, murmurikan hasten da populua.
Horra nola itzultzen diren. Jainkoa ote da aldatu, egoera aldatu delakotz ? Gertakizun hunek ederki erakusten du nolakoak giren, zein aldakorrak ! Ez, Jainkoa ez da aldatu : entzun ditu Izraeldarren erasiak eta mana igorri diote. Eta « igorri zaioten mana horrek iraun zuen Kanaanen sartu arte. » (Jos 5,12)
« Eta horrela frogatuko dut, ea nere legearen arabera dabilan, ala ez. » Herria frogatuko dut, ikusiko dut jakinen duenez nere eskertzen. Eta guk, denak ukanak ditugun hauek, badakiguia Jainkoa eskertzen ? Ez du iduri izraeldarrek Jainkoa asko eskertu zutela, gogoan zituztelakotz beti
Egiptoan jaten zituzten arrain, porru, tipul, baratxuri eta bertze gauza onak. Marmarikak ez ziren beraz ixildu.