Urteko hogeigarren igandea B
Lehen irakurgaia
( Zuhurtziaren mahaina )
Erran Zaharren liburutik 9, 1-6
1 Zuhurtziak bere etxea eraiki du, zazpi zutabe landu ditu.
2 Abereak hil ditu, arnoa prestatu, eta mahaina ezarri.
3 Bere neskatoak igorri ditu, eta hiri gainetan oihu egin :
4 “ Zuhurtziarik ez baduzue, zatozte niganat !”
Zentzugabeari erraiten dio:
5 “ Zatozte nere ogitik jatera, eta prestatu dutan arnotik edatera !
6 Utz xorakeriak, eta biziko zirezte;ibil zentzuzko bidean.”
Herri guziek badituzte beren erran-zaharrak, herriaren zuhurtziaren miraila direnak. Jerusalemen ere, Salomon erregearen denboratik, idazleek bildu zituzten gisa hortako ateraldiak, beren herrikoak edo atzerrietakoak, Egiptokoak besteak beste. J.K. aitzineko 5. menderainokoak, Bibliako “Erran Zaharrak” deitu liburuan aurkitzen ditugu.
Beste herriek ez bezala, Izraelek bazakien bere Erran Zaharrak bereziak zirela : ez ote ziozkan Jainkoak berak beharrirat xuxurlatuak. Jainkoaren zuhurtziaren oihartzunak ziren. Izrael ez zen guti harro holako altxorraz.
Irudiak irudi, Jainkoaren Zuhurtzia horrek Jerusalemeko mendixkaren gainean eraiki du bere etxea, zazpi zutabeduna (“zazpi”zenbakia betetasunaren sinboloa da) tenplo bat bezala. Bainan ez da handieriari bakarrik idekia. Etortzen zaizkion guzieri eskaintzen zaiote jateko eta edateko, nahikoa eta kitorik. “Zentzugabea” ere gomitatua da, zuhurtziaz hazirik, “zentzuzko bidean ibil dadin.”
Hemen gogoratzen zaiku Jesusek kondatu parabola : ezteietarat gomitatuena : “Jainkoaren erregetzarekin, bere semearen ezteiak egin zituen erregearekin bezala gertatzen dea. Mutilak igorri zituen ezteiliarren gomitatzera, bainan heiek ez zuten etorri nahi ukan.” (Mt 22, 2-3) Erran zaharren liburuan denak gomitatuak dira :”Zuhurtziarik ez baduzue, zatozte niganat!” Gomitaren errefusatzea, zentzugabe egoitea da. Zentzugabe hori, gutarik bakotxa da, guhaurena bakarrik aski bazaiku. Zuhurtzia Jainkoaren emaitza da. Onartzen badugu bide xuxenetik goatzi. Jainkoari buruz joaitea, horra egiazko zuhurtzia. Jainkoari bizkar emaitea, hori bai zozokeria, argiari eta biziari "ez" erraitea baita.