Urteko hogeita bosgarren igandea
Lehen irakurgaia
( Gaixtoak zuzena hil nahiz dabiltza )
Zuhurtzia liburutik 2, 12. 17-20
Gaizkia asmatzen dutenek beren baitan erran dute :
12 “ Heda ditzogun sareak zintzoari, aspergarri baitzaiku : gure bizimoldearen kontra dago, gure lege-hausteak aurpegirat botatzen dauzkigu, eta gure ohiduren kontrako hutsak salatzen.
17 Ikus dezagun erraiten duena egia den ala ez, iker dezagun nola bururatuko den.
18 Zintzoa Jainkoaren seme balinbada, Jainkoa etorriko zaio laguntzera, eta etsaien eskuetarik libratuko du.
19 Laidoak eta oinazeak jasanaraz ditzogun ; haren goxotasuna ezagutuko dugu eta pazientzia neurtuko.
20 Kondena dezagun heriotze lotsagarrira, erran duenaz geroz zaintzailea baduela.
Zuhurtzia, Bibliako azken liburua da, berezia, Egiptoan izkiriatua grekoz eta ez hebrearrez 30 edo 50 urte Jesu Kristo aitzin.
Alezandro Handiaren guduen ondotik, 330 irian J. K. aitzin, judu batzu bizitera joan ziren Egiptorat, Alezandria hirirat. Han mintzaira grekoa zelakotz, laster juduek beren hizkuntza galdu zuten. Hortakotz Biblia grekorat itzulia izan zen.
Alezandria hirian, zonbait judu leial egon ziren arbasoen erlisioneari, bainan ez zen pentsa dezakegun bezain errex : juduak grekoen erdian bizi ziren, eta bi erlisioneak osoki desberdinak. Judu batek, orai erraiten dugun bezala, integratzekotz behar zituen bazterrerat utzi bere ohidurak, hautatu behar zuen: edo urrun egoitea juduen erkidegotik eta irriskuak hartzea, edo bat egitea greko erlisionearekin. Juduek eztabada frango ukan zuten elgarren artean.
Gatazka horien erdian leial egoitea neke zen, zeren erlisioneko aharrak beti zorrotzak baitira. Beraz zer gertatu zen orduan? Leial egon zirenak hertsatuak izan ziren, ez grekoetaz, bainan beren anaietaz, zeren hauek ez baitzuten konzientzia lasai beren erlisionea utzirik.
Egungo idatzi hunek, egoera hori kondatzen dauku. Nehork ez daki nork izkiriatua izan den Zuhurtzia liburua, ez baita sinatua, bainan segur da fededun batek egina dela, anaieri kuraia emaiteko, eta erraiteko beharko dutela hautu bat egin : leialtasuna nekea da eta kontra diren erakaspeneri iharduki beharko dute: « Gaizkia asmatzen dutenek beren baitan erran dute : « Heda ditzogun sareak zintzoari, aspergarri baitzauku: gure bizimoldearen kontra dago, gure lege-hausteak aurpegirat botatzen dauzkigu, eta gure ohiduren kontrako hutsak salatzen. »
Fededun batek, zer egiten ahal du anaiek hertsatzen dutelarik ? Fedeari bermatu, erranez: « Jainkoak ez nau bazterrerat utziko, ene Aita da eta ez nau utziko. » Konfiantza hori aurpegirat botatzen diote hertsatzaileek, erranez handinahiak direla : « Ikus dezagun erraiten duena egia den ala ez, iker dezagun nola bururatuko den. Zintzoa Jainkoaren seme balinbada, Jainkoa etorriko zaio laguntzera eta etsaien eskuetarik libratuko du. Laidoak eta oinazeak jasanaraz ditzogun; haren goxotasuna ezagutuko dugu eta pazientzia neurtuko. Kondena dezagun heriotze lotsagarrira, erran duenaz geroz zaintzalea baduela. »
Berehala Jesusi pentsatzen dugu; haren jokabideak nardatzen zituen juduen buruzagiak, erakaspen emailea zelakotz. Kaifek erran zioten:« Hobe duzue gizon bakar bat herriarentzat hil dadin, herri osoa sunsitua izan baino? » Bainan Zuhurtzia liburua ez da Jesusez mintzo : bere garaikideeri kuraia emaitea du helburu.
Zuhurtzia liburuaren irakurleek badakite Jainkoak ez dituela profetak beren ber utzi, ez duela ere bide bazterrean uzten ahal leial egoiten zaion fededuna: « Justuen arimak Jainkoaren eskutan daude, oinaze batek ere ez ditu hunkiko. » Atxik ! egiazko zuhurtzia leial egoitea baita.